NATOk Errusiarekin harremanak eten egin zituen iazko abuztuan, honek Georgiari eraso egin zionean, baina gaur erabaki du berriro ekitea Moskurekiko hartu-emanei.
Aho batez hartu dute neurria NATOko Kanpo Harremanetarako ministroek. Georgia AEBen eta NATOren aliatua da, baina hark iazko abuztuan Moskurekin izandako borroketan NATOk ez zuen esku-sartzerik egin.
Iazko abuztuan Georgiaren menpeko Hego Osetia eta Abkhazia errepubliketan -de facto independenteak 90eko hamarkadatik- sartu zen Errusiako armada, errepublika horietako gobernuen alde egiteko eta hara sartu berria zen Georgiako armadari aurre egiteko. Borroka eta erasoen ondoren, Georgiako soldaduak kanporatzea lortu zuen Errusiak, eta abuztuaren 26an bi errepublika haien independentzia formalki onartu zuen. Handik egun batzuetara, irailaren 9an, biekin harreman diplomatiko ofizialak hasi zituen.
Gainera, irailaren 17an adiskidetasun, elkarlan eta eraso baten aurrean elkarri laguntzeko akordioak sinatu zituen Moskuk Hego Osetia eta Abkhaziarekin.
Hego Osetiako agintariaren salaketa
Atzo Hego Osetiako agintari Eduard Kokoitik salatu zuen Georgia berriz armak biltzen ari dela Hego Osetian "sabotaje ekintzak egiteko". Hala dakar gaur Errusiako Rossíiskaya Gazeta egunkariak.
"Georgiako militarismoa ez da garaitua izan, eta berriz ari da armatzen", dio Kokoitik, eta Israelgo Gobernuak Tbilisiko gobernuari armak saltzen dizkiola salatu du.
Kokoitiren hitzetan, bereziki gasbidearen kontrako erasoak "antolatzen" ari da Georgiako Gobernua. Gasbide horren bidez Errusiako gas naturala jasotzen du Hego Osetiak.
MunDUA
NATOk Errusiarekiko harremanei ekin die, iaz Georgiarekiko gatazka zela-eta eten ondotik
Hego Osetiako agintariak salatu du Georgia berriz armatzen ari dela, bere errepublikaren kontrako "sabotajeak" egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu