HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak urtero giza eskubideen inguruan kaleratzen duen txostena argitaratu du; dokumentu horretan azaldu dute Donald Trump AEBetako presidentearen politikek eta Txinaren zein Errusiaren «etengabeko» urraketek «legeetan oinarritutako nazioarteko ordena» kolokan jarri dutela. Gainera, ondorioztatu dute Sudanen «munduko krisi humanitariorik handiena» dutela, Europan eskuin muturrak politika arrazistak bultzatu dituela eta Israelek «historia hurbilean inoiz ikusi ez den mailara» eraman dituela gerra krimenak Gazan.
Errusia eta Txina
Kremlinek Ukrainako gerran zibilen aurkako erasoak areagotu zituen 2025ean, eta eraso horiek «gerra krimenak» izan daitezkeela uste du HRWek. Gainera, gerrako ehunka preso exekutatu dituela jakinarazi du, baita preso horiek «sistematikoki torturatzen» dituztela ere. Herrialdean bertan ere, Kremlinek are eta gehiago gogortu du gobernuari kritikak egiten dizkietenen aurkako errepresioa.
Horretarako, besteak beste, disidenteen aurka tratu txarrak eta akusazio faltsuak erabili dituztela salatu du GKEak. Esaterako, «atzerriko agente» eta «erakunde arbuiagarri» izendapenak erabili ditu Moskuk giza eskubideen aldeko ekintzaileak, GKEak eta kazetariak jazartzeko. HRW bera ere «erakunde arbuiagarri» izendatu zuen azaroan, eta legez kanpo utzi zuen. Preso politikoen kopuruak ere gora egin du azken urtean: Memorial GKEaren arabera, 2024an 805 preso politiko zeuden Errusian, eta 2025aren amaieran, 1.217.
Moskuk bezala, Pekinek ere gobernua kritikatzen dutenen aurkako jazarpena areagotu zuen iaz. Gainera, gaur argitaratutako txostenean jakinarazi dute Txinako Gobernuak «sistematikoki ukatzen» dituela adierazpen, elkartze eta erlijio askatasuna. Gaineratu dutenez, zaintza sistema zorrotzak eta zentsura erabiltzen ditu Pekinek gobernuaren aurkako adierazpenak egiten dituztenak zigortzeko.
Txostenean nabarmendu dute Pekinek hizkuntza eta kultura asimilazio politikak dituela abian Tibeten. Era berean, salatu dute «gizateriaren aurkako krimenak» egiten ari dela 2016tik Xinjiangen. GKEaren arabera, probintzia horretan ehunka mila uigur dituzte preso. Uigurrak musulman sunitak dira, eta Kazakhstanen, Kirgizistanen eta Uzbekistanen ere bizi dira. Pekinek kontzentrazio esparruetan ditu gatibu.
Gainera, txostenaren arabera, bai Pekinek bai Moskuk LGTBI komunitatearen aurkako neurriak areagotu dituzte, diskurtso feministak zentsuratu, eta, jaiotza tasaren jaitsiera dela-eta, abortuaren aurkako neurriak indartu.
Ekialde Hurbila
Israelek «historia hurbilean inoiz ikusi ez den mailara» eraman ditu gerra krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta ekintza genozidak. Gazako palestinarren aurka egindako erasoetan errefuxiatuen kanpalekuak eta zibilen guneak jo izana leporatu dio GKEak Tel Avivi, baita kazetariei, medikuei, eta giza laguntza garraiatzen zuten konboiei «nahita eta behin eta berriz» eraso egin izana ere. Gogorarazi dute Israelek giza laguntza erabat blokeatuta eduki zuela martxoaren hasieratik maiatzaren erdialdera arte, 11 hilabetez.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek 70.000 palestinar baino gehiago hil ditu 2023ko urrian Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik. Orain arte ukatu izan badu ere, Israelgo armadak iragan astean aitortu zuen kopuru hori benetakoa dela. Eta jazarpena ez da Gazara mugatzen. HRWen arabera, Israelgo militarrek 32.000 errefuxiatu palestinar kanporatu zituzten Zisjordaniako kanpalekuetatik. 1967tik inoiz ez zituzten horrenbeste palestinar beren bizitokietatik kanporatu Zisjordanian.
Sirian 2024ko abenduan Baxar al-Assaden gobernua erorarazi zutenetik izandako bilakaera ere hizpide izan dute txostenean. GKEak azpimarratu du gutxiengo etnikoen aurkako «masakreak» egin direla agintari berriek hasitako «trantsizioan». Armadak eta gobernuaren aldeko fakzioek alauien eta drusoen aurka egindako erasoak nabarmendu dituzte. Eta aipatu dute SDF Siriako Indar Demokratikoak gehiengo kurduko koalizioaren aurka egindako erasoetan ere zibilak jomugan izan dituztela gobernuaren aurkako indarrek, batez ere Turkiaren aldeko milizianoek.
Era berean, SDFri leporatu diote «egoera umiliagarrian» eduki dituela 40.000 preso Al-Hol eta Al-Roj esparruetan, Estatu Islamikoko kideak izatea egotzita. Al-Hol Siriako Gobernuaren kontrolpean dago urtarrilaren amaieratik. Damaskok arduragabe jokatzea egotzi zion SDFri, handik alde egiteagatik; SDFkoek esan zuten, ordea, ihes egin behar izan zutela, Siriako indarrak eraso egiten ari zitzaizkielako.
Iranen abenduaren amaieran piztutako protestak eta Teheranek haien aurka erabilitako indarkeria ere aipatu du HRWek. Datu ofizialen arabera, 3.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, eta hainbat GKEk zifra hori halako bi ere izan daitekeela iradoki dute. Gainera, HRWek salatu du Teheranek 2.000 preso urkatu zituela iaz, baita emakumeen aurkako indarkeria eta bazterkeria bultzatzen duten legeak indarrean daudela ere.
Saharaz hegoaldeko Afrika
NBEren arabera, «munduko krisi humanitariorik handiena» dute Sudanen, eta hori berretsi du HRWek. 2023ko apiriletik borrokan ari dira Sudango armada eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarra. Darfur eskualdean «hilketa orokortuak» egitea leporatu diete paramilitarrei txostenean; armadari, berriz, zibilen aurkako erasoak egitea. Gatazka horrek hamabi milioi desplazatu inguru eragin ditu.
Bestalde, Hego Sudango, Etiopiako eta Kongoko Errepublika Demokratikoko egoerak ere nabarmendu dituzte. Hego Sudango Gobernuak bizitoki eremuak bonbardatu dituela salatu dute; baita ere Etiopiako armadak, Eritreako soldaduek eta beste hainbat talde armatuk herritarren aurkako erasoak egin dituztela Tigray eskualdean (Etiopia). Bestetik, Kongoko Errepublika Demokratikoan herrialdeko armadak eta M23 Martxoak 23 gerrillak «gerra krimenak» egin dituztela adierazi du HRWek.
Latinoamerika eta Europa
Txostenaren arabera, Trumpen politiken eraginak eta eskuin muturraren normalizazioak giza eskubideen urraketei bide egin diete Latinoamerikan eta Europan. Esaterako, salatu dute El Salvadorrek AEBetatik deportatutako venezuelarrak desagerrarazi, atxilotu eta torturatu dituela. Gainera, ohartarazi dute hedabideak eta GKEak ixtea ahalbidetzen duten legeak onartu dituztela El Salvadorren bertan, Perun eta Ekuadorren. Salatu dute, halaber, Javier Mileiren gobernuak gizarte programetarako finantzaketa murriztu duela Argentinan.
Europan, alderdi politiko nagusien artean eskuin muturraren diskurtsoak normalizatu direla jakinarazi du HRWek, eta horrek bazterkeria eta arrazismoa indartzen dituela. Horrek eragina izan du talde komunitarioaren politiketan. Txostenean azaldu dutenez, Europako Batasunak migranteen iritsiera murriztu nahi izan du «kosta ahala kosta», eta horrek arriskuan jarri ditu giza eskubideak. Oroitarazi dute Alemaniak, Poloniak, Greziak eta Finlandiak asilo prozesuak eten dituztela, eta Italiak Albaniako deportatze zentroetara bidali nahi izan dituela migranteak.