INGURUMENA

Muturreko bero bolada eta sute handiak izaten ari dira Ipar hemisferioan

Inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzen ari dira Europan, Asian eta Ipar Amerikan. Grezian 3.000 hektarea kiskali ditu suak, eta bost herri ebakuatu behar izan dituzte. John Kerry eta Wang Yi Pekinen batzartu dira, eta klima aldaketa izan dute hizpide.

Suhiltzaile bat, lanean, suteek kiskalitako eremutik gertu, atzo, Attican (Grezia). YANNIS KOLESIDIS / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 18a
13:43
Entzun

Berotze globalak eragindako muturreko ondorioak gero eta gehiago nozitzen ari dira munduan azken asteotan, bereziki Ipar hemisferioan; beroak gogor jo ditu Europa, Asia eta Ipar Amerika, inoizko tenperaturarik beroenak erregistratzeraino; Kaliforniako (AEB) Heriotzaren haraneko basamortuan, esaterako, 53 gradu zentigradura heldu zen igandean; 52,2 gradu egin zituen Txina ipar-mendebaldeko Sanbao hirian atzo; eta 48 gradu erregistratu dituzte egunotan Europa hegoaldean. Bero sapa dela eta, osasun agintariek alarmak piztu dituzte, eta ura sarri edateko eta etxean geratzeko deia egin diete herritarrei.

Arduratuta daude Phoenixeko herritarrak ere, AEBetako Arizona estatuko hiri horretan bero handia egitea ohikoa den arren. 45,5 gradu egin zituen astelehenean, baina hemezortzi egun daramatza 40 gradutik gora egiten, inoiz baino gehiago. Horiek horrela, erreskateko taldeek 11 hozte zentro ireki dituzte, eta unitate mugikor bat bidali dute zentroetara heltzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko. «Muturreko beroa Arizonako hondamendi naturala da», esan du Scott Johnsonek, AEBetako ipar-mendebaldeko estatuko eledun batek. Gutxienez 425 pertsona hil ziren iaz beroaren ondorioz.

Antizikloiak aire oso beroa eraman du Afrikatik Europa aldera, eta tenperaturek nabarmen egin dute gora Mediterraneoan. Italian, adibidez, 48 gradu inguruko tenperatura maximoak espero dira datozen egunetan, batez ere Sizilia eta Sardinia uharteetan, eta marka historikoak gaindituko dira herrialdeko zenbait lekutan, ESA Europako Espazio Agentziaren arabera; Erroman, 42 gradura helduko da gaur. Bero boladak kezka eragin du Alpeetan ere; izan ere, litekeena da itsas mailatik 1.500 metrora maximoak 28 eta 30 gradu artean ibiltzea.

Bero olatuak Balkanetako penintsula ere harrapatu du; 40 gradutik gorako tenperaturak erregistratu dituzte Albanian, Bosnia eta Herzegovinan, Eslovenian, Kosovon, Kroazian, Montenegron eta Serbian. Tiranako herritarrei laguntzeko, urez betetako zisternak ezarri dituzte Albaniako hiriburuko kale nagusietan. Iazko udan, 61.000 lagun inguru hil ziren Europan osoan bero olatuaren eraginez.

Muturreko tenperaturek, gainera, handitu egiten dute baso suteak izateko arriskua. Hain zuzen, hiru sute handi itzali nahian dabiltza Grezian, Atenastik 35 kilometro ingurura. Haize bortitzen eraginez, suhiltzaileek zailtasun handiak dituzte sua kontrolatzeko, eta, guztira, 3.000 hektarea kiskali dira, agintariek emandako azken datuen arabera. Horrez gain, bost herri ebakuatu behar izan dituzte, tartean 1.200 haur zeuden kanpaleku bat.

«Gero eta ohikoagoak»

«Muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira gero eta klima beroagoan, eta ondorio handiak izaten ari dira gizakien osasunean, ekosistemetan, ekonomian, nekazaritzan, energian eta ur hornikuntzan», ohartarazi du Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek. Bide horretan, erantsi duenez, «gero eta premia handiagoa dago berotegi gasen isuriak ahalik eta azkarren eta sakonen murrizteko».

Aurtengo ekaina inoizko beroena izan ondotik —16,51 gradu, batez beste—, uztaileko lehen egunetan munduko batez besteko erregistroak daudenetik jasotako tenperaturarik altuenak erregistratu zituzten; hilaren 4an, inoizko tenperaturarik beroena erregistratu zuen NCEP Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumen Iragarpenen Agentzia Nazionalak: 17,18 gradu, batez beste. Hilaren 6ko egunak, ordea, marka hori gainditu zuen: 17,23 gradu, AEBetako Maineko Unibertsitateak jasotakoaren arabera. Bide horretan, uztailaren 3tik 9ra bitarteko astea inoizko beroena izan zen tenperaturaren erregistroak daudenetik, eta, itxura guztien arabera, hilabeterik beroena izango da uztaila.

Txinaren eta AEBen bilera

Zientzialariak baieztatzen ari dira gero eta urrunago dagoela munduko tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko helburua. Bada, muturreko fenomenoek behartu egin dituzte Txina eta AEBak klima aldaketari buruz hasitako elkarrizketei berriz heltzera. Hain zuzen, AEBetako klimarako mandatari John Kerry Pekinen izan da gaur, Txinako Atzerri Gaietarako Batzorde Zentralaren zuzendari Wang Yirekin batzartzeko. Kerryk «lankidetzarako» deia egin dio Wangi, besteak beste, metano isuriak eta ikatzarekin elikatutako energia murrizteko «neurri bateratuak» hartzeko.

Eta baita munduko berotegi gas gehien isurtzen duten bi herrialdeen arteko harreman diplomatiko korapilatsuak baretzeko ere. AEBetako klimarako mandatariak nabarmendu du klimari buruzko elkarrizketa «hasiera berri bat» izan daitekeela Washingtonen eta Pekinen arteko harremana hobetzeko, Taiwango merkataritza, teknologia eta uharteko autogobernuari buruzko eztabaidetan murgilduta egon baitira.

Txinako Atzerri Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, berriz, Wangek nabarmendu du «garrantzitsua» dela bi herrialdeen arteko harremanak «egonkortzea», eta beharrezkoa dela «interferentzia guztiak ezabatzea, garapenerako bidera itzultzeko». Horregatik, Wangen esanetan, Txina «prest dago elkarrizketa indartzeko, elkarrekiko lankidetza onuragarria aztertzeko eta klima aldaketari batera heltzeko».

Azken asteetan Txinara joan den hirugarren goi kargudun estatubatuarra da Kerry, Antony Blinken Estatu idazkariaren eta Janet Yellen Altxorreko idazkariaren ondotik. Iaz, Pekinek harreman batzuk eten zituen Etxe Zuriarekin —tartean, gai klimatikoei buruzko harremanak— , Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente ohiak (2019-2023) abuztuan Taiwanera egindako bisitak eragindako haserrearen ondorioz —Asiako erraldoiarentzat, uhartea Txinaren parte da—.

Orduz geroztik sorturiko arazoek bi potentzien arteko harremanak astindu dituzte; besteak beste, Txinak ustez espioitzarako erabilitako aerostato bat AEBetako aire eremuan atzeman zutenean —urte hasieran—. Egoera horretan, Etxe Zuriko maizter Joe Bidenek «diktadoretzat» jo zuen Txinako presidente Xi Jinping. AEBetako estatuburuaren hitzak ez zituzten batere ongi hartu Pekinen. Gobernuaren esanetan, adierazpen horiek «Txinaren duintasun politikoa urratzen dute, eta probokazio politiko hutsa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.