Mendebaldeko Sahara

NBEk eta Fronte Polisarioak gezurtatu egin dute Tindufera bidaiatzea arriskutsua izatea

Espainiako Atzerri ministro Josep Borrellek ohartarazi du aste honetan «arriskutsua» dela Tindufera bidaiatzea. Marokoko agintariekin bildu ostean egin ditu adierazpenok.

Bubisher proiektuko kamioi liburutegi ibiltaria, Tindufeko Dakhla kanpalekuan. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 28a
19:25
Entzun

Fronte Polisarioak Aljerian dituen kanpamentuetara bidaiatzea «arriskutsua» dela ohartarazi du aste honetan Espainiako Atzerri Ministerioak. Komunikabideetara bidalitako oharraren arabera, «iturri fidagarrietatik» jakin ahal izan dute Espainiako erakunde eta herritarren aurkako «atentatu bat prestatzen» ari direla. Nabarmentzekoa da, ordea, ohar hori zabaldu dutela Marokoko agintariekin bildu eta Fronte Polisarioaren XV. kongresua Tindufeko kanpamentuetan egingo zela jakin ostean.

Madrilen oharrak piztutako alertaren ondorioz, NBEren Mendebaldeko Sahararako misioko arduraduna Aljeriako kanpamentuetan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariekin bildu da, lasaitasuna eskatzeko. Izan ere, NBEk gezurtatu egin ditu Espainiako jarduneko gobernuak esandakoak, eta azaldu gaur egun ez dagoela hara bidaiatzeko inolako arriskurik.

Fronte Polisarioak berak ere gogor gaitzetsi du Madrilen jarrera, eta nabarmendu du Saheleko egoera lehengo bera dela. «Beste hainbat herrialdek ere badituzte hemen lanean ari diren erakundeak, eta inork ez du halako alarmarik piztu. Hemen 28 urte daramatza NBEren misioak, eta berak ere ez du mehatxu berririk atzeman azken hilabeteetan», salatu du erakundeak.

SEADeko Gobernuak, bestalde, errefuxiatuen aurka ez ezik haiei laguntzen dieten erakundeen aurka egitea ere egotzi dio Madrili. "Tamalgarria da, 44 urte geroago, Espainiako Gobernua sahararrei jazartzen jarraitzea. Erbesteratu egin zituen lehenik, eta Marokoren esku utzi zituen gero, zeina haiek hiltzen ahalegindu zen, fosforo zuria eta Napalm bonbak erabiliz, eta oraindik ere gure borrokaren aurka egiten jarraitzen du".

Era berean, gogorarazi dute ez dela lehen aldia Madrilek Tindufen lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak oztopatzen duena, Marokorekin eta Frantziarekin elkarlanean. «SEADeko Gobernuak eta Fronte Polisarioak Espainiako Gobernuari eskatzen diote geldi dezala Saharako herriaren aurkako eraso lotsagarri hau, eta onar dezala bere erantzukizun politikoa, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioa azkartuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.