Erreferendum Legearen bidez deitu nahi du Kataluniako Gobernuak estatu independenteari buruzko erreferendumera, eta bihar aurkeztuko du legearen edukia. Hala ere, RAC irratiak zirriborroaren parte bat argitaratu du.
Junts Pel Sik eta CUPek adostu dute testua, eta, bi talde horiek Kataluniako Legebiltzarrean gehiengo absolutua dutenez, parlamentuak araua onartzea espero da. Hitzaurrean, legeak gogora dakar Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Zibil eta Politikoen eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen itunek autodeterminazio eskubidea jasotzen dutela 1966az geroztik, eta itun horiek Espainiak berretsi zituela 1977an. Halaber, oroitaraziko du Kataluniako Legebiltzarra sarri agertu izan dela autodeterminazio eskubidearen alde.
Legea "2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan sortutako mandatu demokratikoaren adierazpen gorena" dela dio zirriborroak. 34 artikuluk, hitzaurreak eta xedapen gehigarri batek osatzen dute lege proposamena. Asteartean, aurkeztu eta gero, edukiak azaltzeko kanpaina bat abiatuko dute. Galdeketaren prestaketa lanetan, egun horretan eta emaitzen ezarpenean parte hartzen duten agintari, pertsona eta enpresa oro babesteko legea izan dadin nahi dute Junts Pel Sik eta CUPek.
Espero da abuztu amaieran bideratzea parlamentuan erreferenduma antolatzeko legea, eta deskonexio legea, berriz, erreferendumean baiezkoak irabaziz gero onartuko lukete. Urriaren 1erako dago iragarrita galdeketa.