Munduko ibai nagusien iazko emariak, lakuen eta urtegien mailak, elur eta izotz geruzak eta bestelakoak aztertu ditu Munduko Meteorologia Erakundeak, eta ondorioa larria da: aztertutako ibaien %36k ohi baino emari txikiagoa edo askoz txikiagoa izan zuten. Urtero egin ohi du azterketa erakundeak, baina herrialde gehiagotako datuak bildu dituzte aurten.
Horren atzean uraren ziklo gero eta aldakorragoa dagoela azaldu dute; izan ere, gero eta maizago gertatzen dira ibaien emaria baldintzatzen duten uholdeak eta lehorteak. Muturreko fenomeno horiek, gainera, ez dira neurri berean gertatu kontinente guztietan: «Azken bost urteetan Asian eta Afrikan gertatu dira urarekin zerikusia duten muturreko fenomenoen erdiak gutxienez, eta horiekin lotutako heriotzen %80», azaldu dute.
«Urarekin lotutako hondamendi gero eta gehiago ikusten ari gara. Indartzen ari da El Niño fenomenoa; horrek lehorte arriskua handituko du eskualde batzuetan, eta uholde arriskua beste batzuetan», azaldu du Celeste Saulok, Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak.
Ohi baino ur gutxiago izan duten ibai gehienak Ipar Amerikan, Hego Amerikan, Afrika erdialdean, Europa ekialdean eta Ekialde Hurbilean daude. Ohi baino ur gutxiago duten lakuak ere eskualde horietan atzeman dituzte bereziki, hertsiki lotuta baitaude bata eta bestea. Euskal Herriari dagokionez, bi isurialdeetako errekek eta ibaiek ohiko emaria izan zuten iaz.
Saulok gogorarazi du herrialdeen arteko mugek ez dietela eragiten ibaiei, eta nabarmendu du herrialde batean gertatzen den zerbaitek eragina izaten duela beste batean. Glaziarrekin ere beste hainbeste gertatzen dela azaldu du, askotan glaziar batetik ehunka kilometrora dauden komunitateak ere haien menpeko baitira. Hori dela eta, herrialdeen arteko elkarlana bultzatu behar dela uste du, datuak partekatzeko eta protokoloak batzeko, besteak beste.
Normaltasuna galtzen
Aztertutako ibaien %21ek izan zuten iaz ohi baino emari handiagoa. Hau da, munduko ibaien %57k ezohiko emaria izan zuten iaz, izan txikiegia edo handiegia. Ibaien %36k izan zuten emari normala. Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi duenez, azken zazpi urteetan asko murriztu da ohiko emaria izan zuten ibaien ehunekoa, eta normaltasun galera hori egonkortzen ari dela gehitu dute. 1991. eta 2020. urteen artean, batez beste ibaien %46k zuten ohiko emaria.
Ibaiez gain, bestelako ur gez erreserbak ere aztertu dituzte, glaziarrak esaterako. Iaz, munduan glaziarrek 408 gigatona masa galdu zituzten. Hamarkada honetan asko handitzen ari da glaziarren masaren galera. Galera handieneko sei urteak azken zazpi urteetan izan dira, eta azken lau urteetan munduko eskualde glaziar guztiek izan dituzte galerak.