Narkotrafikoak aurrera eta estatuak atzera

Gastu publikoa motozerraz murrizteko estrategiari jarraituz, Milei gizarteko sektore apalen kontra ari da ekinean. Auzoetan droga saltzeko negozioa beste lanbide batzuen osagarritzat daukate askok, krisi ekonomikoa larriagotzen ari den honetan.

Lara Gutierrez, Morena Verri eta Brenda del Castilloren feminizidioa salatzeko manifestazio bat, irailaren 27an, Buenos Airesen. ADAN GONZALEZ / EFE
Lara Gutierrezen, Morena Verriren eta Brenda del Castilloren feminizidioa salatzeko manifestazio bat, irailaren 27an, Buenos Airesen. ADAN GONZALEZ / EFE
Cecilia Valdez
2026ko urtarrilaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den irailean, Lara Gutierrez (15 urte), Morena Verri (20 urte) eta Brenda del Castilloren (20 urte) feminizidioak astindu egin zuen Argentina, eta hizpidera ekarri zuen arazo kezkagarri bat: narkotrafikoa (eta droga trafikoa) gero eta zabalduago dagoela langile auzoetan. Javier Mileiren gobernuaren planari jarraituz, estatuak albo batera egin du, eta, beraz, ez dago nahikoa politika publiko herritar zaurgarrienei eragiten dieten kontu horiei erantzuteko.

Ultraeskuineko gobernua agintean dagoenetik, okerrera egin dute ekonomiako aldagai ia guztiek, baina, nolanahi ere, errealitate hori aspaldiko kontua da. «Atzeraldi ekonomikoa, aukera falta eta estatuaren absentzia direla medio, narkotrafikoa are gehiago zabaltzen da», esan du Maria Migliore politologoak. «Haurren artean handitu egin da kontsumoa, eta narkotrafikoa zabaltzen hasia da. Saltzen duenarentzat, lan aukera bat da, baina, horrez gain, eginkizun sozial bat ere betetzen du, estatuak hornitzen ez dituen gauza batzuk hornitzen baititu».

Hainbestetan ahotan hartu duten motozerra horrekin politika sozialetan egindako murrizketen bitartez, sektorerik apalenei egin diete kalte, eta zerbitzu batzuei finantzaketa kendu, bereziki jantoki eta erakunde sozialei, zeinak baliagarriak baitziren auzoetan, eusteko eta babesa emateko tresna gisa. Alde horretatik, egoerara egokitzeko, eskura duten horretara jotzen dute askok: txikizkako droga trafikoan hasten dira, eta, hala, indarkeriaren, armen eta drogaren mundu gero eta handiagoan sartu.

Edonola ere, droga ekoizten den Latinoamerikako beste herrialde batzuetan ez bezala, Argentinan arazo nagusia ez dago banatzaile handien artean, baizik eta katearen azken begietan. Esteban Rodriguez Alzueta soziologoaren ustez, Argentinan ez da hedatu kartelak sortzeko joera, Mexikon eta Kolonbian  bezala: Argentinan, droga trafikoaren arazoa konplexuago bihurtu da, eta horizontalean zabaltzen ari da, «ekintzaile gehiegi agertzen ari baitira».

«Beren kontura aritzen diren taldeak dira nagusiki, xumeagoak», esan du Rodriguezek. «Saltzen eta banatzen aritzen direnen unibertso bat da: lan hori egiteaz gainera, ohiko beste jarduera batzuetan ere aritzen dira, hala nola bizargintzan edo janari denda batean, eta horri esker lortzen dute bizimodua ateratzea».  

Soziologoaren arabera, nabarmentzekoa da ekintzaile txikiak direla: «Ez dira talde kriminal handien parte, baina ez dituzte betetzen kriminalitatearen kode tradizionalak». Esaterako, ez dute betetzen auzoan lapurtzeko edo langile, haur, emakume eta adinekoei lapurtzeko debekua, ezta inori alferrik min ematekoa ere.

Programa sozialei, motozerra

Kanpainan, Mileik hitzemana zuen politikaren —«kastaren»— pribilegioak deuseztatuko zituela, eta hasieratik esan zuen desagerrarazi egingo zituela estatuaren eta erakunde sozialen arteko zubi lana egiten duten bitartekariak, haiek direlakoan ustelkeriarako gune nagusia. Hala ere, irailean, hau ziurtatu zuen Eduardo Bellibonik, Polo Obrero taldeko erreferentziazko kideak: «Mileiren gobernua agintean denetik, herrialde osoko 43.000 jantokietatik batean ere ez dute jaso janaririk, ezta kilo bakar bat ere». Haren esanetan, Giza Kapitaleko ministro Sandra Pettovellok ez ditu egin ustelkeria auziak ebazteko modua emango omen zuten auditoretza horiek. 

Politika horiek berehalako ondorio bat ekarri dute: toki horiek itxi egin behar izan dituztela, edo nola edo hala iraun behar dutela. CIAS Ikerketarako eta Ekintza Sozialerako Zentroak ikerketa bat egin du Fundar-ekin  hau da, Ikerketarako eta Politika Publikoak Diseinatzeko Zentroarekin, eta, ondorioztatu dutenez, beste zerbaitek ere erakusten du estatu politiketako atzerakada; izan ere, gazteak ikastera edo lana lortzera bultzatzeko estatu planek behera egin dute. Askatasuna Aurrera Doa buru duen gobernuaren lehen urteko datuei erreparatuz, «Potenciar Trabajo programa zen horretan %59,8 gutxiago inbertitu dute 2023 eta 2024 artean». «Progresar programan, berriz, egokitzapen nabarmena egin dute: %63,3 gutxiago inbertitu dute 2024an».

«Estatuak alde batera egiten duenean, hutsune hori beste zerbaitek betetzen du, noski», esan du Migliorek. «Adibidez, integrazio soziourbanoko politika indarrean egon da azken hamar urteetan, epe horretan gobernua askotan aldatu bada ere, eta modua eman du obra askotan aurrera egiteko; bada, finantzaketa kendu diote, eta, hori gutxi balitz bezala, gaur egungo gobernuak deabrutu egin du, alternatibarik proposatu gabe. Eztabaidatu daiteke ura nola eraman langile auzoetara edo nola asfaltatu kaleak, baina ezinbestekoa da lan horiek egitea. Dena desegiten ari dira. Seme-alabak edukitzeagatik laguntza emateko programari baino ez diote eutsi —laguntza handitu ere egin dute—, baina hori ez da nahikoa».

CIASek eta Fundarrek Argentinako politika sozialen 2025eko mapa txostenean diotenez, «2002tik politika sozial ez-kontributiboetan egindako murrizketarik handiena egin du Mileik lehen urtean», 2021a kontuan hartu gabe, pandemia dela eta. Gainerakoan, batez ere programa sozialetan egin dira murrizketak; joera hori 2015etik izan da nagusi, baina are nabarmenagoa izan da Mileiren gobernua agintean denetik.

Migliore eta Rodriguez Alzueta bat datoz zerbaitetan: halako programen inguruko fenomenoak puztu egiten dituztela askotan, eta desitxuratu, mediatikoagoak izan daitezen. «Agian izango zen irregulartasunik laguntzak emateko orduan, eta agian beharrezkoa da hori ikuskatzea, baina erakunde sozialak garrantzitsuak dira, eta badirudi hau guztia borroka mediatiko bat dela eta ez dagoela benetako borondaterik gauzak hobetzeko», iritzi dio politologoak.

Rodriguez Alzuetaren arabera, arreta narkotrafikoan jartzeak prentsa saltzeko eta amorrazioa sortzeko balio izan zuen batez ere, eta ez arazoaren muinean dauden kausak aztertzeko. «Drogen merkatuarentzat eta negozio sateliteentzat, pobrezia, gizartearen zatiketa eta estatuaren konpromiso falta dira garatzeko eta hazteko pizgarririk onenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.