Myanmar

Myanmarko junta militarraren aurkakoek «batasun gobernu bat» eratu dute

Aung San Suu Kyi izango da Estatu kontseilaria, sinbolikoki. Junta militarraren aurka indarrak batzeko eta diplomazia egiteko tresna izatea nahi du oposizioak.

Junta militarraren aurkako manifestari bat estatu kolpearen aurkako kartel bat eusten, Myanmarko Mandalay hirian. EFE
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 16a
20:28
Entzun

Agintea hartzeko modua beren burua agintari izendatzea dela erabaki dute Myanmarko junta militarraren aurkakoek. «Gure historian lehen aldiz, Myanmarrek batasun gobernu bat izango du», adierazi du Salai Maung Taing San CRPH Batasunaren Biltzarrerako Ordezkarien Batzordeko kideak, zeina estatu kolpearen ondorioz kargutik kendutako parlamentariez osatuta dagoen.

Sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean eman dute berria, eta mezuarekin batera, eratutako gobernua zilegitzeko asmoa duen agiri bat publiko egin dute. Bideo bat ere zabaldu dute, eta bertan Min Ko Naing aktibista politikoa ageri da, estatu kolpeaz geroztik klandestinitatean dagoena. Babesa eskatu du «gobernu» berriarentzat: «Arren, babestu ezazue batasun nazionalerako gobernua, gure herritarren etorkizunagatik eta belaunaldi gazteenengatik». Eta erantsi, suharki: «Herriak du hitza, eta herriak egingo du azken borroka. Garaipena gertu dago; gure iraultza irabazi behar dugu».

Kargudun nagusien izendapenak ere eman dituzte. Armadak estatu kolpea jo aurretik zeuden kargu gehienak bere horretan mantenduko ditu bere burua «gobernu legitimotzat» duen erakundeak. Win Myint izango da presidentea, eta Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria; biak ere atxilotu egin zituen armadak, eta haien aurkako hainbat kargu aurkeztuak ditu. Buruzagi sinbolikoak izango dira horiek, baina, praktikan, Salai Maung Taing San berak eta Mahn Win Khain Than karen etniako kideak gidatuko dute gabinetea; Nazioarteko Kooperaziorako ministro bilakatuko da Salai Maung Taing San, eta lehen ministroa izango da Mahn Win Khain Than. Kargu berri bat sortu dute, hortaz, lehen ministrorik ez baita izan Myanmarren orain arte.

2015etik iragan otsailera arte herrialdeko gobernuan izan den NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiaren ekimenez sortu zuten CRPH, estatu kolpearen ostean. Gobernu alternatibo bat eta armada federal bat sortzea helburutzat hartu zituen, eta, orduztik, gainerako alderdi politikoen, erakunde zibilen nahiz talde armatu etnikoen babesa lortzen ahalegindu da. Izan ere, gutxiengo etnikoek Myanmarko biztanleriaren %30 inguru osatzen dute, eta garrantzi handia dute herrialdearen egoera politikoan. NLDrekin zuten harremana ez zen bereziki ona militarrek agintea hartu aurretik, autonomia handitzeko eskariei sistematikoki uko egin izan baitie alderdi horrek. Junta militarrari aurre egiteko «indarrak batzeko» deia egin zien CRPHk duela bi aste, eta, horrekin batera, prest agertu zen Myanmar «nazio federal» bihurtzeko. Horrez gain, «deuseztatutzat» jo zuen 2008ko Konstituzioa, eta «karta demokratiko federal» bat sortzea proposatu zuen, horren ordezko izan asmo duena.

Keinu horiek balio izan diote batzordeari zenbait etniaren babesa lortzeko, baina momentuz ez dago horien artean rohingya etnia musulmana. Armada babesten ez badute ere, erresuminez bizi dute hango kide askok orain oposizioan dauden horiekiko harremana, eta memorian bizi dute oraindik 2017an gertatutakoa: armadak etnia horretako 720.000 lagun kanporatu zituen herrialdetik, eta orduko gertakariak ikertzen ari da NBE, genozidio zantzuak hartuta. Aung San Suu Kyi zegoen orduan estatuburu.

Etnien hurbilpenarekin, gaitasuna handitu nahi du CRPHk, eta junta militarra garaitzeko ahaleginak zuzendu. Gidaritza lan hori hein batean atzerritik ari da egiten batzordea, Reuters berri agentziaren arabera, eta, zehazki, Indiatik. Herrialde horretan rebesteratuta dauden hiru kiderekin hitz egin zuen hedabide horrek; bi legelarirekin eta politikari batekin. Haien arabera, CRPH Myanmarko manifestazioak bultzatzen eta horretara dirua bideratzen ari da, alde batetik, eta hango erakunde zibilekin harremanak ereiten, bestetik.

Batzordearen zeregin nagusia atzerrira begirakoa da, hala ere. «Nazioarteko gobernuen eta erakundeen aitortza bilatuko dugu, Myanmarko herriaren gobernu legitimo moduan», adierazi zdu Salai Maung Taing Sanek. Momentuz, Mendebaldeko herrialde gehienen gaitzespen mezuak jaso ditu junta militarrak, baina, aldiz, aurkakotasun hori ez da nahikoa izan CRPHrentzat, Myanmarko ordezkari gisa aitortua izatea eskatzen baitu hark.
Junta militarra bera ere ari da diplomazia lanetan, eta gaur jakin da haren burua, Min Aung Hlaing jenerala, ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren bilkura batean izango dela, bihar zortzi. Lehen hitzordu diplomatikoa izango du. Jakartan elkartuko dira nazioarteko federazio horren parte diren herrialdeetako buruak —Myanmarrez gain, Indonesia, Thailandia, Filipinak, Singapur, Kanbodia, Laos, Vietnam, Malaysia eta Brunei—.

Sei hildako liskarretan

Bitartean, protestek ez dute etenik herrialdeko hiri nagusietan. Desobedientzia zibilaren aldeko mugimenduak «greba isila» deitu du gaurko, eta herritarrei eskatu die etxetik ez ateratzeko. Hiriguneak hutsik geratu dira.

Bestalde, talde armatuen eta armadako soldaduen arteko liskarrak izan dira iparraldeko Kani herrian, Sagaing probintzian, eta gutxienez sei lagun hil dira, Myanmar Now berri atariak zabaldu zuenez. AAPP Preso Politikoen Babeserako Elkartearen datuen arabera, gutxienez 726 lagun hil dira «errepresioaren eraginez», estatu kolpeaz geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.