NBEk esan du Lurraren berotzea gelditzeko 10,6 bilioi euro inbertitu beharko direla

«Naturan oinarritutako konponbideak» erabili beharko dira tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko, erakundearen Ingurumen Programak dioenez

Justizia klimatikoaren aldeko elkarretaratze bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak atzo argitaratutako txosten baten arabera, berotegi gasen emisioak murriztea ez da nahikoa Lurraren berotzea gelditzeko. NBIPk adierazi zuenez, Lurraren tenperatura 1,5 gradu baino gehiago igo ez dadin, «naturan oinarritutako konponbideak» erabili beharko dira. Hortaz, bai gobernuek, bai sektore pribatuak hamar bilioi euro baino gehiago inbertitu beharko lituzkete 2050 bitarte; 10,6 bilioi euro, zehazki.

Neurri horien artean daude basoberritzea, eguzki energia erabiltzea eta laborantza jasangarrian aritzea. Politika horiek, bertzeak bertze, ekosistemak babesten dituzte, emisioak murriztu, eta bioaniztasuna ez galtzea ahalbidetzen dute. «2050ean zero isuri izateko trantsizioa egin ahala, giza jarduera guztia ere bideratu behar dugu, denok bizi garen mundu naturalaren gaineko presioa arintzeko», azaldu zuen atzo Inger Andersen NBIPeko zuzendariak.

Andersenek gobernuak, enpresak eta finantza sektorea deitu zituen naturan oinarritutako konponbideak gauzatzeko funtsak «zorrozki» igotzera. Hala ere, NBIPko zuzendariak nabarmendu zuen gobernuek «nekez» igoko dituztela inbertsioak, orain haien inbertsioak totalaren %83 baitira. Hortaz, erakundeak adierazi zuen sektore pribatuaren inbertsioak handitu behar direla «nabarmen».

NBIPk azaldu zuen naturarendako negatiboak diren neurrietan egiten diren inbertsioak positiboetan egiten direnak baino hiru eta zazpi aldiz handiagoak direla. Inbertsio «kaltegarri» horien artean daude, adibidez, arrantzaren sektoreari, laborantzari eta erregai fosilen sektoreari ematen zaizkien laguntzak.

CBD Nazio Batuen Erakundearen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena Montrealen (Quebec) elkartuko da hemendik aste batzuetara, eta biodibertsitatearen kontserbazioari, leheneratzeari eta kudeaketari buruz mintzatuko dira. Txostena bilkura horren harira argitaratu dute. Izan ere, eztabaidatsuak diren gaiak izanen dituzte solasgai: Lurraren %30 eremu babestu izendatzea, eta txostenean «kaltegarri» izendatzen dituzten laguntzak desagertzea edo murriztea, besteak beste.

IEA Nazioarteko Energia Agentziak urriaren amaieran argitaratu zuen txosten batek ere Lurraren berotzea gelditzeko behar den inbertsioari erreparatu zion, baina karbono dioxidoaren isuriei eman zien garrantzia soilik. Agentziak nabarmendu zuen 2050erako munduko tenperatura gehienez 1,5 gradu igo dadin 4 bilioi euro inbertitu beharko liratekeela energia berriztagarrietan eta nuklearrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.