Gaur izendatu dute ofizialki Palestina Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide. Hagan izan da ekitaldia, eta Palestinako atzerri ministro Riad al-Malkik Erromako Estatutuaren kopia sinboliko bat jaso du bertan. Hain zuzen, itun hori gehi nazioarteko beste hamabost itun babesten zituela adierazi zuen urtearen hasieran PAN Palestinako Aginte Nazionalak.
Horrela, besteak beste, Palestinako Gobernuak onartu egiten du nazioarteko auzitegiaren eskumena 2014ko ekainaren 13tik aurrera lurralde okupatuetan izaniko ustezko krimenetan —Jerusalem ekialdean barne—.
Saeb Erekat buruzagi palestinarraren aburuz, "justiziaren, bakearen eta askatasunaren alde" egun "historikoa" da gaurkoa. Haren ustez, Palestinaren atxikimendu honek agerian jartzen du nazioarteko arautegia errespetatzeko borondatea, eta, beraz, nazioarteko komunitateari eskatu dio nazioarteko zuzenbidea defendatu eta Palestinako lurralde okupatuen aferari hel diezaiola.
Hamasek ere ongietorri eman dio erabakiari, baina mesfidati agertu da neurria maniobra poltiko bat besterik ez ote den.