eitb24.com orriak jaso ditu Angel Vazquez Espainiako Gobernuko Kanpo Informaziorako Zuzendaritza Nagusiko bozeramailearen adierazpenak. Vazquezek agertu du Euskal Herritik hainbat dei jaso dituztela itsasikarak kaltetutako herrietan oporretan ziren senideei buruz galdetzeko, haien berririk ez dutelako. Ondorioz, kaltetutakoen artean euskal herritarrak egotea litekeena dela esan du.
Hildakoen eta desagertuen inguruko kopuru lazgarriak utzi ditu itsasikarak, baina igandeko tsunamien erasoetatik salbatzea lortu dutenek ere ez dute orain lan erraza. Etxebizitzen eta ondasunen galerarijanari eta edariaren falta batu behar zaio, eta gainera, izurriteen arriskua handia da. Izan ere, milaka eta milaka gorpu kaleetan daude, lurperatzeke, eta beroarekin usteltzen ari dira.
Mementoz, 77.000 hildako kontatu dituzte, baina desagertuak asko direnez, zenbaki horrek oraindik ere gora egingo duela uste dute. Gainera, atzo OME Osasunaren Munduko Erakundeak esan zuenez, izurrite eta gaixotasunekin itsasikararekin adina lagun hil daitezke.
Horrelakorik ez gertatzeko ahaleginetan ari da nazioartea, eta inoizko laguntzarik handiena ematea espero da.
Indonesian zenbatu dituzte hildako gehien orain arte: 32.502. Sri Lankan 21.715, Indian 12.419, Tailandian 1.516, Maldivetan ehunka lagun, eta baita Mianmarren eta Malaysian ere. Afrikan, berriz, 133 hildako daude.
Hori gutxi balitz, Richter eskalan 5 eta 6 graduko indarra zuten lurrikarak izan dira gaur Indian, eta hango agintariek esan dutenez, ez dakite ze ondorio ekarri dituzten lurrikara horiek.
itsasikara asian