NATOtik kanpo AEBek aliatu nagusi izendatu dute Afganistan

Bi herrialdeen arteko lankidetza militarra handitu egingo dutela azaldu du Hillary Clintonek Kabulera egin duen bisitanNazioarteak 16.000 milioi dolarreko laguntza hitzemango dio Kabuli, 2015a arte

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
NATOko tropak Afganistandik erretiratuko diren eguna gero eta gertuago dago. 2014 amaierarako Afganistanek herrialdeko segurtasunaren ardura bere gain hartzea espero dute aliatuek, erretiratzea hitzartutako epean egin ahal izateko. AEBek, ordea, 2014tik aurrera ere Afganistanen eragina izaten jarraitu nahi dute, Kabulgo gobernuaren ahultasunaren eta talibanen indarraren jakitun. Horretarako, Afganistan NATOtik kanpoko aliatu nagusi izendatu du Barack Obamak, AEBetako presidenteak. Epe luzera segurtasunaren eta defentsaren alorrean elkarlana sendotzeko bidea emango du izendapenak, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak Kabulera ezustean eginiko bisitan azaldu duenez. «Afganistanen etorkizunarekin dugun konpromisoa sinbolizatzen du neurri honek», gaineratu du Clintonek.

AEBen aliatu nagusi izateak «abantaila ugari ditu», Hego Koreak, Israelek, Egiptok eta Japoniak eta beste hainbat herrialdek ongi dakiten bezala. Ikerketa teknologikoetan proiektu bateratuak aurrera eramateko, entrenamendu programak egiteko eta defentsarako material soberakinak jasotzeko aukera izango du Afganistanek, Clintonek azaldu duenez.

2014tik aurrera ere Kabuli «laguntza » emateko sinatu duten elkarlanerako akordio estrategikoaren baitan eman dute AEBek Afganistan aliatu nagusi izendatzeko urratsa. «Washingonek eta Kabulek aliantza iraunkor bat nahi dugu, Afganistanen subiranotasuna, egonkortasuna eta oparotasuna indartuko dituena, eta Al-Qaeda eta bere muturreko aliatuak garaitzeko helburuan lagunduko duena», nabarmendu du Washingtongo eledunak.

Tokion laguntza eske

Kabuldik Tokiora joan da AEBetako Estatu idazkaria, nazioarteak Afganistani buruz gaur egingo duen goi bileran parte hartzeko. Bertan, Afganistani hemendik aurrera emango dioten laguntza zehaztuko dute 80 herrialdeetako ordezkariek. Koichiro Gemba Japoniako Atzerri ministroak aurreratu duenez 2015a bitartean 16.000 milioi dolar emango dizkiote Kabuli.

Hamid Karzai Afganistango presidenteak 2014tik aurrera urteko 4.000 milioi dolar eskatu dizkio nazioarteari, garapen bidean aurrera jarraitu ahal izateko. Izan ere, NATOko tropen erretiratzearen ondoren orain arte jaso dituen laguntzarik gabe geratzearen beldur da gobernua. Maiatzean AEBetako Chicago hirian egin zuten goi bileran, baina, Obamak argi utzi zuen 2015etik aurrera ere Afganistango indarrak babesten jarraituko duela. «Ez ditugu afganiarrak bakarrik utziko. Aliantza luzea hitzartuko dugu Afganistanekin». 2015etik 2018ra bitartean Afganistango armada eta Polizia finantzatzeko proposamena egin zuen Etxe Zuriak, eta NATOko estatu kide guztien artean urteko 3.200 milioi euro inguru jartzeko eskatu zuen. Washingtonek, baina, ez du zehaztu Afganistani laguntzeko zenbat diru emateko prest dagoen.

Japoniako Atzerri ministroak argi utzi du Kabuli ez zaiola nazioartearen laguntza doan aterako. Trukean gardentasun handiagoa eta ustelkeriari aurre egiteko neurri zehatzak eskatuko dizkiote gobernuari.

Matxinoen erasoak

Atzo ere hainbat eraso egin zituzten talibanek Afganistanen, eta gutxienez zazpi lagun hil zituzten. Herrialdearen hegoaldean, bonba bat jarri zuten errepide batean, eta auto batean zihoazen sei lagun hil zituzten. Farahen, berriz, gobernuaren eraikin batetik gertu beste lagun bat hil eta hemezortzi zauritu zituzten. Poliziak talibanei egotzi dizkie erasoak. Izan ere, NATOko tropen erretiratze eguna gero eta gertuago dagoen arren, talibanek indartsu daudela erakusten dute egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.