Munduko gastu militarrean azken hamabost urteetako hazkunderik handiena izan zen iaz

Joan den urtean, 2.200 milioi eurokoa izan zen gastua, inoizko kopururik handiena, eta 2022koa baino %6,8 handiagoa. Hurrenez hurren, AEBak, Txina eta Errusia dira defentsan gehien gastatzen duten herrialdeak, SIPRIren datuen arabera.

NATOko soldaduak entrenamendu militar batean, Korzeniewon (Polonia), martxo hasieran. ADAM WARZAWA / EFE
NATOko soldaduak entrenamendu militar batean, Korzeniewon (Polonia), martxo hasieran. ADAM WARZAWA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 22a
13:30
Entzun

Urtetik urtera handitu egin da munduko gastu militarra, eta iaz, gorantz segitzeaz gain, azken hamabost urteetako hazkunderik handiena izan zuen. SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak gaur argitaratutako txostenaren arabera, joan den urtean %6,8 handitu zen gastu hori. Horiek hala, txostenak emandako datuen inguruan ohartarazi du gaur SIPRIko ikertzaile Nan Tianek: «Gastu militarrean izan den igoera munduko bakearen eta segurtasunaren gainbeheraren ondorio zuzena da».

Bi gerrak betetzen dute egun nazioarteko agenda politikoa: Ukrainakoak, batetik; eta Gazakoak, bestetik. Eta txosteneko datuei erreparatuta, begi bistakoa da bi gatazkek eragina izan dutela munduko gastu militarraren hazkundean. Iaz 2.200 milioi eurokoa izan zen gastua, inoizko handiena; eta ikerketaren egile Diego Lopes da Silvaren arabera, gastu militarrak ez du «berehala» behera egingo.

Ikerketak ezohiko beste datu bat ere eman du argitara: 2009tik lehen aldiz, gastu militarrak eremu geografiko guztietan egin zuen gora iaz. Afrikan izan zen hazkunderik handiena, %22 egin baitzuen gora. Europan ere gora egin zuen, %16; txostenaren arabera, igoera horren %10 Ukrainako gerrari dagokio. Hain justu, «erregimen autoritarioen asmoei» aurre egiteko, «gehiago eta hobeto» gastatzeko deia egin zuen joan den astean Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek.

Datuei herrialdeka erreparatuta, berriz, AEB Ameriketako Estatu Batuak dira, beste behin, lehenak zerrendan: munduko gastu militarraren %37 haiei dagokie —iaz %2,3ko hazkundea izan zuen—. Asiako erraldoia dago bigarren postuan, Txina: munduko gastu militarraren %12 dagokio, eta iaz %6ko hazkundea izan zuen. Horien atzetik daude Errusia (%4,5), India (%3,4), Saudi Arabia (%3,1) eta Erresuma Batua (%3,1).

Ukrainaren apustua

Lehenbizikoz, defentsara diru gehien bideratzen duten hamar herrialdeen zerrendan sartu da Ukraina; besteak beste, Frantziaren eta Israelen gisako potentzien aurretik. Iaz, herrialdeko BPG barne produktu gordinaren %37 gastu militarrerako erabili zuen Kievek —Errusiak, berriz, bere BPGaren %5,9—; 2022an baino %51 gehiago izan zen. Atzera begiratuz gero, are handiagoa da azken urteotako hazkundea, hots, bederatzi urteko epean (2014-2023) %1.270 igo da herrialdeko gastu militarra.

Eta, halere, azken hilabeteotan Ukrainaren «arma eskasiaz» ohartarazi du birritan Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Errusiaren aurkako borrokan, Ukrainak ezinbestean behar du aliatuen laguntza militarra, eta, horren harira, iaz ere nabarmen igo zen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen gastu militarra. Munduko gastu guztiaren %55 aliantzaren parte diren herrialdeei dagokie.

Txostenaren arabera, Ukrainako gerraren eraginez «aldatu egin da» Europako herrialdeek segurtasunaren alorrean duten jarrera. Europako herrialdeen joera aldaketa horren adibide da Polonia, zeina Ukrainaren alboan dagoen. Herrialdeko gastu militarra %75 handitu zen iaz.

Ekialde Hurbilean ere, gora

Urte amaieran izanagatik, Israelek joan den urrian Gazaren aurka hasitako gerrak ere eragin nabarmena izan du Ekialde Hurbilean. Oro har, eskualdeko gastu militarra %9 handitu zen iaz; inoizko gehien azken hamarkadan, eta, Da Silvaren arabera, espero da datozen hilabeteetan gora egiten jarraitzea.

Eremu geografiko horretan, iaz Saudi Arabiak bideratu zuen diru gehien gastu militarrera. Israel, Turkia eta Iran daude haren atzetik.

POLONIAK ATEA IREKI DIo ARMA NUKLEARRAK GORDETZEARI

«Gure aliatuek erabakitzen badute gure lurraldeetara arma nuklearrak bidaltzea, NATOren [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] ekialdeko aldea indartzeko, prest gaude [arma] horiek gordetzeko». Poloniako presidente Andrzej Dudaren hitzak dira, herrialdeko Fakt egunkariari esandakoak. Poloniak mugakide ditu Kaliningrado (Errusia) eta Bielorrusia —Errusiaren aliatua—, eta Mosku eremu horietako arma nuklearren biltegiak eta militarizazioa indartzen aritu da azken asteotan. Dudak esan duenez, mahai gainean daude AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Poloniaren arteko kooperazio nuklearraren inguruko eztabaidak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.