Giza eskubideen urraketak ikertzeko adituen talde bat bidali du NBEk Libiara. Salaketa guztiak ikertuko dituztela jakinarazi dute; Libiako Gobernuak ikerketan lagunduko duela adierazi du.
Bitartean, NATOk Muammar Gaddafiren indarrei eraso egin die, berriz ere, Misratan, erregimenaren tropek hiria bonbardatzen jarraitzen baitute. Horrez gain, NATOk Bengazira ordezkari politiko bat bidaliko du erreboltariekin harremana indartzeko. Bestalde, herrialdeko 61 tribuk demokraziaren aldeko ituna sinatu dute.
Barack Obama AEBetako presidenteak erreboltariei 25 milioi dolarretako laguntza bidali die; ez, ordea, armarik.