Iritsi da Antonio Guterresen lekua nork hartuko duen erabakitzeko ordua. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeko hurrengo idazkari nagusia aukeratzeko prozesua hasiko da gaur, eta sei hautagai lehiatuko dira. Elkarrizketa moduko batean parte hartuko dute NBEren egoitza nagusian, New Yorken —solasaldi hori Euskal Herrian 23:00ak direnean hasiko da—.Â
Hamar urteren eta bi agintaldiren ondoren, Guterresek 2027a hastean utziko du NBEko idazkaritza nagusia, eta, haren postua nork hartuko duen erabakitzeko, erakundea prozesu konplexu batean murgilduko da gaur —prozesuak zenbait hilabete ere iraun dezake—. Segurtasun Kontseiluaren eta Batzar Nagusiaren esku egongo da sei hautagaietatik bat izendatzea: Segurtasun Kontseiluak izen bat aukeratu beharko du, eta, ondoren, Batzar Nagusian aurkeztu, han proposamena bozkatu dezaten; orain arte, batzarrak ez du inoiz proposamenik baztertu.
Aukeraketaren lehen pausoa izango da gaurkoa; zehazki, hautagai bakoitzak bere proposamenak eta helburuak aurkeztuko ditu herrialdeen eta gizarte zibilaren ordezkarien aurrean. Horren ondoren hasiko da, hala ere, benetako lehia eta diplomazia. Izan ere, gaurko aurkezpenaren ostean ekingo diote estatuek —eta, bereziki, Segurtasun Kontseiluan beto boterea duten bost herrialdeek— hautagai gustukoena aukeratzeari.
Aurkeztu diren sei hautagaietatik erdiak emakume latinoamerikarrak dira. Eta Ameriketako Estatu Batuen NBEko enbaxadore Mike Waltzek joan den astean senatuan esan zuen bezala, «iritzi zabaldua» da hurrengo idazkari nagusia emakume latinoamerikar bat izango dela.Â
Michelle Bachelet
Txileko emakumezko lehen presidentea izan zen (2006-2010, 2014-2018), eta, orain, NBEko lehen idazkari nagusi emakumezkoa izan nahi du. 2018tik 2022ra Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Mandataria ere izan zen, eta, beraz, adierazi du jada baduela eskarmentua idazkari nagusi hautatua izanez gero bideratu beharreko erronka geopolitikoetako askotan.Â
Rafael Mariano Grossi
Argentinarra da, eta gehienbat energia atomikoaren eta nuklearraren inguruan aritu da lanean. 2019tik Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusia da, eta maiz adierazi izan die hedabideei bere lan esperientzia abantaila sendoa dela «gaur egungo egoera geopolitikoa aintzat hartuta».Â
Maria Fernanda Espinosa
Ekuadorko Atzerri ministro izandakoa da (2007-2008, 2017-2018), eta garapen jasangarrian eta klima larrialdian espezializatuta dago. NBEk dituen finantzaketa erronkei aurre egiteko proposamenetan oinarritu du bere hautagaitza.Â
Rebeca Grynspan
Costa Ricako lehendakariordea izan zen 1994tik 1998ra, eta, egun, Merkataritzari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren idazkari nagusia da. Adierazi du NBEk «ausartago» aritu behar duela, baita Segurtasun Kontseiluan Afrikako eta Latinoamerikako herrialdeen ordezkaritza handitu behar dela ere.
Macky SallÂ
Senegalgo presidentea izan zen 2012tik 2024ra bitarte, eta herrialdeko lehen ministro ere bai aurrez. Hala ere, Sallen agintaldiak gorabehera asko izan zituen azken urteetan, eta oraingo gobernuak hasieran ez zuen babestu haren hautagaitza. Amerikarra ez den hautagai bakarra da.Â
Carolyn Rodrigues Birkett
Guyanako Atzerri ministroa izan zen (2008-2015) eta, orain, bere herrialdeko ordezkari iraunkorra da NBEn. Amerindiarra da. Ekainean aurkeztu zuen hautagaitza, eta NBEren eraginkortasuna eta gobernantza inklusiboa sustatzean jarri du arreta.
Â