NBEk txartzat jo du emakume afganiarrei erakundean lan egitea debekatu izana

Afganistango seiehun emakumezkok lan egiten dute Nazio Batuen Erakundearentzat. Hogei milioi herritarrek ez dute nahikoa baliabide egunean hiru otordu egiteko

Emakume talde bat ikatza eta janaria jasotzeko zain, Kabulen, artxiboko argazki batean. STR / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Talibanek emakumeei mugitzeko askatasuna mugatzen diete oraindik ere Afganistanen. Etxetik kanpoko lanak heldu ziren lehenik, unibertsitatea eta bigarren hezkuntza ondoren, eta NBE Nazio Batuen Erakundea orain. Joan den astean eman zion Afganistango Gobernuak bere erabakiaren berri NBEri: emakume afganiarrek ezin izango dute aurrerantzean harentzat lanik egin. Ordutik, etxean daude nazioarteko erakundearentzat lanean ari ziren seiehun emakumezkoak —badaezpadako neurri gisa, baita 2.700 gizonezko afganiarrak ere—; izan ere, idazkari nagusiaren eledun Stephane Dujarricek herenegun aitortu zuen ezin dutela bermatu langileen segurtasuna.

NBEk oraindik ordaintzen die Afganistanen dituen langileei, bulegoak berak jakinarazi duenez, baina langileak, oraingoz, ezin dira lantokira joan. «Ordaintzen jarraitzeko asmoa dugu, baina ezin dira bulegoetara joan, batez ere emakumeek, bai baitakigu haien bizia arriskuan jartzea litzatekeela hori», esan zuen Dujarricek. Hala ere, NBEk zehaztu zuen bulegoek giza laguntza banatuko dutela aurrerantzean ere, eta gobernuz kanpoko nazioarteko beste erakundeen lanak gainbegiratu. Dena den, Afganistango misioko arduradun Roza Otunbaievak «hausnarketa epe bat» zabaldu du maiatzaren 5era arte, «aukera guztiak» aztertzeko.

Joan den abenduan debekatu zieten emakumeei GKE gobernuz kanpoko erakundeetan lan egitea, bai hangoetan, baita atzerrikoetan ere. Debeku horretatik kanpo geratu ziren, ordea, osasun arloan lan egiten zuten emakumeak eta NBE bera. Hala, soilik alor jakinetan lan egin dezakete egun; besteak beste, emagin gisara edo etxeak garbitzen, betiere familiakoak ez diren gizonezkoekin harremanik ez badute —ezin dira gela berean egon familiakoa ez duten beste gizonezko batekin, are gutxiago harekin hitz egin—. Joan den asteazkenetik, debekua are zabalagoa da. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek eskatu zuen bertan behera uzteko, baina talibanek ez dute halako asmorik. Are, nazioarteari eskatu zioten «errespeta» dezala erabakia, argudiatuta ez dela beren asmoa «inoren lana oztopatzea», eta emakumeena «barne auzia» dela.

Nazioarteko legediaren aurkakoa da emakumeei ezarritako debekua, eta hala salatu zuen NBEk berak: «Gure borondatearen aurkako aukeraketa bat egitera behartu nahi gaituzte. Argi gera dadila: krisi honen ondorioak agintean daudenen erantzukizuna dira». Erakundeko giza laguntzaren kudeaketaren arduradun Ramiz Alakbarovek ere kritikatu egin zuen erabakia, eta ohartarazi zuen «inork» ezin diola agindu NBEri nor kontratatu behar duen bere misioetan. Debekuak, gainera, zuzenean eragingo die Afganistanek jasotzen dituen diru laguntzei, eta horien beharra du herrialdeak, krisi ekonomiko betean baita 2021ean talibanek agintea hartu zutenetik.

Giza krisia

Hainbat urtez gerran egon da Afganistan, eta ondoren okupaziopean, harik eta 2021eko udanAEBetako indarrak erretiratu eta herrialde talibanen esku geratu zen arte. Baina, herritarrentzat, egoerak okerrera egin du; izan ere, askok galdu egin dute lana—asko aritzen ziren nazioarteko indarrentzat lanean—, eta emakumeek ia erabat itxia dute lan mundurako sarbidea. Ondorioz, giza laguntzaren beharrean daudenen bi herenak emakumeak eta adingabeak dira. Orain arte, GKEentzat lan egiten zuten emakume afganiarrak izan dira haiengana heltzeko bide bakarra.

Munduko Elikadura Programaren datuen arabera, hogei milioi afganiarrek ez dute nahikoa baliabiderik egunean hiru otordu egiteko, eta sei milioi goseak egoteko arriskuan daude. Erakundeak zabaldu duenez, Kabul hiriburuan bertan badira eremuak oraindik giza laguntzarik jaso ez dutenak. Horiek hala, erakundeak 728 milioi euroko laguntza eskatu dio nazioarteari. Oharra ere egin du: gosete arriskua azken mende laurdeneko handiena da.Wahid Amani eledunak nabarmendu du datozen sei hilabeteetan laguntza banatzeko behar duten aurrekontua soilik dela hori.

Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu duenez, emakumeek bakartuta eta preso ikusten dute beren burua —ezin dituzte 75 kilometro baino gehiago egin gizonezko senide baten laguntzarik gabe—, eta ezin dute beharrezko laguntza jaso, indarkeria matxistako kasuetan, esaterako. «Gizateriaren aurkako krimena da emakumeei eta neskei beren oinarrizko eskubideak ukatzea soilik beren sexuagatik, eta horren erantzuleek ordaindu egin beharko dituzte egindakoaren ondorioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.