Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako lehen ministroak adierazpen argia egin zuen atzo, Mette Frederiksen Danimarkakoa ondoan zuela: «Estatu Batuen eta Danimarkaren artean aukeratu behar badugu hemen eta orain, Danimarka aukeratzen dugu. NATO aukeratzen dugu. Danimarkako Erresuma aukeratzen dugu. Europako Batasuna aukeratzen dugu». Vivian Motzfeldt Groenlandiako Atzerri ministroari egokituko zaio jarrera hori argi uztea gaur Etxe Zurian, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariaren eta JD Vance presidenteordearen aitzinean. Motzfeldtek Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroa izanen du ondoan. Nazioartearen arreta osoa bereganatuko du bilerak, maila diplomatiko gorenera ailegatu baita duela urte batzuk arte fikziorako gaia zirudiena: AEBek NATOko aliatu baten menpeko lurralde bat hartzea. Donald Trump AEBetako presidenteak behin eta berriz erran du Groenlandia inbaditzeko prest dagoela, baina mahai gainean egonen den lehenbiziko eztabaidagaia lurraldea erosteko eskaintza bat izanen da, teorian. Hain da ezohikoa egoera, hamaika galdera eta zalantza sortu ditu nazioartean.
Eros al daiteke herrialde bat?
Erantzun motza honako hau da: bai. Baiezko horri, ordea, ñabardura sorta bat egin behar zaio, kasuistika bat baino gehiago kontuan hartu, eta, orduan, praktikan, hori gertatzea hagitz zaila dela ondorioztatzen da. Teorian, eskaintza jaso duen herrialdea ados balego, inork ez luke salmenta eragotzi behar. Auzia politikoa da funtsean, ez legala. Baina ezin da arau unibertsal bat erabili, ez baita gauza bera herrialde bat, herrialde baten zati bat, biztanleak dituen territorio bat edo biztanlerik gabeko lur bat. Burujabetza nork duen kontuan hartu behar da, baita, gobernuren batek salmentaren bat onartuko balu, tokian tokiko legediak eta nazioartekoak joka dezaketen rola ere.
Groenlandia bera da adibide. 1991n Danimarkako Jyllands-Posten egunkariak argitaratu zuen AEBek Groenlandia erosteko eskaintza bat egin ziotela Danimarkari 1946an. Ehun milioi dolar urretan eskaini zizkioten. Eskaintzari buruzko agiriak 1970eko hamarkadan argitaratu zituzten AEBek, baina Jyllands-Posten-ek atera arte ez zien inork erreparatu. Danimarkak ez zuen onartu, baina AEBei Groenlandian militarki jardutea baimendu zien, eta horren ondorio da gaur egun han duten Pituffik basea. Baina Danimarkak onartu izan balu, garai hartan, zerk eragotziko zukeen Groenlandia AEBen parte bihurtzea?
Gaur egun ezberdina da egoera. 1979an, Danimarkak autonomia onartu zion Groenlandiari —herritarrek erreferendumean berretsita—, eta, 2009an, estatusa berritu zuten, eta autodeterminaziorako eskubidea onartu zitzaion uharteari. Hortaz, nahiz eta Danimarkako Koroaren parte izan, Groenlandiak legez onartua du nazio izaera eta estatu independente bat izateko eskubidea. Horrek erran nahiko luke Danimarkak ezinen lukeela Groenlandia saldu bertako instituzioak eta herritarrak ados izan gabe. Ñabardura hori gutxitan hartzen zen kontuan XIX. mendean eta XX.aren hasieran Mendebaldeko potentziek elkarren artean egin zituzten salerosketetan.
Egin al da berriki horrelako erosketarik?
Estatu burujabeek lurrak erosi izan dituzte bertze estatu burujabeetan. Errate baterako, 2013an Txinako Xinjiang Production and Construction Corps konpainia publikoak Ukrainako azaleraren %5 erosi zuen; lantzeko lurra, guzia. Hurrengo urtean, berriz, Ozeaniako Kiribatiko Errepublikak 22 kilometro koadroko eremu bat erosi zuen Fijiko Vanua Levu uhartean. Helburua, honako hau: Kiribatiko iheslari klimatikoentzako bizileku bat eraikitzea. Kiribatik 113.000 biztanle ditu, eta Ozeano Barean barreiatuta dauden 33 uhartek osatzen dute. Itsas mailatik batez bertze bi eta bortz metro arteko garaiera baino ez dute, eta Anote Tong presidentearen beldurra zen klima larrialdiaren eraginez itsasoak gain hartzea eta uharte anitzetan bizitzea ezinezkoa izatea. Txinaren eta Kiribatiren erosketen kasu horietan, ordea, lurra ustiatzeko eta erabiltzeko jabetza jaso arren, ez dute burujabetza eskuratu; hau da, lurralde horiek Ukrainaren eta Fijiren agintepean segitzen dute.
Lurralde baten burujabetza saltzearen antzeko kasuetan berriena Egiptoren eta Saudi Arabiaren arteko tratua da. 2016an Egiptok Sanafir eta Tiran uharteak eman zizkion Saudi Arabiari —Egiptoko Sinai penintsularen eta Arabiar penintsularen artean daude, Aqabako golko estuaren sarreran, eta ez dute biztanlerik—. Trukean, Riadek hamalau milioi euroko inbertsio funts bat sortzea adostu zuen, Sinain merkataritza askeko eremu bat garatzea, Kairori mailegu malguak ematea, eta bertze zenbait azpiegitura proiektu finantzatzea. Beraz, teknikoki ez zen salmenta bat izan. Hurrengo urtean, Egiptoko Administrazio Auzitegi Gorenak ebatzi zuen uharteak Saudi Arabiari ematea ez zela legezkoa, eta Abdel Fatah al-Sisi presidenteak eta Salman bin Abdelaziz Saudi Arabiako erregeak egin zuten akordioa baliogabetu zuen. Hala ere, Al-Sisik hitzarmena indarrean paratu zuen.
Zer dauka buruan Trumpek?
Bertze gai anitzekin bezala, arras zaila da AEBetako presidenteak eginen duena iragartzea. MAGA Make America Great Again da Trumpen aldekoen mugimenduaren izena —Egin berriro Amerika handi—. Berriro horrekin zein garairi buruz ari diren galdetu izan zaie, eta, Groenlandiako auziarekin bederen, nahiko garbi dago Trump XIX. mendeaz eta XX.aren hasieraz ari dela, AEBek territorioa azkarki handitu zutenean Florida, Alaska, Louisiana eta bertze zenbait lurralde Europako potentziei erosita. Lehenbizikoz 2019an adierazi zuen Groenlandia bereganatu nahi zuela. Lehenbiziko agintaldia zuen orduan, eta Wall Street Journal-ek Etxe Zuriko iturriak aipatuta argitaratu zuen presidenteak «ideia hori aztertzeko» agindu ziela aholkulariei. «Apiril Arraineko txantxa bat izan behar du. Erabat lekuz kanpokoa», adierazi zuen orduan Danimarkako lehen ministroak Twitter sare sozialean. Rasmussen zen gobernuburu hura, gaur Etxe Zurira Atzerri ministro gisa bisita eginen duen berbera.