Munduaren ordena izango dute ardatz Trumpek eta Xi Jinpingek

Bi presidenteek hainbat gai jorratuko dituzte bihar eta etzi, Pekinen. Besteak beste, merkataritza kontuak, Taiwanen egoera eta Irango gerraren bilakaera. Trumpek esan du ez duela Txinaren laguntzarik behar Irango gerra amaitzeko.

Donald Trump gaur, hegazkinean, Txinara iritsi berritan. EFE
Donald Trump gaur, hegazkinean, Txinara iritsi berritan. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 13a
16:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan, iritzi publikora begira gutxienez, Txina ez da egon Donald Trump AEBetako presidentearen lehentasunen zerrendan. Etxe Zuriko maizterrak beste alor batzuetan jarri du arreta; esaterako, gerretan, Karibe inguruan egindako operazio militarretan eta herrialdearen beraren «segurtasunean». Datozen egunetan, ordea, Txinan izango da Trump, eta Xi Jinping presidentearekin batzartuko da. Adierazi dutenez, landuko dituzten gaien artean daude munduko merkataritzaren etorkizuna, Taiwanen egoera, Ekialde Hurbileko gerra eta adimen artifizialaren mugak.

Euskal Herrian eguerdia zela iritsi da Trump Txinara. Alfonbra gorria prestatu diote, eta ostiralera arte egongo da han. Bihar bilduko da lehen aldiz Xirekin.

Trump 2017an izan zen Txinan azkenekoz, Xirekin biltzeko. Orduko hartan, aurreneko legealdia zuen Etxe Zuriko maizterrak; urtebete ere ez zeraman karguan, eta tonu onean jardun zuten. Hala ere, handik hilabete gutxira Trumpek muga zergak ezarri zizkion Txinari. Orduan hasitako merkataritza sokatira indarrean da gaur egun ere.

Iragan urrian elkartu ziren azkenekoz bi agintariak, Hego Korean —sei urte zeramatzaten bildu gabe—. Gerra komertzial betean zeuden bi aldeak orduan, baina, merkataritza alorrean urtebeteko tregoa egitea hitzartu, eta eten egin zituzten elkarri ezarritako neurriak. Hala, nabarmen baretu zen bi aldeen arteko tentsioa.

Oraingo honetan, berriz, espero da urrian adostutako su eten hori luzatuko dutela, baina beste zenbait kontu ere izango dituzte hizpide. Pekinek nahi du Trumpek alde batera utzi ditzala muga zergak eta Txinako merkataritza praktikei buruzko ikerketak. Washingtonek, berriz, hainbat eskari ditu. Besteak beste, Txinak AEBei Boeing markako bostehun hegazkin baino gehiago erostea nahi du Trumpek, baita bertako zenbait nekazaritza produktu ere —soja, esaterako—,  AEBetako laborantza sektoreari bultzada bat emateko. Gainera, Txinarekin «kooperazioan» aritu nahi du lur arraroen arloan.

Txinarentzat, Taiwango egoera da agendan dauzkaten gaietan garrantzitsuena, eta Xi horretaz ariko da Trumpekin. Azken urtean tentsioa areagotu egin baita  Txinaren eta Taiwanen artean. Esaterako, iazko apirilean Txinak maniobra militarrak egin zituen Taiwan «ohartarazteko», eta, azaroan, berriz, Tokiok adierazi zuen Txinak Taiwani eraso egingo balio «justifikatuta» egongo litzatekeela Japoniak eta AEBek «eraso militar bateratu bat» egitea, Japoniaren iraupena arriskuan egongo litzatekeela eta.

Taiwan 1949tik da independentea, baina Txinak bere lurraldearen partetzat dauka, eta «Txina bakarraren printzipioa» defendatzen du; herrialdearen batasuna, alegia. Trump kontraesanetan erori izan da Taiwanen eta Txinaren artean bandoa aukeratzeko orduan —iaz arma ugari saldu zizkion Taiwani, baina, era berean, %15eko muga zergak ezarri—, baina Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak iragan astean adierazi zuen AEBen helburua zera dela, bermatzea Taiwanen auziak ez dezan areagotu bi superpotentzien arteko tentsioa.

TRUMPEN ETA XIREN ARTEKO BILERAK 

  • 2017ko apirilean, Mar-a-Lagon (AEB). Orduan ezagutu zuten elkar Trumpek eta Xik, AEBetako presidenteak Mar-a-Lagon daukan luxuzko etxean. AEBetako presidentetzarako hauteskunde kanpainan Trumpek gogor kritikatu zituen Txinaren merkataritza jarduerak, baina, Xirekin batzartu ostean, esan zuen «aurrerapauso handiak» eman zituztela bi aldeen arteko harremana hobetze aldera. 
  • 2017ko uztailean, Hanburgon (Alemania). G20koen goi bileraren harira bildu ziren, eta Ipar Korearen programa nuklearra eta lotura ekonomikoak jorratu. Handik hilabete eskasera, Trumpek lehen urratsa egin zuen bi potentzien arteko merkataritza gerra pizteko bidean.
  • 2017ko azaroan, Pekinen. Trump lehen aldiz joan zen Txinara AEBetako presidente moduan. Esan zuten tonu onean jardun zutela, baina Trumpek muga zergak ezarri zizkion Txinari handik hilabete batzuetara.
  • 2018ko abenduan, Buenos Airesen. G20koen goi bileraren harira bildu ziren. Bi presidenteen arteko lehen bilera izan zen Trumpek Txinari muga zergak ezarri ostean. Tentsioa espero bazen ere, Etxe Zuriaren arabera «guztiz arrakastatsua» izan zen bilera. «Lankidetzan arituz bakarrik bete ditzakegu bakearen eta aurrerapenaren helburuak», esan zuen Xik.
  • 2019ko ekainean, Osakan (Japonia). G20koen goi bileraren harira bildu ziren, eta hainbat neurri adostu zituzten tentsioa baretze aldera. Besteak beste, AEBen muga zergak kentzea adostu zuten, eta Txinak konpromisoa hartu zuen AEBetako laborantza produktuak erosteko. Txinak, baina, ez zuen hitza bete, eta COVID-19a iritsi zen.
  • 2025eko urrian, Busanen (Hego Korea). APECeko kideen bileraren harira, Trump eta Xi berriro bildu ziren sei urteko etenaren ostean. Muga zergek goia jo zuten, eta bi aldeak merkataritza gerra betean murgilduta zeuden. Bilera horretan, urtebeteko tregoa egitea adostu zuten, eta elkarri ezarritako zigorrak eten zituzten.

Ekialde Hurbilak ere zeresana emango du bilkuran. Iranek itxita dauka Ormuzko pasabidea; kontrol zorrotza ezarria du, eta mehatxu egina du handik igarotzen saiatzen den edozein ontzi bonbardatuko duela. Pasabidea itxi izanak zuzenean eragin dio nazioarteko ekonomiari Ormuztik igarotzen da mundu osoko petrolio ekoizpenaren %20, eta Txinan ere nabaritu dira ondorioak —Iranen aliatu estrategikoa da Txina—. Hori dela eta, Pekin ere gerra noiz amaituko zain dago. Izan ere, Txinak milioi bat petrolio upel inguru inportatzen ditu egunean Irandik —Iranek esportatzen duen petrolioaren %80 Txinara doa—.

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Pekinen izan zen iragan astean. Adierazi zuen posible dela Ormuzko pasabidearen auzia «aurki» amaitzea, eta eskerrak eman zizkion Pekini, «ahalegin nekaezina» egin duelako krisiak okerrera egin ez dezan. Trumpek, berriz, gaur goizaldean esan du ez duela Txinaren laguntzarik behar Irango gerra amaitzeko: «Ez dut uste laguntza behar dugunik. Era batera edo bestera irabaziko dugu, modu baketsuan edo beste era batean».

Adimen artifizialari dagokionez, berriz, segurtasun bermeak ezartzea izango da helburua, The Wall Street Journal hedabidearen arabera. Bi superpotentziak kezkatuta daude azken urteetan adimen artifizialaren arloan egin diren aurrerapenekin —biek ala biek egin dituzte inbertsio handiak alor horretan—, eta berme batzuk ezarri nahi dituzte, adibidez, ekonomia eta segurtasun nazionala babesteko.

Bi herrialdeetako presidenteak batzartu aurretik, Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkaria eta He Lifeng Txinako lehen ministrordea Seulen batzartu dira gaur. Hego Korean eguerdia zela elkartu dira bi ordezkariak, bi aldeen arteko bilerei hasiera emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA