Errusia

Navalnik sortutako Ustelkeriaren Aurkako Fundazioa debekatu dute auzitegiek

Apirilean jo zuten muturrekotzat fundazioa, eta, orain, haren bulegoak itxi dituzte Moskuko Auzitegi Nagusiaren aginduz.

FBK gobernuz kanpoko erakundeko abokatuak, Moskuko Auzitegi Nagusiaren atarian, epaiketaren ostean. MAXIM SHIPENKOV, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 10a
11:39
Entzun

Errusiako legebiltzarrerako hauteskundeetarako hilabete batzuk falta direnean heldu da erabakia. Moskuko Auzitegi Nagusiak debekatu egin du Aleksei Navalni oposizioko kideak beste hainbat lagunekin batera sortutako FBK Ustelkeriaren Aurkako Erakundea, eta haren ordezkaritzak ixteko agindu du. Erabakiak ondorio larriak ditu erakundeak diruz lagundu edo bertan lan egin dutenentzat. Izan ere, auzipetuak izan daitezke eta kartzela zigorrak jaso.

Fiskaltzak eskatuta egin du urratsa auzitegiak. «Erakunde horrek, gobernuaren aurkako gorrotoa eta bere kontrako erresumina zabaltzeaz gain, muturreko ekintzak ere bultzatzen ditu», adierazi du Aleksei Zhafiarovek, mozioa aurkeztu duen fiskalaren bozeramaileak.

Aurtengo apirilaren 29an sartu zuten Navalniren FBK fundazioa muturreko erakundeen zerrendan, Alderdi Nazional Boltxebikearekin, Al-Qaedarekin eta Estatu Islamikoarekin batera, besteak beste. Gobernuko goi karguen inguruko ustelkeria kasuei buruzko txostenak argitaratu izan ditu FBK erakundeak azken urteetan. 

Errusiako presidente Vladimir Putinen aurka egiteko baliatu du debekua nazioarteak. EB Europako Batasunak salatu du «oposizioaren aurkako orain arteko erasorik gogorrena» izan dela gobernuz kanpoko erakundearen legez kanporatzea. Josep Borrell diplomaziaburuak irakurri du estatu kideek izenpetutako adierazpen bateratua: «Erabakia oinarririk gabea da, eta argi uzten du zein den Errusiako Gobernuaren joera: giza eskubideak urratzea eta demokraziaren aurkako jazarpen sistematikoa bultzatzea».

Bruselak, irailean egingo dituzten hauteskundeekin lotu du debekua. Udazkenean, legebiltzarreko 450 diputatuak aukeratzeko bozak egingo dituzte, eta, zalantzarik ez dagoen arren Putinen Errusia Batuak irabaziko duela, adituek diote litekeena dela hainbat ordezkari galtzea, sistematik kanpoko oposizioak azken hilabeteetan lortutako babesaren ondorioz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.