NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak «indartsuagoa, justuagoa eta hilgarriagoa» izateko oinarriak jarri ditu, Mark Rutte Mendebaldeko aliantza militarraren idazkari nagusiak gaur nabarmendu duenez. Hagan adierazi du hori (Herbehereak), 32 aliatuen estatuburuek eta gobernuburuek urteroko goi bilera amaitu eta, Donald Trump AEBetako presidenteak eskatu bezala, beren gastu militarra norbere BPG barne produktu gordinaren %2tik %5era igarotzea adostu ondoren; helburu hori jarri dute 2035erako. Kaleratutako ohar bateratuan, azpimarratu dute «epe luzerako Errusiaren mehatxuak» eta «terrorismoaren mehatxu etengabeak» bultzatu dituela igoera nabarmen hori planteatzera. Rutteren esanetan, aliantzako kide diren herrialdeetan bizi diren 1.000 milioi pertsonak «babestea» dute asmo hartutako neurriek. Datorren urteko goi bilera Turkian egingo dute, uztailaren 28tik 30era.
Bost puntu bildu dituzte dokumentu bateratuan —orrialde bateko luzera du—, eta hasieratik argi utzi dute aliantzaren 5. artikulua ez dagoela zalantzan, nahiz eta Trumpek atzo ulertzera eman zuen interpretagarria dela artikulu horrek jasotzen duena. «Baten kontrako erasoa gu guztion kontrako erasoa da», argitu dute oharrean. Eta zehaztu dute %5eko helburu horren barruan %3,5 gastu militar hutserako litzatekeela, eta gainerako %1,5a azpiegituretarako, zibernetikarako, zerbitzu sekretuetarako eta besterako. Ruttek laneko bilera egin aurretik azaldu duenez, aliatuei dagokie portzentaje horietara heltzeko dirua «bilatzea». 2029an dira gainbegiratzekoak zer bide egin duen onartutako aldaketak. 2014an, Errusiak Krimeako penintsula inbaditu ondoren, erabaki zuten hamar urteko epean gastuak BPGaren %2koa izan behar zuela gutxienez; iaz, zortzi aliatu ez ziren portzentaje horretara iristen.
Ruttek goi bilera baliatu du Trumpi eskerrak emateko, AEBek «denbora luzez» hartu dutelako «zama bat» aliantza militarra finantzatzeko orduan. «Hori aldatuko da gaur», esan du idazkari nagusiak AEBetako presidentearekin batera egindako agerraldi batean, estatuburuen eta gobernuburuen laneko bilera hasi aurretik. NATOren datuen arabera, AEBak dira aliantzaren aurrekontuari ekarpen handiena egiten dioten herrialdea: %15 ingurukoa. Alemaniaren ekarpena ere %15ekoa da, eta, jarraian, diru gehien ematen dutenen artean, Frantzia eta Erresuma Batua daude; bakoitzak, %10. Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan (1939-1945), Washington izan zen aliantzaren bultzatzaile nagusia.
Eta, hain justu, Ruttek esan du Etxe Zuriko maizterraren jarreraren ondorioz gertatu dela aldaketa hori, «lidergoa» bere gain hartu duelako aliatuek konpromisoa har dezaten beren gastu militarra norbere BPG barne produktu gordinaren %5 izateko. Izan ere, urtarrilean, AEBetako presidenteak berak eskatu zuen igoera hori gerta zedila. Ruttek koipea eman dio: «Trump presidentea, Donald maitea, aldaketa hau posible egin duzu».
Gaur, beste agerraldi batean, Rutteri galdetu diote ea zer iruditu zaion Trumpek elkarri bidalitako mezu pribatuetako bat argitaratu izana atzo. Ikuskizunaren politika eta diplomazia muturreraino eramaten ditu Trumpek, eta mezu horretan irakur daiteke idazkari nagusiak AEBetako presidentea nola lausengatzen duen, eta nola esaten dion Europak «gogotik» ordainduko duela. Ruttek adierazi du ez ziola molestatu.
«AEBak konprometituta daude NATOrekin eta 5. artikuluarekin. Zenbat aldiz errepikatu behar dut?»
MARK RUTTENATOren idazkari nagusia
Hagara bidean hegazkinean zihoala argitaratu zuen mezu hori Trumpek. Hain justu, hegaldi horretan esan zien kazetariei zalantzak zituela NATOren 5. artikuluaren «definizioaren» inguruan. Horrek, atzo, behintzat, ezinegona eragin zuen Hagan. Artikuluaren arabera, aliatu baten aurkako erasoa aliatu guztien aurkakoa da, eta zera dio, literalki: «Aldeek adostu dutenez, Europan edo AEBetan aliatu baten edo gehiagoren aurka gertatutako erasoa guztion kontrako erasotzat hartuko da, eta, horrenbestez, denek adostu dute, defentsarako eskubide zilegia aitortuz [...], beharrezko neurriak hartzea, are indar armatuaren erabilera [...]». 1949 eratu zuten NATO, eta soilik behin aldarrikatu dute artikulu hori: 2001eko irailaren 11n New Yorken gertatutako erasoen ondoren.
Espainiaren jarrera
Espainiaren gastu militarra %5era igo ez dadin, NATOrekin akordio bat egin duela esan zuen Pedro Sanchez presidenteak igandean. Haren esanetan, Espainiaren ekarpenak ez du BPGaren %2,1 gaindituko, baina aliantzaren eskakizunak beteko ditu. Ruttek esan du portzentaje hori handitu beharko duela, eta Trump bera Sanchezekin haserre agertu da azkeneko orduetan. «Espainia arazo bat da», adierazi zien atzo kazetariei. Sanchezek berak gaur agerraldi batean defendatu du BPGaren portzentaje hori «nahikoa» dela.
Belgikak ere ez du begi onez ikusi gastu militarra %2tik %5era igotzea, baina Bart De Wever hango lehen ministroaren hitzetan, «NATOren estrategek» zerbaitegatik erabaki dute igoera hori. Ironiaz mintzatu da Espainiak egindako itunaz: «Bikaina litzateke %,2,1 baliatuta betetzea; Sanchez gai baldin bada, jeinu bat litzateke». Espainiako hedabideek kaleratutako informazioaren arabera, Espainiako presidentea ahalegindu da Trumpekin parez pare topo ez egiten, eta ez laneko bilera hasi aurretik, ez taldeko argazkian, ez du gainontzeko buruzagiekin ia hitz egin.