Afganistango egoeraren ondorioz, baliteke datozen hilabeteetan milioi erdi lagunek zeharkatzea Afganistango muga, beste herrialde batzuetan babesa bilatzeko. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, jada 550.000 pertsonak utzi dute beren etxea, eta Afganistango mugen barruan lekualdatu dira talibanengandik ihesi. Egoera okertzen bada, UNHCRren arabera, baliteke antzeko iheslari kopuru batek bilatzea babesa atzerrian. Kelly Clements UNHCRko arduradunak azaldu duenez, baliteke 515.000 errefuxiatu izatea aurten.
Erakunde horrek laguntza eskatu dio nazioarteari, eta afganistandarrak hartzen dituzten herrialdeak laguntzeko galdegin du. 5,2 milioi iheslari afganistandar daude gaur egun, eta %90 Iranen eta Pakistanen daude.
Talibanek joan den astean lurraldea berreskuratu zutenean, UNHCRk ohartarazi zuen Afganistan ez dela jada leku seguru bat bizitzeko, eta herritarren ihesa ez oztopatzeko eskatu zuen. Abuztuaren 14tik, AEBen arabera, 105.000 lagun atera dira Kabulgo aireportutik.
Lurrekoa ere, gurutze bidea
Talibanek kontrol postuak jarri dituzte Afganistanek mugakide dituen herrialde guztietarako pasabideetan, eta Pakistanek eta Iranek itxiak dituzte beren mugak; dokumentazioa eguneratua dutenek soilik igaro ditzakete. Iran laguntza humanitarioa eskaintzen ari da zenbait tokitan, behin-behinean. Migratzaile askok, Iranera zuzenean sartu ordez, Pakistanera jo ohi dute lehenengo, eta Sistan Balutxistan probintziatik sartu ohi dira Iranera.
Izan bide hori egiteko, izan Pakistanen geratzeko, milaka lagun pilatuta daude Spin Boldak mugako bidean, Afganistan eta Pakistan artean. Zenbait kazetarik ohartarazi dute larriagotzen ari dela egoera han, nahiz eta arreta mediatikoa Kabulen zentratuta dagoen.
Gainera, datorren asteartera gerturatu ahala —ordurako amaituak behar dituzte Kabulgo ebakuazioak—, espero da ugaritu egingo dela ihesera lurrez abiatuko direnen kopurua, nahiz eta talibanek azpimarratu duten hegaldi komertzialetan atera ahalko dela herrialdetik. Baliteke iheslarien olatuak inguruko herrialdeak behartzea beren migrazio politikak berrikustera, Mendebaldearen eta, batez ere, Europako Batasunaren presioen eraginez.
Turkiako Gobernua izan da migratzaileak gerarazteko neurriak hartzen aurrenetakoa, ohi duen moduan. Iranekin muga egiten duten Igdir eta Agri probintzietan 156 kilometroko horma bat eraiki du, eta murru hori iristen ez den lekuetan ere jarri ditu hesiak. Horrez gain, Ankarak eskua luzatua die talibanei, behin atzerriko gainerako tropak Kabulgo aireportutik joandakoan haren segurtasunaren kontrola izaten utz diezaion. Talibanen erantzunaren zain dago oraindik ere.
«Gobernu inklusiboa»
Talibanek Dohan AEBekin sinatutako akordioarekin «konprometituta» daudela adierazi dute. Afganistango etnia eta tribu guztietako ordezkariak barnean hartuko dituen «behin-behineko gobernu inklusibo bat» nahi dutela adierazi diote talibanen iturriek Al-Jazeera telebista kateari. Zehaztu dute batzorde bat eratu dutela gobernuaren osaketaren eta ministroen izendapenaren inguruko erabakiak hartzeko, eta «dozena bat lagun» aztertzen ari direla karguak banatzeko. Hala ere, jakinarazi dute amir-ul nomineen bat izango dela guztien buru, hau da, leialen komandante bat.
Talibanen fundatzaileetako bat, Abdul Ghani Baradar, Kabulera joan da asteon, gobernua osatzeko negoziazioetan parte hartzera, eta, talibanek Al-Jazeerari esan diotenez, Mohammed Yaqoob ere batu da elkarrizketetara, Mohammed Omar talibanen sortzaileetako baten semea.
Al-Jazeerak aipatutako iturriek gaineratu dute behin-behineko gobernua osatzeko ahaleginean kontuan hartu dituztela tajiko eta uzbeko tribuetako kideak ere. Haien buruzagien semeak batzea nahi dutela adierazi dute. Gainera, azaldu dute AEBek presio egin dietela 2001eko inbasioaren ostean agintean jarri zirenetako batzuk gobernuan integratzeko, hala nola Hamid Karzai presidente ohia eta Abdullah Abdullah Afganistango Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Gorenaren arduraduna.
Ezarri nahi duten erregimenaren inguruko azalpenak ere eman dizkiete talibanek Al-Jazeerari. Nabarmendu dute emakumeek «gobernuko zenbait organotan» lan egin ahalko dutela, «aurreko gobernuarekin egin zuten moduan»: besteak beste, osasungintzan eta hezkuntzan. Horrez gain, azaldu dute epaitegi bereziak ezarriko dituztela ustelkeriaren kontra egiteko.
Kazetarien kontrako jazarpena
Talibanen adierazpenak ez datoz bat haien jazarpena pairatzen ari diren kolektiboek emandako informazioarekin. Hainbatek salatu dute egunotan haien jopuntuan daudela kazetariak, eta, hain justu, CPJ Kazetariak Babesteko Batzordeak ohar bat plazaratu du lanbide horretako kideen egoera ahula ikusarazteko. «Azken asteetan, talibanek eraso fisikoak egin dizkiete kazetariei, etxeak miatu dituzte, eta telebistan agertzeko debekua ezarri diete emakumeei», gaitzetsi dute.
Guztira, ia 400 kazetariren kasuak aztertzen ari dira talibanak, CPJren arabera, eta horiek erreskatatu beharra dagoela azpimarratu du. Alde horretatik, gogorarazi du CPJk, gizarte zibileko beste 50 erakundek bezala, G7ko herrialdeei eskatu diela kazetariak eta hedabideetako langileak atzerriratzeko eta datorren asteartetik aurrera ere ebakuazioak egiten jarraitzeko.