Lagun jazarroiaren alboan egotea interesatzen zaionaren antzera, Mark Rutte NATOko idazkari nagusia Donald Trump AEBetako presidentea lausengatu nahian ari da. Trump dezepzionatuta egotea ulertzen duela adierazi du gaur, Ankaran, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen urteroko goi bileran —atzo hasi zen, eta gaur amaituko da— emandako prentsaurreko batean. Halere, zehaztu du «kasu bakanak» direla, Etxe Zuriko maizterra ez dagoela haserre aliantza militarreko kide guztiekin. Prentsaurrekoan, alboan izan du Trump, eta, Rutte koipea ematen aritu zaion arren, aliatuen aurka egiten jarraitu du gaur ere AEBetako presidenteak: «Oso atsekabetuta nago NATOrekin». Baina gero bilkura egin dute aliantza militarreko liderrek, eta Etxe Zuriko maizterrak diskurtsoa baretu du, eta esan «ona» izan dela bilera, nahiz eta ez zuen argitu zergatik; are, Turkiako hiriburuan egindako goi bilera bukatzean, hori «arrakastatsua» izan dela, eta NATO «batuta» dagoela azpimarratu du. Horrela jokatu ohi du Trumpek.
Horren guztiaren harira, 32 estatu kideetako buruek ohar bateratu bat kaleratu dute, eta berretsi aliatu baten aurkako erasoa aliatu guztien aurkakoa dela. Aliantzaren 5. artikuluak hori dio, eta ziurtatu dute «konpromiso hautsezina» dutela artikulu horrekin. Gainera, azken urteetako goi bileretan egin moduan, zehaztu dute aliantzarentzat Errusia dela etorkizunerako mehatxurik handiena, eta ziurtatu Ukrainaren alboan jarraituko dutela. 70 bilioi euro erabiliko dituzte aliantzako kideek Kievi ekipamendu militarra eta prestakuntza emateko.
Bileraren ostean egindako agerraldian, Ruttek nabarmendu du aliantzako 32 estatu kideetako liderrak «batuta» daudela, eta NATO «inoiz baino indartsuagoa» dela —ideia hori bera berretsi dute aliatuen liderrek—. Behin eta berriz goraipatu du Trumpen jarduna, aliantza militarra «eraldatzen» eta «indartsuagoa egiten» ari delako. Eta gaineratu du gainerako kideek «atseginez» hartu dutela AEBetako presidentearen lidergoa. Kazetariek Trumpen kritiken inguruan galdetu diotenean, NATOko buruak erantzun hau eman du: «Gustuko dut lagunen artean eztabaidak egotea. Horrek indartsuago egiten gaitu».
AEB-ek patriot misilak fabrikatzeko baimena emango diote kievi
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartu ostean, Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi du Patriot misilak fabrikatzeko baimena emango diola Kievi: «Horrela ezingo duzue esan gutxiegi ematen dizkizuegula». Aireko defentsarako erabiltzen dira Patriot misilak, eta azken egunetan Zelenskik esana zuen horiek lortzea zuela lehentasuna. Gainera, Trumpek begi onez ikusi ditu Ukrainako armadak azken asteetan Errusian zehar egindako erasoaldiak. AEBetako presidenteak eta Marco Rubio Estatu idazkariak esan dute oldarraldi horrek lagundu dezakeela gerra lehenago amaiarazten.
Aliatu guztiekin batzartu aurretik, baina, Trump ez da lagunkoi mintzatu: «Ez nago gustura, NATOrekin Groenlandian egin digutenagatik: ez zigutelako lagundu nahi izan terrorismoa gehien babesten duen herrialdearen aurka, Iranen aurka». Aliatuek AEBak gaizki tratatu dituztelakoan dago Trump, eta aditzera eman du laguntza gehiegi ematen ari direla jasotzen dutenaren aldean. NATOko idazkari nagusiarentzat kasu bakanak badira ere, herrialde asko kritikatu ditu gaur ere AEBetako presidenteak.
Espainia «oso bazkide txarra» dela adierazi du, eta Madrilekin harreman komertzial guztiak eteteko agindu behar duela: «Ez dute parte hartzen, ez dute ordaintzen... Ez dut Espainiarekin ezer jakin nahi». Hor atera da Rutte, auziari pisua kentzeko asmoz: «Espainiak %2 ordaintzea ere lortu du Trumpek». NATOren 2014ko goi bileran adostu zuten estatu kide guztiek beren barne produktu gordinaren %2 bideratu behar zutela defentsara; iaz, harago joan ziren, eta hitzartu zuten 2035erako %5 erabili beharko zutela defentsan. Bide horretan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen administrazioa trabak jartzen ari dela salatu izan du Trumpek.
Horren harira, Ruttek gogorarazi du Europako aliatuak eta Kanada gero eta konpromiso sakonagoa hartzen ari direla; diru, langile eta ahalmen gehiago ari dira jartzen defentsan. Eta Trump goraipatu egin du, herrialde horiei presio egiteagatik. Mark Carney Kanadako lehen ministroak ere esan du «egokia» iruditzen zaiola AEBek hartutako «karga arintzea». Eta ziurtatu du Europako aliatuak eta Kanada prest daudela horretarako. Kanadak bere BPGaren %1,5 inguru jartzen zuen defentsarako Carney kargura iritsi aurretik; datozen bi urteetan %4 inguru jarriko duela estimatzen dute.
Groenladia, «arazo handia»
Lausenguak lausengu, AEBetako presidenteak ez du Groenlandia ahaztu: «Arazo handia da guretzat». Iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik ari da esaten Artikoko uharte hori anexionatzeko «beharra» duela. «Mundua babesteko beharrezkoa dugu», zehaztu du gaur. Horren aurrean, gaur Ruttek oroitarazi du, Davosko Foroan, urtarrilean, adostu zutela AEBetako armadak presentzia handiagoa izango zuela Groenlandian, eta ziurtatu du akordio hori beteko dutela. AEBetako presidentearentzat, ordea, hori ez da nahikoa: «Groenlandia oso garrantzitsua da AEBentzat; Danimarkarentzat, ez».
Horren harira, Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak argi utzi du Groenlandia ez dagoela salgai —gobernu autonomoa badu ere, ofizialki Danimarkaren parte da Groenlandia—. Gainera, beste hainbat aliatuk ere babestu dute Kopenhage. Islandiako lehen ministro Kristrun Frostadottirrek azaldu du groenlandiarrek argi utzi dutela ez dutela AEBen parte izan nahi. Edgars Rinkevics Letoniako lehen ministroak esan du Groenlandia Danimarkaren «ezinbesteko zatia» dela, baina zehaztu du Artikoko segurtasuna indartu beharra dagoela, eta NATO horretarako gai dela.
12
Zenbat herrialdek areagotuko dituzten operazioak iparraldeko itsasoetan. Europako 11 aliatuk eta Kanadak adostu dute defentsaren arloan ekarpen gehiago egingo dituztela Artikoan, Baltikoan eta Atlantiko iparraldean, «segurtasuna areagotzeko». Alemaniak, Danimarkak, Espainiak, Erresuma Batuak, Finlandiak, Frantziak, Islandiak, Herbehereek, Kanadak, Norvegiak, Portugalek eta Suediak ohar bateratu batean jakinarazi dute itsaso horietan jarduteko konpromiso handiagoa hartuko dutela.
Alemania eta Frantzia ere kritikatu ditu Trumpek, eta gogor egin du berriz ere Erresuma Batuaren aurka, Iranen kontrako erasoaldian lagundu ez ziolako. Italia ere «oso gaizki» portatu dela esan du. NATOko liderren arteko bilkura hasi baino lehen egin ditu adierazpen horiek. Ondoren, berandu iritsi da 32 estatu kideetako liderrek atera duten familia argazkira. Gehienek irribarrez hartu dute.