Munduko ordena dardarka

Urtarrilak sentipen bat utzi du munduan: gertakari nabarmen anitz izan direla, bata bertzearen segidan. Izan da nazioarteko ‘statu quo’-a aldatu dela erran duenik ere.

BERRIA
BERRIA
mikel rodriguez
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB

'TRUMPEN MILIZIA', INDARKERIA AREAGOTZEN. AEBetako Gobernuak Alderdi Demokratak agintzen duen estatu bateko hiriburu batera eraman zituen ICE Immigrazioko eta Aduanetako Poliziako 3.000 agente: Minneapolisera, Minnesotan. Urtarrilaren 7an, protestan ari zen emakume bat hil zuten bertatik bertara tiro eginda, kameren aitzinean. Hilaren 24an, berriz, bertze manifestari bat hil zuten, gizonezko bat, aitzinekoaren modu berean: bertatik bertara tirokatuta, kameren aitzinean. Donald Trump presidenteak eta haren administrazioko kideek ICEko agenteak babestu dituzte, eta hildako manifestariak iraindu. Baina erantzun azkarra topatu dute Minneapolisko karriketan, eta azken egunetan erretorika leundu dute, nahiz eta Trumpek zehaztu duen ez dituztela ICEkoak erretiratuko «lana» bukatu arte. Tentsio giro betean da Minneapolis, eta Etxe Zuria kalkuluak egiten ari da, gatazkarekin zer irabaz dezakeen eta zer galdu.

Kuba

«BULTZADATXOA», SOZIALISMOA ERORTZEKO. Venezuelako erasoaldiak harrotuta, Latinoamerikako herrialde gehiago mehatxatu zituen Donald Trumpek. Hilabetea bukatzearekin bat, Kubaren kontra hartu du neurririk gogorrena: AEBek zigorrak ezarriko dizkiete Karibeko herrialde horri petrolioa saltzen diotenei. 1959tik lortu ez dutena lortzeko «bultzadatxoa» eman nahi du Trumpek: estatu sozialista desegitea.

Venezuela

ESTATUBURU BAT BERTZE ESTATU BATEK BAHITUA. Urte hasiera astindu duen ekintza izan da ezbairik gabe, eta aurrekari gutxi dituena historia garaikidean: AEBek Venezuelako presidentea bahitu zuten. Hilaren 3an atzeman zituzten Nicolas Maduro estatuburua eta Cilia Flores emaztea, eta erasoaldian Venezuelako 47 militar, Kubako bertze 32 eta bi zibil hil zituzten. Maduro eta Flores narkotrafikoa leporatuta preso dituzte AEBetan. Venezuelan, berriz, Delcy Rodriguez presidenteordeak hartu du estatuko buruzagitza. Donald Trump AEBetako presidenteak mehatxu zuzena egin dio: Etxe Zuriaren aginduak betetzen ez baditu, «Maduroren patu bera» izanen du. AEBak petrolioaz jabetzeko eman dizkio Trumpek lehen aginduak.   

Groenlandia

NATO-N ARRAKALA BAT SORTZEAR. Nicolas Maduro bahitu ondotik, Donald Trumpek inoiz baino indar handiagoz abiatu zuen aspaldiko apeta bat betetzeko ekinaldia: Groenlandiaz jabetzea. Ziurtatu zuen ez zela konformatuko uhartea bereganatzea ez zen «bertze deusekin». Urtarrilaren 21ean, Davosen (Suitza), bideratutzat jo zuen berak eragindako krisia. Itun baten berri eman zuen, eta erran AEBek uhartearen zati batzuen burujabetza eskuratu ahalko dutela. Danimarkak eta Groenlandiak, ordea, adierazi dute burujabetza ez dela negoziagarria.

Groenlandia
Danimarkako soldaduak Nuukeko portuan, Groenlandian, urtarrilaren 18an. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE

Frantzia

LE PEN-EN ETORKIZUN POLITIKOA KOLOKAN. Marine Le Pen RN Batasun Nazionaleko buruak bere inhabilitazioaren kontra jarri zuen helegitea aztertzen hasi ziren urtarrilaren 13an. Udan espero da epaia, eta, Frantzia ez ezik, Europa osoa ere adi egonen da, eskuin muturraren liderra 2027ko presidentetzarako bozetara aurkeztu ahal izanen den erabakiko baita.

Ukraina

MENIA MOTZ ETA MUGATU BAT BAINO EZ. Arlo diplomatikoan ez aitzinera ez gibelera dago Ukrainako gerra. Militarrean, berriz, frontea anitz mugitu ez bada ere, Errusiak du ekimena, eta, bonbardaketen bidez, gogor zigortu ditu frontetik kanpoko Ukrainako hiriak, Kiev hiriburua barne. Donald Trumpek urtarrilaren 29an jakinarazi zuen Errusiak onartu egin zuela astebetean erasorik ez egitea frontetik kanpo, baina Moskuk zehaztu zuen bihar arteko epea duela menia mugatu horrek. Urtarrilaren 23an bi aldeen eta AEBen ordezkariek bilera bat egin zuten Abu Dhabin, eta bihar dira berriro elkartzekoak. 

Palestina

GAZARAKO BATZORDEAREN EREDUA MUNDU OSORA HEDATZEKO NAHIA. Urtarrilaren 14an hasi zen ofizialki Donald Trumpen Gazarako bake planaren bigarren fasea. Bihar Egiptorekiko muga irekiko duela hitzeman du Israelek. AEBetako presidenteak urtarrilaren 16an jakinarazi zuen nork osatuko duen Gaza gobernatuko duen batzordea, eta eredu hori mundu osora hedatu nahi du, Nazio Batuen Erakundeak huts egin duela iritzita. Iazko urritik indarrean da su etena, baina Israelek ia bortzehun palestinar hil ditu ordutik.

Siria

KURDUEN AUTONOMIA, GALBIDEAN. Siriako Gobernuak SDF Siriako Indar Demokratikoen aurkako erasoaldi bat hasi zuen urtarrilaren 13an, Eufrates ibaiaren ekialdean. Kurduen miliziak Rojavara erretiratu ziren, eta gobernuak Siria ekialde gehiena kontrolpean du. Kurduen miliziak eta erakunde zibil autonomoak Siriako Estatuan integratzeko bertze akordio bat itxi dute orain.

KURDISTAN
Turkiaren menpeko Kurdistango herritarrak bilduta, Nusaybin udalerrian, Siriaren menpeko Kurdistango Qamixli hirira pasatzeko ahaleginean, hilaren 20an. METIN YOKSU / EFE

Irak

IRANEN ALIATU BATEN ITZULERA. Irakeko Parlamentuan gehiengoa duen blokeak Nuri al-Maliki politikari xiita aukeratu zuen lehen ministrogai urtarrilaren 24an. Estatu Islamikoak kalifa herria aldarrikatu zuenean (2014) Al-Maliki zen gobernuburua: Iranen aliatu estua zen, eta suniten alderdiek gatazka sektarioak sustatzea leporatzen zioten. Dimisioa eman behar izan zuen. Donald Trump AEBetako presidenteak laguntza kentzeko mehatxua egin dio Iraki, Al-Maliki lehen ministro izendatzen badute. 

Iran

ERASOALDI BATEN MEHATXUPEAN. AEBek gerraontziak eta hegazkinak pilatu dituzte Persiar golkoan. Donald Trumpek mehatxu egin dio Irani: islamiar errepublikaren kontrako manifestariak hiltzeagatik lehenik, eta programa nuklearrari eusteagatik ondotik. Abenduan hasi ziren protestak, eta urte hasieran gogortu egin ziren. Urtarrilaren 21ean, Irango Gobernuak adierazi zuen gatazkan 3.117 lagun hil zirela, eta horietako 2.427 zirela manifestariak. Bertze iturri batzuek beste kopuru batzuk eman dituzte: 6.000 eta 36.000 artean hil dituztela. 1979tik agintean den islamiar errepublika deuseztatzeko mehatxua egin du Trumpek.

Yemen

BERTZE LEHIA BAT EKIALDE HURBILEAN. Yemengo Gobernuak eta hegoaldeko independentistek elkar hartuta egin dute gerra Sana hiriburua kontrolatzen duten iparraldeko matxino xiiten kontra. Hil honen 7an, independentisten liderra gobernutik bota zuten, ordea, eta alde berean zirenak elkarren kontra gerran dira orain. Ekialde Hurbilean gero eta eragin handiagoa duen lehia bat dago horren gibelean, orain arte aliatu izan diren bi estaturen artekoa: Saudi Arabia, batetik, eta Arabiar Emirerri Batuak, bertzetik. 

YEMEN
Hego Yemenen independentziaren aldeko manifestazioa, hilaren 23an, Adenen. NAJEEB MOHAMED / EFE.

Japonia

POTENTZIEN INTERESEKO BOZAK. Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak hauteskundeak aitzinatuko zituela jakinarazi zuen urtarrilaren 19an. Shigeru Ishibak dimisioa eman ondoren aukeratu zuen parlamentuak, duela hiru hilabete. Inkesten arabera, Takaichik ospe handia du herritarren artean, eta, orain, hauteskundeen legitimazioa nahi du boterean azkartzeko. Japoniatik kanpo, Txinak eta AEBek interes handiz jarraituko dituzte bozak; izan ere, Takaichik gobernua hartu eta gutxira gatazka diplomatiko larri bat sortu zuen Txinarekin, erran baitzuen potentzia hori Taiwan inbaditzen saiatuz gero Japoniak uharte hori defendatu beharko lukeela. Hauteskundeei begira, ez du gaia bazter batean utzi, eta kanpaina hasi aitzineko egunean ere berriro mintzatu zen Taiwango gatazka posible bati buruz. Haserre dauka Txina, eta, berriz gobernua osatuz gero, AEBekin are gehiago estutu nahi du harremana. Otsailaren 8an dira hauteskundeak. 

Uganda

PRESIDENTE BERA, 40 URTEZ. Baliteke munduko ordena aldatzeko bidean izatea; Ugandakoa, ordea, ez hainbertze. Hilaren 17an hauteskunde batzordeak Yoweri Museveni eman zuen bozen garailetzat. 1986tik ez da bertze presidenterik izan. Musevenik 81 urte ditu orain, eta, monarkak alde batera utzita, boterean urte gehien daramatzaten agintari gorenen artean hirugarrena da mundu osoan. 

UGANDA
Yoweri Museveni Ugandako presidentearen jarraitzaileak hauteskundeetako garaipena ospatzen, urtarrilaren 17an, Kampalan. DANIEL IRUNGU / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.