Gutxi-asko, zera nahi du Volodimir Zelenskik: Ukraina NATOkoa izatea, baina hango kide izan gabe. Izan ere, Ukrainako presidenteak adierazi du NATOko kide izateko nahiari uko egiteko prest daudela, baldin eta bere herrialdeak Mendebaldeko aliantza militarreko kide izatearen pareko segurtasun bermeak jasotzen baditu. Errusiak beti esan izan du ez lukeela onartuko Ukraina NATOko kide izatea, eta iruditzen zaio herrialde «neutral bat» izan beharko lukeela. Eta Zelenskik atzo kazetari batzuei esandakoak gogoan, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi du gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, uko egite hori dela «prozesuaren ezinbesteko elementuetako bat». Egoera hori izanik bildu dira gaur Berlinen, bigarren egunez jarraian, Ukrainako ordezkariak, Zelenski bera barne, eta Donald Trump AEBetako presidentearenak: Steve Witkoff eta Kushner.
Bilkura horien ostean, Ukrainako estatuburuak aditzera eman du Washington prest legokeela NATOren 5. artikuluaren baliokidea izan daitekeen prozedura bat onartzeko. Friedrich Merz Alemaniako presidentearekin batera egindako agerraldi batean, segurtasun bermeak exijitu ditu gaur ere, eta gehitu du Kievek ezin duela lurralde kontzesioen inguruko erabakirik hartu berme horiek zeintzuk izango diren jakin aurretik. Etxe Zuriaren ordezkariekin bildu ostean batzartu da Alemaniako kantzilerrarekin.
Herenegun nabarmendu zuen NATOren 5. artikuluaren baliokidea izan daitekeen prozedura bat nahiko lukeela aipatutako segurtasun bermeak ziurtatzeko. Artikulu horretan zera dio, finean, aliantzako kide baten kontrako eraso bat aliantzaren beraren aurkako erasotzat hartzen dela, eta horrenbestez, kide diren estatuek «beharrezko neurriak» har ditzaketela, «indarra erabiltzea barne». Aliantza 1949an sortu zutenez geroztik, behin bakarrik aplikatu dute artikulu hori; 2001eko irailaren 11n Al-Qaedak AEBen kontra egindako erasoen ondoren.Â
Axios AEBetako hedabideak Washingtongo funtzionario bat aipatuz atzo kaleratu zuenez, AEBak 5. artikulu horretan oinarritutako berme bat emateko prest leudeke, Ukrainak lurraldetasunaren auzian kontzesioak eginez gero. Duela lau aste inguru, Donald Trump AEBetako presidenteak Errusiaren oniritziarekin egindako planteamenduari buruzko negoziazioak hasi zirenean, Zelenskik esaten zuen beren marra gorrietako bat zela auzi hori, baina ematen du Errusiak Ukrainan okupatutako eremuari uko egiteko prest dagoela gutxienez —herrialdearen azaleraren %20 inguru—. Gaur Zelenskirekin batzartu ostean, Merzek aipatu du Washingtonek segurtasun berme «aipagarriak» aurkeztu dizkiola Kievi, baina aitortu du lurralde kontzesioen auziak konpondu gabe jarraitzen duela.
Pussy riot «talde estremista» izendatu dute
Pussy Riot Errusiako punk-rock talde feminista «estremista» izendatu du gaur Moskuko auzitegi batek, herrialdeko fiskaltzaren eskaera bati erantzunez. Kontuan hartu behar da taldeko bost kideak in absentia epaitu dituztela Errusian, eta auzitegi batek
 hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri ziela aurreko irailean, armadari buruz gezurrak esatea egotzita. Kremlinen ustez, «atzerriko agenteak» dira Pussy Rioteko kideak. Errusiako Gobernuaren aurkako sinbolo bihurtu da taldea, eta horren sortzaile Nadia Tolokonnikovak zera idatzi zuen azaroan X sare sozialean: «Egia esatea estremista izatea bada, orduan estremista izatearekin konformatzen gara».
Aurreko astean bertan, Zelenskik atea ireki zion 60-90 eguneko epean bozetara deitzeko aukerari, baldin eta AEBek eta Europako aliatuek laguntzen badiote horietarako segurtasuna bermatzen; hain zuzen, Errusiaren beste eskaeretako bat horixe izan da. Izan ere, Moskuk behin baino gehiagotan egotzi izan dio Zelenskiri zilegitasunik ez edukitzea, berez tokatzen zirenean —iaz— ez zuelako presidentetzarako hauteskundeetara deitu.
Eta horiek horrela, Errusiak garbi utzi du gaur ez duela «tranpa» bat izan daitekeen tregoarik onartuko. Hori azpimarratu du Peskovek: «Erabaki serioak nahi ditugu». Azken egunetan, Moskuk esan du baldintza bakar baten pean onartuko lukeela menia: Ukrainak tropak ateratzen baditu Donetsk eskualdean kontrolpean duen eremutik —Errusiak %80 du okupatua—.
Gabonen bueltan
Horren guztiaren harira, AEBetako hedabideak, batez ere, zera ari dira argitaratzen: Trumpek Gabonen bueltan akordio bat sinatu nahiko lukeela. Horri buruz galdetu diote Kremlineko buruari gaur, eta erantzun du ez dela «ausartzen» epeez hitz egitera.
Dena den, aintzat hartzekoa da Witkoff eta Kushner Trumpen aholkulariak lehen aldiz bildu direla Zelenskirekin, eta atzo Witkoffek esan zuela «aurrerapauso» esanguratsuak eman zituztela bileran. AEBetako ordezkariekin batzartu ondoren, gaur iluntzean Europako potentzietako liderrekin, EB Europako Batasunekoekin, eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin batzartuko da Zelenski Berlinen.