Trumpen «bake plana» ezartzeko ebazpena onartu du NBEren Segurtasun Kontseiluak

AEBek aurkeztutako proposamenak ez du oztoporik izan. Hamasek salatu du «inposizioa» dela; Palestinako Aginte Nazionalak, berriz, adierazi du «estatu independente bat» lortzeko baldintzak ekarriko dituela.

Jerusalemen arta jasotzen ari ziren hainbat gazatar atzo itzuli ziren Khan Yunisera, eta harrera goxoa egin zieten senideek. HAITHAM IMAD / EFE
Jerusalemen arta jasotzen ari ziren hainbat gazatar atzo itzuli ziren Khan Yunisera, eta harrera goxoa egin zieten senideek. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko azaroaren 18a
08:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak irailaren amaieran Gazarako proposatutako «bake planak» jada badu ezartzeko modurik. Israelek eta Hamasek, gatazkako bi aldeek, urrian sinatu zuten su etenerako akordioa, eta, horietaz gain, Trumpek nazioartea ere limurtu behar izan du, plan horretan bildutakoak gauzatzearren. Horretarako, AEBek ebazpen proposamena aurkeztu dute Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, Euskal Herrian gauerdia heltzear zela: kide guztiek baiezkoa bozkatu dute, Txinak eta Errusiak izan ezik, kontseiluko kide iraunkor horiek abstenitu egin baitira. Israelen NBEko enbaxadorea bozketan egon da; ez, ordea, Palestinako ordezkaritzarik.

Ebazpenak bide emango dio, hortaz, zerrendako «barne segurtasunaz» arduratuko den Nazioarteko Egonkortze Indarra sortzeari. Misio militarren aitzakiarekin, 20.000 soldadu inguru bidaliko dituzte Gazara; herrialde arabiarretako eta nazioarteko tropek osatuko lukete, Israelek esana duen arren ez dituela onartuko, esaterako, Turkiako soldaduak zerrendan egotea. Nazioarteko indar horren zereginetako bat izango da, printzipioz bi urtez, Hamas Palestinako talde islamista armagabetzea, baita zerrendako mugak zaintzea eta polizia indar palestinarrak entrenatzea ere. Horretarako, «beharrezko neurri guztiak» erabili ahalko ditu Nazioarteko Egonkortze Indarrak, filtratutako ebazpenaren zirriborro batek dioenez.

Bake Batzordea eratzea ere onartu dute bart. Organo horrek misio militarra kudeatuko du, eta zerrendarako trantsizio gobernua ere bai. Izan ere, Trumpen planaren arabera, trantsiziozko gobernu «apolitiko eta teknokrata palestinar» bat arduratuko da eguneroko zerbitzu publikoak kudeatzeaz, betiere AEBetako presidenteak berak zuzenduko duen Bake Batzordearen agindupean, harik eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak dagokion «erreforma programa» ezarri arte. Ez da zehazten Zisjordanian —hobeto esanda, Israelek okupatu gabe dituen Zisjordaniako lurretan— agintzen duen erakunde horri zerrendako gobernabidea emateko eperik, inondik inora.

«Okupazioaren aldeko eragilea»

Segurtasun Kontseilukoek bozketa egin aurretik, Hamasek ohar bat kaleratu zuen, eta bertan salatu AEBek proposatutako ebazpenak ez dituela biltzen Palestinaren «eskakizunak». Argudiatu zuen nazioarteko indarra ez dela «neutrala», eta «okupazioaren alde beste eragile bat» besterik ez dutela zabaldu nahi Gazan: «Hobe luke mugetan bakarrik zabaltzea eta su etena gainbegiratzea, NBEk ikuskaturik». Agerian utzi zuen zerrenda «nazioartearen tutoretzapean» egongo dela, eta hori «inposizioa» dela. Gainera, jakinarazi zuen talde palestinarraren «armagabetzeari buruzko edozein eztabaidak» lotuta egon behar duela Israelen okupazioa amaituko duen «bide politiko» batekin.

Dena den, Palestinaren «autodeterminazioa eta estatu izaera lortzeko bide orri sinesgarria» ezartzeko baldintzak aipatzen dira Segurtasun Kontseiluak bart onartu duen ebazpenean. Eta AEBek Israelen eta Palestinaren arteko «elkarrizketa» bultzatuko dutela, «bizikidetza baketsua» lortzeko. Horixe bera nabarmendu du PANek, Wafa Palestinako agentziak zabaldutako ohar batean: oinarriak dakartzala «estatu independente bat» sortzeko, eta Gazarako tregoa «iraunkorra» bermatzeko ere bai. «Lankidetzan» aritzeko asmoa erakutsi du, ebazpena ezartzeko eta «Gazako, Zisjordaniako eta Jerusalem ekialdeko palestinarren sufrikarioa amaiarazteko».

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak mezu bat idatzi du gaur sare sozialetan: «Uste dugu Trumpen planak bakea eta oparoaldia ekarriko dituela, jomugan jartzen dituelako Gazako desmilitarizazioa, armagabetzea eta erradikalak erauztea». Zerrendan geratzen diren hiru gatiburen gorpuak «berandu gabe» jasotzea espero dutela erantsi dute —horixe bera zen bi aldeen akordioaren neurrietako bat; alegia, Hamasek bahitutakoak Israelera itzultzea—.

Bestalde, Errusia eta Txina ez dira fio; bozkatzeko orduan ez dira beto eskubideaz baliatu, nahiz eta horrek «Washingtonen promesetan» oinarritutako plana onartzea ekarri duen. Horixe esan du bart Vasili Nebenzia Errusiaren Segurtasun Kontseiluko enbaxadoreak, ebazpenak ez baitu «ziurtasunik» ematen ez PANek zerrendako gobernantza hartzeko epeez, ezta Bake Batzordeaz eta Nazioarteko Egonkortze Indarraz ere. Bart hartutako erabakiak gogora ekarri dizkio «praktika kolonialak», eta zera erantsi du: «Dokumentu honek ez ditzala estal Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen kontrolik gabeko esperimentuak». Fu Cong Txinaren Segurtasun Kontseiluko enbaxadoreak, berriz, adierazi du Palestinaren subiranotasuna «ia ikusezina» dela ebazpen horretan, eta ez dagoela Bake Batzordea gainbegiratuko duenik. «Urteroko txostenekin» baizik ez dute izango organo horren jardunaren berri, azaldu duenez.

NETANYAHU ATXILOTZEKO AGINDUA galdegin ZUEN HAGAKO FISKALA ERREKUSATZEKO ESKATU DU ISRAELEK

Israelek Karim Khan fiskala errekusa dezala eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiari, argudiatuta «arrazoi pertsonalek bultzatuta» eskatu zuela Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua. Izan ere, Khan ikertzen ari dira, bi lankidek sexu jazarpenagatik salatu zutelako, eta atxilotze aginduak «publikoaren arreta desbideratzeko» eskatu zituela salatu du Israelgo Atzerri Ministerioaren bozeramaileak, sare sozialetan. Errekusazioaz gain, eskatu du bertan behera utz ditzatela Netanyahu eta Gallant atxilotzeko aginduak.

Horiek iazko azaroan eman zituen Hagako auzitegiak, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzita. Auzitegian kide den edozein herrialdetan egonez gero, hango poliziek atxilotu egin beharko lituzkete, auzitegiak ez baitu polizia propiorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.