Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuko presidenteak NATOren Afganistango tropen burua kargutik kendu du gaur: Stanley McChrystal jenerala. Izan ere, honek Obama eta hainbat goi agintari kritikatu ditu Rolling Stone aldizkarian. Hainbat hedabidetara filtratutakoaren arabera, Obamaren politikak huts egin diola ziurtatu du McChrystalek.
AEBetako presidenteak McChrystal ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarren tropen burua hartu du gaur Washingtonen, Etxe Zurian, eta ordu erdiko bilera egin dute. David Petraeus da McChrystalen ordezkoa; AEBetako armadako buruetakoa da.
Etxe Zurian ez dituzte batere ongi hartu jeneralaren adierazpenak, azken asteetako talibanen aurkako estrategiaren kritikak elikatzera etor litezkeelakoan. McChrystalek berak barkamena eskatu zuen Etxe Zurirako deia jaso aurretik, eta zintzotasun profesionalaren aldeko printzipioak goretsi zituen. "Obamari errespetu eta mirespen handia diot, baita segurtasun taldeari ere".
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea jeneralaren babestera irten zen atzo. "Artikulua zoritxarrekoa da, baina artikulu bat besterik ez da. Gatazka erreal baten erdian gaude, eta idazkari nagusiak konfiantza osoa du McChrystal jeneralean, baita bere estrategian ere", azaldu zuen NATOko ordezkari batek.
ameriketako estatu batuak
NATOren Afganistango tropen burua kargutik kendu du Obamak
McChrystalek AEBetako presidentea eta hainbat goi agintari kritikatu ditu aldizkari batean. Petraeus da ordezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu