Negoziatzen hasiko dira indigenak eta Kolonbiako Gobernua

Cauca eskualdean armadaren presentzia dela-eta hasitako liskarrak amaitu nahi dituzte

Erredakzioa
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Kolonbiako Cauca eskualdeko indigenek eta gobernuak negoziazio mahai bat eratzea hitzartu dute, eta etzi dira elkarrizketekin hastekoak. Kolonbiako armadak eskualdean duen presentzia dela-eta azken egunetan lehertutako borrokei irtenbidea bilatu nahi diete horrela. Herenegun izandako istiluetan, bertze manifestari bat hil zuten tiroz; beraz, guztira,bi dira gatazkan hildako indigenak.

Aurelio Iragorri gobernuaren negoziatzaileak jakinarazi duenez, heldu den astelehenean «bideorri metodologiko bat» ezarriko dute indigenek «berebiziko garrantzizkotzat» dituzten puntuen inguruan eztabaidatzeko. Indigenen erakundeek armada haien lurretatik ateratzea nahi dute, autonomia politikoa urratzen ari dela salatzen baitute. Armadak, ordea, argudiatzen du bere presentzia FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak gerrillari aurre egiteko dela. Indigenak Caucako biztanleen %20 baino gehiago dira, eta haien lurraldeetan Eskualdeko Kontseiluak kudeatzen du autonomia. Guardia propio bat ere antolatuta dute, eta FARCen presentziaren aurka agertu dira.

Base militarraren aurka

Manifestari talde batek armada Caucan ezarritako base batetik bota zuenean lehertu zen azken gatazka. Militarrek basea bereganatu dute, baina indigenen protestak ez dira itzali. Hain zuzen, hainbat erakundek armadaren errepresioa eta hedabideen «kanpaina mediatikoa» salatu dute egun hauetan. Joan den asteazkenean, Fabian Cuetia gaztea hil zuten manifestazio batean, eta herenegun, berriz, Mauricio Largo nekazaria, bidetik oinez zihoala bizkarrean tiro eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.