Errusiak Krimeako penintsula inbaditu zuen 2014ko otsailean, eta hilabete batzuk geroago, irailean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak erabaki bat hartu zuen: aliantza militarraren kideek gastu militarra areagotu beharra zeukaten, eta norbere BPG barne produktu gordinaren %2 izan behar zuen, gutxienez. 11 urte geroago, AEBek planteatu dute gastu hori areagotzea, eta 2032rako 32 kideek beren BPGaren %5 baliatzea gastu militarrerako. Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Erresuma Batuak, esaterako, ez diote ezetz esan aliantzaren aurrekontuari ekarpenik handiena egiten dion herrialdeak eskatutakoari. «Errusiaren mehatxua» da horretarako argudioa. Aintzat hartu behar da, gainera, EB Europako Batasunak berrarmatzearen alde egin duela. Mark Rutte aliantza militarraren idazkari nagusiak gaur nabarmendu du beharren arabera ezarriko dutela gastu militarreko helburu berria.
NATOko kide diren herrialdeetako Defentsa ministroak Bruselan batzartu dira. Atzo bildu ziren, baita gaur ere, eta helburu dute hilaren 24an eta 25ean Hagan (Herbehereak) aliantzak egingo duen goi bilera prestatzea, eta bilkurara jarrera bateratu batekin heltzea. Ruttek gaur egin ditu adierazpen horiek, agerraldi batean, eta ondoan izan du AEBetako Defentsa idazkari Pete Hegseth. «Mehatxua zer-nolakoa den ikusita, NATOko herrialde guztiek konturatu behar dute %5eko ekarpena egin behar dutela; horretarako nago hemen, ziurtatzeko ulertuko dutela», esan du Hegsethek.
AEBetako presidente Donald Trumpek behin baino gehiagotan egin du mehatxu: gainontzeko kideek ez badute ekarpena handitzen, AEBak aliantza militarretik aterako dira. «AEBez aprobatxatzen ari dira», esan izan du. Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) amaitu zenetik, Mendebaldea nagusiki AEBen gaitasun militarraren menpe egon da defentsa arloan. NATOren datuei erreparatuta, AEBek beren BPGaren %3,19 erabili zuten iaz gastu militarrerako; aliantzaren batezbestekoa %2,6koa izan zen.
Frantziak, esaterako, %2,06 jarri zuen. Emmanuel Macronek maiz esan izan du talde komunitarioak «autonomia estrategikoa» izan behar duela helburu, eta, hain zuzen ere, goizaldean kaleratutako ohar batean Eliseoak adierazi du Rutte eta Frantziako presidentea elkarrekin mintzatu zirela atzo, eta «gastu militarra areagotzeko «beharra» izan zutela hizpide.
Eta EBko potentzia ekonomiko nagusiak, Alemaniak, begi onez ikusten du gastua areagotzea. Carsten Breuer armadaburuak esan du Errusia ari dela 1.500 tanke ekoizten urtero, 2029an, «edo lehenago», NATOko kide diren herrialdeei eraso egiteko. Hori adierazi zuen astelehenean Singapurren, foro militar batean. «Errusiaren mehatxua oso serioa; 40 urte daramatzat armadan, eta halakorik ikusi gabe nengoen».
«Borrokara formazio» eske
Hegsethek agerraldia baliatu du aliantzako kideei belarrietatik tira egiteko, eta azpimarratu du Europako aliatuek eta Kanadak aurrerapauso bat eman beharra daukatela, «ekimena har dezaten, eta onar dezaten kontinentearen defentsa misio nagusi gisa». Areago joan da AEBetako Defentsa idazkaria: «Ez ditugu bandera gehiago behar; borrokarako formazioa behar dugu. Ez ditugu konferentzia gehiago behar; gaitasuna [militarra] behar dugu».
Ez du herrialderik seinalatu, baina Espainiak, esate baterako, ez du beharrik ikusten. «Uste dugu %2 nahikoa dela hartu dugun erantzukizuna betetzeko», nabarmendu du Margarita Robles Defentsa ministroak, Bruselan. Dena den, kazetarien galderei erantzunez, ate bat ireki dio etorkizunean aurrekontua areagotzeari: «Noski, handituko litzateke, baldin eta gaitasun militarraren helburua betetzeko beharrezkoa balitz». Iaz Espainia izan zen aurrekontuari ekarpen txikiena egin zion kidea: BPGaren %1,24, aliantzaren datuen arabera. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri zuen apirilean, ordea, gastuaren %2ra helduko dela Espainia aurten.
Iaz, zortzi herrialde ez ziren iristen aliantzak 2014an ezarritako gutxienekora: Espainia (%1,24), Eslovenia (%1,29), Luxenburgo (%,1,29), Belgika (%1,30), Kanada (%1,30), Italia (%1,49), Portugal (%1,55) eta Kroazia (%1,81). Errusiak 2022an Ukrainako inbasioa hasi baino lehen, aliantzak 30 kide zituen, eta urte hartan 20 estatu ziren konpromisoa betetzen ez zutenak. Gaur egun, Finlandia (2024) eta Suedia (2024) kide bihurtu zirenetik, 32 dira.
Estonia ATERA EGIN DA pertsonen aurkako minak erabiltzearen kontrako itunetik
Ottawako Itunetik atera zen atzo arratsaldean Estonia, hau da, pertsonen aurkako minak erabiltzearen, ekoiztearen eta gordetzearen kontrako hitzarmenetik. Estoniako Parlamentuan hartu zuten erabakia, lege proiektu baten bidez; 81 parlamentarik egin zuten haren alde, eta bakar bat agertu zen aurka. Gainontzeko kideak abstenitu egin ziren; parlamentuan 101 eserleku daude. Hala, Baltikoko herrialdeen artean, itun horretatik irten den hirugarrena da Estonia; izan ere, Letoniak eta Lituaniak erabaki bera hartu zuten martxoan. Hiru herrialde horiek Errusiaren mugakideak dira.