Katalunia

NBEk tramiterako onartu du Puigdemonten eskubide politikoei buruzko salaketa

Kataluniako presidente kargugabetuak salaketa aurkeztu zuen NBEren aurrean, Espainiak Kataluniako presidente izateko hautagaitza defendatzen utzi ez ziolako.

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 27a
14:15
Entzun

Nazio Batuen Erakundeak Carles Puigdemonten salaketa aztertzea erabaki du. Espainiak bere eskubide politikoak urratu zituela salatu zuen Puigdemontek NBEren Giza Eskubideen Komitearen aurrean, Kataluniako Gobernurako presidentegai izan arren, Espainiako Justiziak bere hautagaitza defendatzeko aukera ukatu ziola argudiatuta.

Ildo bereko salaketa aurkeztu zuen Jordi Sanchez JxCko diputatuak ere, Auzitegi Gorenak bere hautagaitzaren gaineko eztabaidara joateko baimena ukatu zionean. Preso dago Sanchez, iazko urriaren 16tik, eta espetxetik irteteko baimena eskatu zion Gorenari.

NBEk tramitera onartu zuen Sanchezen salaketa eta kautelazko neurriak hartzera deitu zuen Espainia, joan den ostiralean. Zehazki, Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko "beharrezko neurri guztiak" hartzeko galdegin zion, ["Eskubide Zibil eta Demokratikoen Nazioarteko] Hitzarmenaren 25. artikuluari jarraiki".

NBEren eskari hori oinarri hartu dute JxCk, ERCk eta CUPek Kataluniako Parlamentuari ordezkari espetxeratu eta erbesteratuen eskubide politikoak bermatu ditzala galdegiteko. Bihar eztabaidatuko du parlamentuak alderdi independentisten adierazpen proposamena, presazko osoko bilkuran. Adierazpenak eskubide politikoak babesteko "beharrezko neurri guztiak hartzera" deituko du parlamentua, NBEk Espainiari eskatu bezala.

Urruneko inbestidura ahalbidetzea izan daiteke parlamentuak har dezakeen neurri horietako bat. JxCk proposamen bat aurkeztu zuen hautagai bat telematikoki inbestitzeko aukera parlamentuaren araudian jasotzeko. Proposamen hori tramiterako onartu zuen parlamentuko mahaiak joan den ostiralean, eta CUP prest agertu da bide horretan aurrera egiteko.

Auzitegi Konstituzionalak urruneko inbestidura legez kontrako joko duela ohartarazia du aurretik, eta litekeena da, Kataluniako Parlamentuak JxCren proposamena onartuz gero, Espainiako Justiziak mahaiko kideen aurka egitea. Talde independentistek NBEren eskaria erabil dezakete, ordea, Konstituzionalaren kontrako argudio gisa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.