Mugako irlan troparik ezingo dute eduki Nikaraguak eta Costa Ricak

Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak konponbidea eman dio bi herrialdeek urteetan izan duten gatazkari

Erredakzioa
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak konponbidea eman dio mugaren harira Nikaraguak eta Costa Ricak urteetan izan duten gatazkari. Aurrerantzean, ez batak ez besteak ezingo dituzte Isla Portillos mugako ingurura troparik bidali.

Aho batez hartu dute erabakia, Hisashi Owada Hagako auzitegiaren presidenteak aitortu duenez. «Alde biek ezingo dituzte mugako gatazka eremura ez troparik, ez soldadurik, ez kanoirik, ez poliziarik eta ez zibilik bidali», dio ebazpenak. Salbuespen gisa, ingurumena babesteko ardura duten langile zibilak bidali ahal izango ditu Costa Ricak, «baina soilik hezeguneetan kalte konponezinak saihesteko beharrezkoa denean». Kasu horretan, Costa Ricak Nikaraguari jakinarazi beharko dio bere erabakia.

Nikaraguak Isla Calero inbaditu zuela salatu zuen Costa Ricak joan den azaroan Nazioarteko Justizia Auzitegian, eta behin-behineko neurriak eskatu. Bi herrialdeen arteko muga San Juan ibaiak zehazten du, eta liskar handiak sortu ditu mendeetan bi auzokideen artean.

Costa Ricaren arabera, Managuako gobernuak ibaiaren itsasoratzea aldatu nahi du, muga artifizialki aldatzeko. Nikaraguak, ordea, 1858ko Cañas-Jerez itunari eusten dio. Haren arabera, iparraldeko ertza eta ibaiko urak Nikaraguarenak dira, eta hegoaldeko ertza, berriz, Costa Ricarena. Azken horri ibaian nabigatzeko baimena ere aitortzen dio hitzarmenak, baina merkataritza helburuekin soilik.

2009an ere Hagako auzitegian amaitu zuen bi herrialdeen arteko liskarrak. Hagak 1858ko ituna errespetatzeko eskatu zien bi aldeei, baina mugaren gatazkak bere horretan dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.