Mugak kontrolatu nahian, eskubideak kolokan

Gaur sartuko da indarrean Europako Batasunak duela bi urte baino gehiago iragarritako Migrazio eta Asilo Ituna. Mugak kontrolatzea eta «elkartasuna banatzea» du helburu, baina, gaur-gaurkoz, migratzaileen eskubideak ez daude bermatuta.

Migratzaile talde bat Greziako Kreta uhartera iritsi berritan, iragan uztailean. YANNIS KOLESIDIS / EFE
Migratzaile talde bat Greziako Kreta uhartera iritsi berritan, iragan uztailean. YANNIS KOLESIDIS / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 12a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak 2023ko abenduan iragarri zuten Migrazio eta Asilo Itun berriaren sorrera, eta azken urteotako akordiorik garrantzitsuenetako bat zela adierazi zuen orduko hartan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Berez, itunaren helburua argia da: Europako estatuen artean oreka lortzea eta estatu kideen arteko elkartasuna sustatzea, testuak dioenez. Praktikan, ordea, pitzadurak izango ditu eredu berri horrek. Federico Pasetti CIDOB ikerketa zentroko migrazio gaien arduradunak eta Alberto-Horst Neidhardt EPC European Policy Center think tank-eko aniztasunaren eta migrazioaren gaineko Europako programaren buruak adierazi dutenez, talde komunitarioko estatu kideak ez daude prest konpromisoak betetzeko.

Pasettiren hitzetan, «beharrezkoa» zen aldaketa bat egitea, aurreko sistemak ez zuelako funtzionatzen: «Marko normatibo bat behar zen, EBko kide diren estatu guztien artean berdintasuna, homogeneotasuna eta koordinazioa egon zedin. Eta honek, teorian, hori eman beharko luke». Hala ere, Pasettik azaldu du hitzarmen horren bidez Europak beste pauso bat emango duela «politika murriztaileak» ezartzeko bidean.

Neidhardtek azaldu du itunak «faktore politikoak eta praktikoak» dituela oinarrian. Eta helburua zera dela: «Asilo sistemaren funtzionamendua hobetzea eta, era berean, kezka politiko zabalagoei erantzutea». Baina, adierazi duenez, ikusteko dago erreformak «kezka horien zergatiei» heltzen ote dien edo ez, eta espero dituzten emaitzak lortzeko bidea den edo ez.

Neurri horiei dagokienez, Pasettik hitzarmenaren «kalitatea» kritikatu du. Izan ere, adituaren hitzetan, lehengo arazo berak izango dituzte orain. «Itun honetan ere islatu dira lehen zerbaiten gainean ados jartzea eragozten zuten elementu guztiak». Azpimarratu duenez, «elementurik murriztaileenetan» etorri dira bat EBko kideak. Baita prozedura horien gaineko ardurak beste herrialde batzuen gainean uzteko ere. Izan ere, beste herrialde batzuk sartuko dituzte tartean, migratzaileen kudeaketaz ardura daitezen.

Duela bi aste adostu zuten beste herrialde batzuetan itzulitakoen erroldak zabaltzea. Pasettik azaldu du horrek aukera ematen duela asiloa Europatik kanpo dagoen lurralde batean kudeatzeko, eta salatu du horrek «eraginkortasuna» oztopatuko duela. Izan ere, ikerketetan oinarrituta adierazi duenez, migrazioaren kudeaketa Europako lurraldetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta zailagoa izango da «eraginkorra eta bideragarria» izatea. «Eta giza eskubideei dagokienez, bermeak eta babesa asko murriztuko zaizkie», gaineratu du.

GAKOAK

  • Nahierako elkartasuna. Migratzaileei eta asilo eskatzaileei erantzuteko betebeharra izango dute talde komunitarioko herrialdeetako gobernuek. Horretarako, bi modu izango dituzte —elkartasun malgua deitu dio EBk—: kontinentera iristen diren asilo eskatzaile guztietatik estatu bakoitzak urtean 30.000 pertsona hartzea, edo sarbidea ukatzen dieten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaintzea. 
  • Migrazio «krisia». Krisia jasaten ari diren estatu kideek aukera izango dute beste estatu kide bati laguntza eskatzeko, baina estatu horrek ahalmena izango du lagundu edo ez erabakitzeko. Lagunduz gero, hiru modutara egin ahal izango du: iheslari batzuei asiloa emanez; krisia jasaten ari den estatuari asilo eskatzaileen tramiteak egiten lagunduz; edo laguntza ekonomikoa emanez.
  • Miaketaren araudia. Mugetako Poliziako agenteek tresna berriak erabiliko dituzte migratzaileen beharrezko datuak jasotzeko; besteak beste, adinaren, jaioterriaren, hatz marken eta osasun egoeraren berri izateko. Hori iritsi eta zazpi eguneko epean egin beharko dute, asilo eskaeraren prozesua hasi aurretik. 
  • Eurodac araudia. Migratzaileei buruz jasotzen duten informazio guztia estatu kideen datu base bateratu batean geldituko da gordeta —migratzaileak 6 urte baino gehiago izan behar ditu horretarako—.
  • Asilo eskaeraren prozesua. Bi bide erabiltzeko aukera izango dute asilo eskaerak kudeatzeko: ohikoa —gutxienez sei hilabetekoa izan ohi da prozesua, eta hamabost hilabetez ere luzatu daiteke—; eta, migratzaile ugari iristen diren boladetan, azkarragoa izango den bat —gehienez ere hamabi astekoa—. Azken horrek kritikak jaso ditu, prozedura azkartuta berme legal gutxiago izango dituelakoan.
  • Beste herrialde batera bideratzea. Bide horrek aukera ematen die Europako Batasuneko estatu kideei asilo eskaera bat ez onartzeko, beste herrialde batean babesa jaso badezakete, teorian herrialde hori segurua delako. Migratzailea herrialde horretara bidaltzeko, hiru irizpideotako bat bete behar du: lotura bat behar da hirugarren herrialdearen eta asilo eskatzailearen artean; iheslaria herrialde seguru batean egon izana EBra iritsi aurretik; edo akordio bat egotea beste herrialde horrekin.

Neidhardtek gogorarazi du itunak esplizituki adierazten duela testuinguru horretan egiten diren ekintza guztiek errespetatu behar dituztela «oinarrizko eskubideak eta nazioarteko betebeharrak». Hala ere, azaldu du ezen, aldaketak ezarri arren, EBko gobernu askok asilo sistemaz arduratuta jarraituko dutela, «batez ere etorkizunean migratzaileen kopuruak handitzen jarraitzen badu». Horregatik, Neidhardtek aurreikusi du beste herrialde batzuekin lankidetzan jardutea «garrantzitsua» izango dela EBren migrazio politikan. «Erronka izango da modu eraginkorrean ikuskatzea eta oinarrizko eskubideak bermatzea», gaineratu du.

«Erronka izango da modu eraginkorrean ikuskatzea eta oinarrizko eskubideak bermatzea»

ALBERTO-HORST NEIDHARDT EPC 'Think tank'-eko kidea

Pasettik, baina, uste du arautegi berriaren ondorioz zaildu egingo dela migratzaileen eskubideak, haientzako harrera egokiak eta prozedura estandarrak bermatzea. Izan ere, arautegi berriak prozedura azkartuko du, esaterako, mugetako asilo eskaeretan. Jakina da, hainbat ikerketatan hala ikusi dutelako, prozedura horiek bizkortuta berme legal gutxiago edukiko dituela migratzaileak. Adibidez, interprete bat edukitzeko bermea, bere egoera zein den azalduko diona edota asilo eskaerarako elkarrizketa egiten lagunduko diona.

Neidhardtek azaldu du paperik gabe iristen diren migratzaile askorentzat prozesuaren lehen etapak «egituratuagoak eta murriztaileagoak» izango direla, itunak «derrigorrezko kontrol prozedurak» ezartzen baititu. Alegia, praktikan, lehen baino migratzaile gehiagori aztertuko dietela euren kasua «mugan bertan edo mugatik hurbil», asilo sistema arruntean sartu baino lehen. «Migratzaileen esperientzia are gogorragoa izango da, eta are eskubide gutxiago izango dituzte», esan du Pasettik

Elkartasuna, «malgua»

Orain, asilo eskatzaileei erantzuteko betebeharra izango dute talde komunitarioko kide guztiek, baina hori hainbat modutara egin dezakete. Esaterako, kontinentera iristen diren asilo eskatzaile guztietatik estatu bakoitzak pertsona kopuru bat ezarriz, edota herrialdera sarbidea ukatzen dioten pertsona bakoitzeko diru kopuru bat ordainduz.

Neidhardtek azaldu duenez, itunaren funtzionamendua «herrialdeek beren erantzukizunak eta elkartasun konpromisoak betetzearen menpe» dago. Pasettik, berriz, salatu du era horretan ez dela benetako elkartasuna erakusten. Izan ere, haren ustetan, EBko kide guztien artean banatu beharko lituzkete EBra heltzen diren pertsonak. «Integraziorako irtenbideak aurkitu beharko litzaizkieke, Europan baldintza duinetan bizi ahal izateko eta haiek Europako gizarteari lagundu ahal izateko».

«Migratzaileen esperientzia are gogorragoa izango da, eta are eskubide gutxiago izango dituzte»

 FEDERICO PASETTI CIDOB ikerketa zentroko kidea

Horrez gain, ituna egiteko orduan iritzi publikoak izan duen garrantzia azpimarratu du Pasettik. Azaldu duenez, itunak migratzaileak kanporatzea eta sorlekura itzultzea errazten du, prozedura hori ere azkartu egiten delako. Eta, gaineratu duenez, EBko herrialdeei hitzarmenak bide ematen die migratzailea «abandonatzeko, bizimodua berreraiki ezin duen herrialde batean». Izan ere, bertan ez daukate inolako loturarik, ezta kontakturik ere. Eta hori, zertarako? Argi dauka erantzuna Pasettik: «Iritzi publikoari erakusteko gogor jokatzen dutela migrazio kontuetan, eta paperik ez dutenak kanporatu egiten dituztela».

Bi urte dira itun berriaren sorrera iragarri zutela, baina hala Pasettik nola Neidhardtek argi utzi dute EBko herrialdeak ez daudela prest itun berriari ekiteko. Pasettiren hitzetan, sistema berrian beharrezkoa izango den guztia ez dago martxan —adibidez, sistema informatiko bat ezarri nahi dute herrialdeen artean informazioa partekatzeko eta asilo eskaerak eta itzulera aginduak kudeatzeko—, eta herrialde askok ez dute oraindik hori ezartzeko planik aurkeztu. «Erdibidean gaude, oraindik», esan du Pasettik. Neidhardt ere bat dator, baina ez du uste harritzekoa denik. Azaldu duenez, EBko estatu kide gehienek «erronka handiei» egin behar izaten zieten aurre lehengo sistemarekin, eta «mugak» izan dituzte erreforma hauetarako prestakuntzan, «finantza, administrazio eta politika arloetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA