Nazioarteko ordena berria lider «harraparien» esku dagoela salatu du AIk

Amnesty Internationalek giza eskubideen egoeraz kaleratzen duen urteroko txostenaren arabera, Trump, Netanyahu, Putin eta halako agintariek giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea ezabatu nahi dituzte. Europako demokrazien epelkeria ere gaitzetsi du.

Israel eta AEBak Iranen egiten ari diren erasoaldiaren aurkako protesta bat, iragan astean, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Israel eta AEBak Iranen egiten ari diren erasoaldiaren aurkako protesta bat, iragan astean, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 21a
12:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Harrapari politikoen eta ekonomikoen» logikaren menpe dago mundu ordena berria. Eta «harrapari» horiek, kontrola, inpunitatea eta onurak lortzeko asmoz, nazioarteko zuzenbideari eta giza eskubideei eraso egiten dietela salatu du AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak, urtero giza eskubideen egoera globalaz kaleratzen duen txostenean. Donald Trump AEBetako presidentea, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Vladimir Putin Errusiako presidentea jarri ditu adibide moduan, eta gaineratu du nazioarteko erakundeen aurka ari direla.

Txosten horretan ohartarazi dute mundu ordena berria «estatu boteretsuen, korporazioen eta giza eskubideen aurkako mugimenduen esku» dagoela, eta haien helburua dela multilateralismoa, nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak «ezabatzea». Horretarako, lider «harrapariek» nola jarduten duten azaldu du Agnes Callamard AIko presidenteak gaur, Londresen egindako prentsaurreko batean: lehenik eta behin, beto eskubidea erabiltzen dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, eta ez diote uzten erakundeari bere lana egiten; eta jarraian, salatzen dute NBE ez dela ezertarako gai mundu ordena berri bat exijitzeko. Horren erakusgarri argiena da, Callamardek aipatu duenez, Trumpek sortutako Bake Batzordea.

Gainera, nazioarteko auzitegien aginpidea ere kolokan jarri dutela salatu du gobernuz kanpoko erakundeak. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Putin atxilotzeko aginduak emanak ditu, baina herrialde batzuek agindu horiek ez betetzea erabaki dutela gaitzetsi du AIk.

Izan ere, nazioartearen epeltasuna ere salatu dute txostenean, bereziki Europako demokraziena. Europako herrialde gehienak «baretze politikak» ari dira aurrera eramaten, eta lider «jazarroien» aurrean hori ez dela nahikoa uste du AIk. Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera txalotu du. Callamardek azpimarratu du Tel Avivek Zisjordania anexionatzeko asmoaren kontra agertu dela Madril, baita AEBek Groenlandia inbaditzeko intentzioen aurka, eta Libanoko eta Irango erasoaldien kontra ere. Hegoafrikaren jokabidea ere goraipatu du.

Gaza, Ukraina eta Sudan

Giza eskubideentzat urte txarra izan zen 2025a Amnesty Internationalen ustez. Urraketa nagusien artean nabarmendu dituzte Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» eta Errusiak Ukrainan egindako «gizadiaren aurkako krimenak». Baina, horiez gainera, Sudango «sarraskiak» oroitarazi dituzte. Aurreko astean bete ziren hiru urte Sudango gerra piztu zenetik.

Afganistanen emakumeen aurkako politikak, Irango protesten kontrako errepresioa, AEBek Ozeano Barean eta Karibe itsasoan egindako erasoak, Myanmarko gatazka eta giza eskubideen beste zenbait urraketaren berri ere eman dute txostenean. Halere, zehaztu dute gazteen artean oraindik ere badagoela giza eskubideetan oinarritutako mundu ordena baten aldeko jarrera. Eta horren erakusgarri, Nepalen, Kenyan, Indonesian eta Marokon egindako protestak aipatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA