Joan den azaroaren 11n jarri zuen Gambiak Myanmarren aurkako salaketa Hagan (Herbehereak), 2016ko abuztutik gaur arte rohingya etniako 730.000 pertsona baino gehiago Bangladeshera erbesteratzera behartu zituen operazio militarragatik. Gutxienez 6.700 pertsona hil zituzten, horietatik 730 haurrak. Myanmarko Gobernuak, berriz, atzo iragarri zuen Aung San Suu Kyik defendatuko dituela bere interesak Nazioarteko Justizia Auzitegian; Bakearen Nobel Saria izateaz gain, herrialdeko lau ministerioren arduraduna eta «itzaleko presidentea» da Suu Kyi 2016ko martxotik. Myanmarren arabera, Arakango Rohinyen Salbaziorako Armadak Polizien eta mugetako postuen aurka egindako eraso bategatik hasi zen militarren erasoa, baina ekintza genozidio bat izan zen, Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Rohingyek osatzen duten gutxiengo musulmanaren aurkako genozidioa eta garbiketa etnikoa salatu ditu Gambiak —herritar gehienak budistak dira Myanmarren—: «Operazio haiek rohingyak talde gisa suntsitzea zuten helburu, masan egindako hilketen, bortxaketen eta beste biolentzia sexual mota batzuen bidez; herrixkak ere suntsitu zizkieten sute sistematikoen bitartez, sarri, jendea etxe barruan zela». Myanmarko militarrei neurri prebentiboak ezartzeko ere eskatu du Gambiak. Nazioarteko Justizia Auzitegiak iragarri duenez, lehen ikustaldiak abenduak 10etik 12ra egingo ditu.
Myanmarrek ez du rohingyen herritartasuna aitortzen, eta duela hainbat hamarkadaz geroztik mota guztietako bereizketak jasaten dituzte. Gutxiengo etnikoaren aldeko aktibistek pozarren hartu dute albistea, eta, Nay San Lwin Free Rohingya koalizioko liderrak Al Jazeera komunikabideari esan dionez, «historikoa da» erabakia: «1978. urtetik genozidio baten biktimak gara, urte askoan gaude justiziaren zain». Bangladeshko iheslarien kanpamentuetan bizi dira rohingya asko, 914.000 baino gehiago NBEren Errefuxiatuen Agentziaren arabera. «Babesa behar dugu, eta konpentsazioa eskatzen diogu Myanmarri», amaitu du Lwinek.
Ez da nazioarteko auzitegi batek rohingyen aurkako ustezko genozidioa epaituko duen lehen aldia. Nazioarteko Zigor Auzitegiak azaroaren 14an onartu zuen fiskaltzaren eskaera, Myanmarren gertatutakoa epaitzeko jasotzen zuena. Ebazpenak dioenez, «bada oinarri sendo bat esan ahal izateko Gizateriaren aurkako krimenak izan daitezkeen biolentzia ekintza orokortuak eta sistematikoak izan direla». Dena den, Myanmar ez da Erromako Estatutuko kide, eta, beraz, auzitegi horrek ez du eskumenik han. Myanmarko Rohingyen Erakundeak Argentinako auzitegietan ere jarri zuen salaketa.
Bakearen Nobel saria eta genozidioa
Aung San Suu Kyi ezinbesteko pertsona da azken hamarkadetan Myanmarrek izan duen bilakaera ulertzeko. Mahatma Gandhiren ideia baketsuen jarraitzaile sutsua, 1988. urtean sortu zuen Demokraziarako Liga Nazionala, eta herrialdeko mugimendu demokratikoen ikur izan zen hainbat urtez. 1989 eta 2010 artean, 15 urte eman zituen etxean atxilotuta. Nazioarteko hainbat gobernuk aitortu zioten bere jardunaren garrantzia, eta sariak ere jaso zituen; garrantzitsuena, 1991ko Bakearen Nobel saria.
Ia hiru hamarkadatan demokraziaren alde lanean jardun ostean iritsi zen gobernura Suu Kyi, eta orduan hasi zen okertzen nazioartean zuen irudia. Hauteskundeetan gehiengo osoa lortu arren, ezin izan zen herrialdeko presidente bilakatu bere semeek atzerriko pasaportea dutelako, baina lau ministerioren kargu egin zen, eta bera da gobernuko pertsonarik garrantzitsuena. Gobernura iritsi bezain laster hasi ziren rohingyen aurkako erasoak, eta, horren ondorioz, Bakearen Nobel saria duten hainbat pertsonak gogor kritikatu dute —Bangladeshko iheslariak bisitatu ostean—, eta hainbat sari ere kendu dizkiote.