Astelehenean Nafarroako Gobernua Itoitz herria eraisten hasi zenetik gertatutako guztien balorazioa egin dute gaur Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Hain justu, hainbat taldekideren bizitza une batean baino gehiagoan arriskuan izan dela nabarmendu dute.
Izan ere, Itoitzekin Elkartasuna kide asko —30 bat—, etxe barruetan zein teilatuetan egon arren, Herrilan Sailak lanekin aurrera jarraitu zuela diote, eta solidario asko min hartzeko, larri zauritzeko zein bizia galtzeko zorian izan zirela. Jokabide horregatik jarriko diote salaketa Herrilan Sailari.
Foruzaintzari, berriz, etxeetan itxita zeuden solidarioekin izan zuen jarreragatik. Itoitzekin Elkartasunak salatu duenez, bunkerra porrekin-eta kolpatzen zuten, lanak hasi balira bezala, eta etxea bertan behera zetorrela irudikatuz. Funtsean, torturatu egin zituztela diote.
Dani Unziti bunkerrean itxita egon zen solidarioetako batek ere parte hartu du prentsaurrekoan, eta lekukotasun lazgarria eman du. Gogorrena, " ez deus" sentitzea izan zela azpimarratu du: "Konturatzen nintzen ez nindutela kontuan hartzen; bost axola zitzaiela zer gertatzen zitzaidan. Ez nintzen ezer", adierazi du.
Itoizko urtegia