NBEk giza laguntza eten behar izan du Gazan, Israelen blokeoa dela eta

Israelek Hamasi egotzi dio bidalitako erregaia banatu ez izana, eta krisia sortu nahi duela gero berari egozteko

2008ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gazako biztanleen artean «gero eta giza arazo larriagoa» sortzen ari da Israelek ezarritako blokeoarengatik, Angela Kane Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren laguntzailearen ustez. Hala, NBEk giza laguntza gelditu egin behar izan zuen atzo arratsaldean, banaketarako erregairik gabe gelditu ostean. UNRWA Palestinako Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak 650.000 errefuxiaturi elikagaiak eta ura banatu ohi dizkio, eta 500.000 pertsonek sortutako zaborra biltzeaz arduratzen da. Gazako herritarren %80k giza laguntzaren beharra dute bizi ahal izateko.

NBEren Ekialde Hurbileko bake prozesurako koordinatzaileak Israelen blokeoa gaitzetsi du«Gazako populazioaren zigor kolektiboak porrot egin du». Europako Batasunak ere salatu egin du Israelen jokabidea, Louis Michel Garapenerako eta Giza Laguntzarako goi komisarioaren ahotan. «Onartezina da NBE bera giza ekintzak etetera behartuta egotea, ibilgailuentzat erregairik ez duelako».

UNRWAko kideek 15.000 errefuxiatu palestinarri elikagaiak helaraztea lortu dute, baina handik aurrera ez atzera eta ez aurrera gelditu dira NBEren kamioiak. Erregai banatzaileak eta gasolindegien jabeak greban daude Israelek igorritako erregaia kopuruarengatik protesta egiteko. NBEren arabera, giza ekintza ahalbidetzeko erregaia biltzen saiatu dira banatzaile batzuk, baina gelditu egin dituzte protestan ari ziren nekazari eta arrantzaleek. Israelen blokeoak eragindako langileak, inondik ere.

Giza eta erregai krisialdia nahita sortzea leporatu dio Israelek Hamasen gobernuari, gero errua nazioarteak berari egozteko. Israelek argitu du garraiorako milioi bat erregai litro helarazi zituela Gazako erregai biltokira, eta Hamasek ez duela artean banatu. «Hamasen erregimenak nahita erreserbak gorde ditu arrazoi politikoengatik», salatu du Mark Regev Israelgo Gobernuaren bozeramaileak.

Bestalde, Israelek Gazako indarretxe bakarra bertan behera gelditzea eragotzi zuen herenegun, energia sortzen jarraitzeko behar zuen erregaia agortzear zenean. Milioi bat gasolio litro helarazi dituela azaldu du, hiru egunerako elektrizitatea sortzeko adinakoa. Indarretxeko arduradunek aste baterako 3,5 milioi litro gasolio behar dituztela diote, eta Israelek 2,2 milioi soilik lagako dituela adierazi du. Gazako indarretxe bakarrak lurraldearen beharrizanen %30 asetzen du. Gainontzeko argindarra Israeletik sartzen da funtsean, eta indarretxearen erregaia ere, halaber, Israeletik sartu behar da. Israelek hornikuntza eten zuen palestinarrek Nahal Oz Israelgo erregai biltegiari egin zioten erasoa mendekatzeko. Itzali baino lehen bizi laburra eman diote berriro ere.



GAZAREN OINAZEA. Israelgo Defentsa iturriek jakinarazi dutenez, industriarako den gasolio hornikuntzak indarretxea asetzea du xede eta ez du beste erabilpenik. Garraiorako ez dutela gasolina bidaliko ohartarazi dute, autoentzat gasolina eta gasolio kopuru nahikoa omen dagoelako Gazaren aldeko Nahal Oz erregai biltegian.

NBEk populazioaren hiru laurdenei giza laguntza ematen die Gazan, hau da, milioi bat herritar baino gehiagori. Blokeoaren eraginez, Gazaren industria ekimenen %95 eten dira azken sei hilabeteetan. Oinarrizko elikagaiak, botikak eta erregai kopuru txikia sartzea uzten du bakarrik Israelek mugatik, eta esportazio oro debekatu du Gazatik. Erietxetako erregaia aste batean amaitu egingo da.



Hamasek onartu egingo du su-etena hitzartzea, buruzagi batek adierazi duenez

Gazako egoera nazien kontzentrazio eremuena baino okerragoa dela esan du Libiak NBEren egoitzan
e.rojo

Hamasek onartu egingo du Israelekin su-eten akordioa hitzartzea, talde islamistako buruzagi batek jakinarazi duenez. Hamasen ordezkariak Kairon izan ziren atzo, Egiptoren bitartekaritzarekin Israelen eta Hamasen arteko negoziazioetan aurrera egiteko. Su-eten akordioa gauzatu ahal izateko, Israelek Gazako muga pasabideak ireki, blokeoa amaitu eta eraso militarrak gelditu behar dituela berretsi du Hamasen buruzagiak, baina onartu egin du hasierako akordioan Gaza bakarrik sartzea.

Egiptoko Gobernuaren arabera, bere bitartekaritza arrakastatsua izango da, eta abantaila handia ekarriko die palestinarren eta israeldarren arteko harremanei. Gazaren blokeoa amaituko da, presoen trukea bideratu, eta bi herrialdeen arteko elkarrizketak berriro hasiko dira. Hain zuzen ere, Israelen eta Palestinaren arteko elkarrizketez mintzatzeko Washingtonen izan zen atzo Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidentea. George Bush AEBetako presidenteari Israel estutzeko eskatu zion bakea lortzeko urratsak egin ditzan. Bushek kargua utzi baino lehen bakea lortu nahi du. Annapoliseko bake konferentziatik bost hilabete pasa dira jada.

Abbasen ustez, Zisjordaniako kokaguneen hedapena da negoziaziorako oztopo handiena. Bitartean, palestinar bat hil zen atzo, eta beste sei zauritu Israelek Gazan eginiko aire erasoan. Libiak NBEren egoitzan azaldu zuenez,nazien kontzentrazio eremuetan baino okerragoa da Gazako egoera «egunero bonbardaketak daudelako».





Israelek Golango Gaina itzuliko lioke Siriari, bakearen truke

e.r.

Ehud Olmert lehen ministroaren bozeramailearen arabera, Israel prest dago Golango Gaina Siriari itzultzeko bi estatuen arteko bakea hitzartzearen truke. Azaldu duenez, Siria eta Israel banatzen dituen gerra giroa amaiaraztea oso garrantzitsua da Israelentzat. Izan ere, Israelen arabera, bere aurkako erasoak egiten dituzten ekintzaileak babesten dituen herrialde arabiar bakarra da. Ustez, Siriaren babesa jasotzen dutenen artetik, Hamas nabarmendu du Mark Regev Ehud Olmert lehen ministroaren bozeramaileak. «Siriarekin baketzea Israelgo segurtasun nazionalaren xedea da, gure bizilagunekin harremanak hobetzen lagunduko ligukeelako», gaineratu du.

Siriako Gobernuak Israelekin negoziatzea onartu izan du, baldin eta haren armadak Golango Gainatik alde egiten badu. Sei Eguneko gerran 1967an kendu zion Israelek Siriari lurraldea. Biek beretzat nahi duten Tiberiades laku ospetsua dago Golango Gainaren eskualdean. Juduak bizi dira han, eta ez dutela alde egingo adierazi dute.

Damaskoko gobernuak norabidea aldatzen badu harremana hobetzeko prest dago Israel. «Eurek badakite guk zer nahi dugun, eta guk badakigu zer nahi duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.