Israelek Beirut erdigunea bonbardatu du berriz, eta hegoaldeko herriak hustu

Israelgo armadak, gutxienez, bederatzi lagun hil ditu Beirut erdialdean egindako eraso batean. Libanoko hegoaldean 70 herri baino gehiagotako biztanleei beren etxeak uzteko agindu die Tel Avivek.

Israelgo armadak Beirut erdigunean bonbardatutako eraikina. WAEL HAMZEH / EFE
Israelgo armadak Beirut erdigunean bonbardatutako eraikina. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 3a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelek berriz bonbardatu du gaur Beirut erdigunea. Eraso horretan, gutxienez, bederatzi herritar hil dituzte, Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Gainera, Libano hegoaldean, aurrez aurreko borrokan jarraitzen dute Israelgo soldaduek eta Hezbollahk. Horregatik, azken egunetan, 70 herri baino gehiagotako biztanleei beren etxeak uzteko agindu die Israelgo armadak.

Libanoko Berri Agentzia Nazionalak jakinarazi duenez, Beirut erdiguneko erasoak Hezbollahri lotutako Osasun Erakunde Islamikoaren egoitza bat zuen helburu. Baxura auzoko eraikin bati egin diote eraso; Libanoko Parlamentutik kilometro batera baino gutxiagora dago gune hori. Aste honetan Israelgo armadak Beirut erdigunean egin duen bigarren erasoa da; 2006ko Hezbollahren eta Israelen arteko gerratik ez zuten gune hori bonbardatu.

EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellen arabera, eraso horrek «nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen» du. X sare sozialean zabaldutako mezu batean gaitzetsi du Beiruteko bonbardaketa: «Israelgo armadak berriz ere osasun langileei egin die eraso». Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiak prentsaurreko batean jakinarazi duenez, gutxienez, 28 osasun langile hil dituzte Libanon azken 24 orduetan.

Bestalde, Tel Avivek bonbardaketak egiten jarraitu du Beirut hegoaldeko Dahieh auzoan, Israelgo armadak Telegram kanalean esan du Hezbollahren informazio zerbitzuen egoitza nagusia jo duela. Herrialdearen hegoaldean, Hezbollahko kideek eta Israelgo soldaduek aurrez aurreko borrokan diraute. Horregatik, Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak Libano hegoaldeko 25 herritako biztanleei etxetik joateko agindu die; besteak beste, Nabatiye hirikoei —120.000 biztanle ditu—. X sare sozialean zabaldutako ohar batean, herritar horiei guztiei Awali ibaia baino iparralderago joateko esan die, eta gogorarazi du «debekatuta» dagoela Libano hegoaldera joatea.

Aurreko egunetan ere antzeko ohartarazpenak egin ditu Adraeek; gaur arte, 52 herritako biztanleei agindu die etxetik joateko. Horiei ere mintzatu zaie gaur: «Etxea utzi duten Libanoko herritarrei abisua: Israelgo armadaren erasoek aurrera jarraitzen dute. Zuen eta zuen familiako kideen segurtasunerako, ez itzuli etxera besterik jakinarazi arte».

1,2

 

Zenbat milioi desplazatu eragin dituen Libanon Israelen eta Hezbollahren arteko gatazkak. Gaur eman du datua Libanoko Ingurumen ministro Nasser Yassinek. Azken asteetan are eta gehiago gaiztotu den gatazkaren ondorioz, 1,2 milioi herritarrek etxea utzi behar izan dute. Gainera, Yassinek ohartarazi du desplazatu horiei beharrezko baliabideak eskaintzeko zailtasunak dituela gobernuak: «Erlojuaren aurka ari gara borrokan desplazatuei ostatu emateko; dagoeneko 870 aterpe baino gehiago daude, batez ere Beiruten eta Libano Mendian. Gune horietan, ikastetxeetan ez da beste inor sartzen».

Libanoko armadak jakinarazi du bi soldadu hil dituztela gaur Israelgo militarrek. Gainera, Reuters berri agentziak adierazi duenez, Libanoko soldaduek erantzun egin diete Israelgoen erasoei. Orain arte, gatazka Hezbollahren eta Israelen artekoa izan da eta Libanoko armadak ez du esku hartu.

Nasrallahk su etena adostu zuen

Gaur jakinarazi dutenez, Hassan Nasrallah Hezbollahko buruak onespena eman zion Israelen eta talde xiitaren arteko gatazkarako 21 eguneko su-eten proposamen bati, Israelgo armadak hura hil baino lehen. Horren berri eman du Libanoko Atzerri ministro Abdallah Bou Habibek, CNN AEBetako telebista kateak bart emandako elkarrizketan —herenegun grabatu zuten—.

Iragan ostegunean, Israelgo armadaren eta Hezbollahren arteko gatazka hiru astez geratzeko eskatu zuten AEBek eta Frantziak, besteak beste. Eskaera horrek Libanoko Gobernuaren onespena jaso zuen, «aurrez Hezbollahrekin kontsultatuta». Bi bider errepikatu du hau Libanoko Atzerri ministroak: «Hark [Nasrallahk] onartu zuen, onartu zuen». Menia proposatu eta hurrengo egunean, joan den ostiralean, Tel Avivek Nasrallah hil zuen, Beirut hegoaldeko Dahieh auzoan.

Su etena proposatu zuten herrialdeak Nasrallahren onespenaren jakitun zeuden. Habibek azaldu du Libanoko Gobernuak AEBei eta Frantziari jakinarazi ziela Hezbollahren erantzuna. Washingtonek eta Parisek Beiruti igorritako erantzunaren berri ere eman du: «Esan ziguten [Israelgo lehen ministro Benjamin] Netanyahu ere ados zegoela. Ordutik zer gertatu den badakizue». Hurrengo egunean hil zuten Nasrallah.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.