Protestak herrialde arabiarretan

Mubaraken ministrorik gabeko gobernua eratu dute Egipton

Sharaf lehen ministroak Barne, Justizia eta Atzerri ministro berriak izendatu ditu trantsizioari ekiteko

Erredakzioa
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Trantsizioari bide egiteko Esham Saraf lehen ministro berriak Hosni Mubaraken garaiko ministrorik gabe osatu du lan taldea. Besteak beste, atzo hartu zuten kargua barne, justizia eta atzerri ministro berriek Indar Armatuen Kontseilu Gorenaren aurrean. Hauteskundeak egin bitartean herrialdean normaltasuna berrezarri nahi du lehen ministroak.

Otsailaren 11n Hosni Mubarak agintetik bota zutenetik haren jarraitzaileen esku jarraitzen zuten hainbat ministeriok. Herritarrek iragan erregimeneko kideak gobernutik kanporatzea exijitzen jarraitu dute, eta, atzo, horien eskakizunak bete zituzten.

Anaia Musulmanek pozez hartu dute Sharafek izendatu duen gobernua, «ustelkeriaren sinboloak boteretik kendu dituelako». Trantsizio gobernuaren egitekoa oso garrantzitsua dela azpimarratu dute; segurtasuna berrezarri behar du eta herritarrak Poliziarengan konfiantza berreskuratzea lortu behar du.

Mansur el Essaui da Egiptoko Barne ministro berria. Izendapena, asteburuan herritarren eta polizien arteko liskarren ostean heldu da. Hainbat hiritan herritarrak polizia etxeetan sartzen ahalegindu ziren dokumentu garrantzitsuak hartzeko, polizia arduradunek erre aurretik. Karguan haren aurrekoa izandakoa protestak hasi ostean izendatu zuen Mubarakek, baina manifestariek hura kanporatzea eskatu dute, trantsizioa erabatekoa izan dadin. Essauik segurtasuna berrezarri nahi du. Polizia gehienak, baina, ez dute lanera itzuli nahi, herritarren erasoen beldur baitira; iraultzan gogor egin zuten manifestarien aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.