Elkarrekin Peruren Alde alderdiko bozeramailea

Anahi Durand: «Neoliberalismoak Peruko lotura sozialak porrokatu ditu»

Presidentetzarako bozen bigarren itzulia eginen dute bihar Perun, eta bi hautagai izanen dituzte aukeran: Keiko Fujimori eskuinekoa, eta Roberto Sanchez, zentro-ezkerraren erreferentzia eta Pedro Castillo presidente ohi kartzelatuaren ondorengoa.

Anahi Durand soziologoa, Elkarrekin Peruren Alde alderdiko bozeramailea eta Peruko Emakumeen Arloko ministro ohia. BERRIA
Anahi Durand soziologoa, Elkarrekin Peruren Alde alderdiko bozeramailea eta Peruko Emakumeen Arloko ministro ohia. BERRIA
Cecilia Valdez
2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Peruko boto emaileak bozkalekuetara joan ziren apirilaren 12an, 35 hautagairen artean presidentea aukeratzera, eta bertze horrenbertze egin beharko dute bihar, boz horien bigarren itzulian. Oraingoan, ordea, bi indar izanen dira lehian: Herri Indarra eskuineko alderdia, Keiko Fujimori buru duena, eta Elkarrekin Peruren Alde ezkerrekoa, hautagaitzat Roberto Sanchez daukana. Herrialdeari berari begiratuz, Peruko demokrazia ahula da, eta parlamentua aldi baterako botere aliantzen mende dago. 2022an, atxilo hartu zuten Pedro Castillo presidente ohia, bere buruaren kontrako estatu kolpe bat ematen saiatu zelakoan; ordutik preso dago, eta Sanchez da haren hautagaia. Anahi Durand, bertzalde, soziologoa da, Castilloren gobernuan Emakumeen Arloko ministro izana (2021-2022), eta Elkarrekin Peruren Alde alderdiko bozeramailea.

Zer gertatuko da bigarren itzulian, Fujimoriren eta Sanchezen arteko lehian, kontuan hartuta Peruk zortzi presidente izan dituela hamar urtean?

Hauteskunde korapilatsuak izanen dira, fujimoristek azken hamar urteotan egindakoak anitz baldintzatzen baitu egoera. 2016an, Keiko Fujimorik gehiengo izugarri zabala eskuratu zuelarik Kongresuan, erregimen politikoak de facto parlamentarista bihurtzeko bidea hartu zuen, eta, azkenean, parlamentarismo horrek gehiegizko eragina izan du gobernuaren jardunean. Horren guziaren ondorioz, presidentea maiz-maiz aldatzen da, Kongresuak nahieran erabiltzen baitu hutsaldia izeneko araua presidentea kargutik kentzeko, argudiatuta ezintasun moral iraunkorra duela.

2021ean inoiz baino nabarmenagoa izan zen hori, Pedro Castillo presidente hautatu zutenean Peruko sektorerik baztertuenen babesari esker; izan ere, Castillok ez zuen gehiengo kualifikaturik gobernatu ahal izateko, eta, beraz, gerra politiko bat piztu zen. Kongresua, fiskaltzarekin bat eginda, azpijokoan ibili zen Castillo kargutik kentzeko, baita lortu ere.

Orduz geroztik, gobernu txotxongilo deiturikoak ezarri dituzte, hala nola Dina Boluarterena, Jose Jerirena eta Jose Maria Balcazarrena. Gainera, anitzek ez dute konfiantzarik politikan; halaber, ultraeskuineko eragile batzuk ahaldundu egin dira, eta hauteskunde prozesuei zilegitasuna kentzen ibiltzen dira, iruzurra izan dela salatuz galtzen duten aldi oro. Horrela jokatzen dute, hain zuzen, beldur direlako aitzinaldea hartuko ote dien behetik agertutako indar batek, hala nola Sanchezenak, zeinak landa eremuko boto emaileak ordezkatzen dituen.

Zenbait jenderen ustez, bigarren itzulian bi Peru lehiatuko dira elkarren kontra, nolabait: Limakoa eta eskualdeetakoa, Peru fujimorista eta fujimoristen kontrakoa, Castillo mespretxatzen duena eta bidegabeki kartzelatua dagoela uste duena…

Bi gizarte eredu izanen dira lehian: fujimoristen kontserbadurismo neoliberala, batetik, eta Pedro Castillok abiarazi eta Sanchezek aitzinera segiarazten duena, bertzetik, ideia progresistetan oinarritua eta perutarrak ordezkatuak sentiarazteko modukoa. Keikoren eskuina tradizionalagoa eta moderatuagoa da, gero eta erradikalago bihurtu den eskuineko sektorearekin konparatuz gero.

«Sanchezen aldeko botoak Pedro Castilloren aldekoak ere badira, errebantxaren botoak»

Sanchez Castilloren hautagaia da, edo hurbileko harremana dute, bederen, baina, Castillok erabaki zuelarik Kongresua hestea, oraindik ere presidente zela, Sanchezek uko egin zion bere karguari, eta argitalpen batean argi eta garbi adierazi erabaki horren kontra zegoela, printzipio demokratikoak kontuan hartuta ezinezkoa zitzaiola erabaki horrekin ados egotea.

Castillok Kongresua hesteko eta batzar bat abiarazteko deia irakurri zuelarik, nahaspila handia izan zen. Pentsa, ezkerreko ia berrogei kongresukideetatik zazpik bakarrik bozkatu zuten eskuinak bultzatutako hutsaldiaren kontra. Sanchezek emanak ditu azalpenak horri buruz, eta, gerora, Castillorekin harremanetan segitu du, baita haren erranetara jarri ere. Beraz, bigarren itzulian sartzeko modua eman dioten botoak Pedro Castilloren aldekoak ere badira, errebantxaren botoak.

Lehenbiziko itzulian, botoak nabarmen sakabanatu ziren, bertzeak bertze 35 hautagai aurkeztu zirelako denera, gehien-gehienak eskuineko alderdietakoak. Ikusita orain lehia eskuineko hautagai baten eta zentro-ezkerraren bueltan dabilen baten artekoa dela, zer eginen dute hautesleek, zure ustez?

Hauteskunde hauetan zatiketa hagitz handia izan da, eta, gainera, alderdiak botoen ehuneko hagitz apala bilduta pasatu dira bigarren itzulira, demokraziak zilegitasuna galdu duen erakusgarri. Fujimorik botoen %17 eskuratu zituen, eta Sanchezek, berriz, %12; hau da, bina milioi boto lortuta pasatu dira bigarren itzulira, baina hautesleak 27 milioi dira denera. Hori kontuan hartuta eta ikusita parlamentuak botere handiagoa duela presidenteak baino, presidentea figura sinboliko bat baino ez da.

Halarik ere, eta 2021eko hauteskundeetan ez bezala, oraingo parlamentuan sei alderdi bertzerik ez da izanen, eta horrek modua ematen du bloke handiagoak osatzeko. Hori bai, baliteke erdiko klaseko bozkatzaileen esku egotea balantza hautagai baten edo bertzearen aldera makurraraztea, eta haien artean indar handia du oraindik fujimoristen kontrako joerak, baina, hiri handietan, eskuinak arrakasta handia izan du borroka kulturalaren auzian. Nolanahi ere, nire ustez, sektore handi batek Sanchezen alde eginen du, eta Fujimorik, galtzen baldin badu, salatuko du hauteskundeetan iruzurra izan dela.

«Parlamentuak botere handiagoa du presidenteak baino: presidentea figura sinboliko bat baino ez da»

Omar Coronel politologoaren arabera, Peruko demokrazia ahula da, eta haren barneko alderdi gehien-gehienak, berriz, anitzik irauten ez duten koalizioak, behin agintera ailegatzean indar bakoitza bere gisaka aritzen baita…

Kontu erlatiboa da, zeren, nahiz eta XX. mendeko alderdi nagusiak jada desagertuak diren, indar batzuek bizirik diraute. Fujimoristek, zure gustukoak izan ala ez, gaur egungo alderdi nagusia osatzen dute. Eta Elkarrekin Peruren Alde alderdiak hamabortz urte edo gehiago ditu jada. Neoliberalismoak lotura sozialak porrokatu ditu, eta horrek ez dio alderdi sistemari bakarrik eragin. Konparazio batera, kontuan hartuta Peruko biztanleria aktiboaren %73 lan informaletan aritzen dela, sindikatuek ez dute zeregin handirik; zertarako eman izena sindikatu batean? Andeetako komunitateen loturak eta indigenenak dira iraun duten bakarrak: preseski, haiek kolektiboki ematen dute botoa, eta haiei esker pasatu da Sanchez bigarren itzulira.

Latinoamerikarentzat, zer ekarriko du hautagai batek edo bertzeak irabazteak?

Fujimorik irabaziz gero, Txilen Kastek eta Argentinan Mileik hartutako joerari segituko lioke. Bide aldaketa handia izanen litzateke, eskuineranzkoa, eta argi dago zer-nolako ondorio geopolitikoak izanen lituzkeen, kontuan hartuta Ameriketako Estatu Batuek nabarmen esku hartu nahi dutela eskualdean. Halaber, Fujimorik irabaziz gero, zenbait bazkide estrategikok gibelera eginen lukete, hala nola Txinak eta BRICS taldeko herrialdeek. Perura begira, eskuineko hautagaiak irabazten badu, gobernuaren kontrol legitimoa ere fujimoristen esku geldituko da —jada euren esku dituzte botere judiziala, Kongresua eta bertze funtsezko erakunde batzuk—, eta abantaila hori izugarri kaltegarria izanen da gelditzen zaigun demokrazia pixar horrentzat. Bertzalde, uste dut Sanchezek irabaziz gero aukera izanen litzatekeela hau guzia desegiten hasteko; are, indar politikoen korrelazioa hobetu dadin proposatzea nolabaiteko abiapuntua izan daiteke bertze aldi demokratiko bat abiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA