Baretu da Iranen programa nuklearraren gaineko gatazka, eta Israelek ituan jarri du berriro Gaza. Dena dela, Israelgo armadak 870 palestinar hil ditu zerrendan hamabi eguneko gerra deritzotenak iraun duen bitartean, hango osasun iturrien arabera. Orain, gainera, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak beste zeregin bat eman dio armadari: bi eguneko epean plan bat ondu beharko du, Hamasek zerrendan banatzen den laguntza humanitarioa «kontrolatu» ez dezan. Hala jakinarazi du lehen ministroaren bulegoak, gauerdian kaleratu duen ohar batean. Are, armadak plan hori aurkeztu arte laguntzarik ez banatzeko agindu du gobernuak, Israelgo hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez.
Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun ministroak are gogorrago egin du gazatarrei banatzen zaien laguntzaren kontra, sare sozialetan gaur zabaldu duen mezu batean: «Gazak ez du behar behin-behinean laguntza etetea, ezpada guztiz etetea». Gaitzetsi egin du Hamasek «bere gain» hartu izana laguntza humanitarioa, eta salatu horrek «bizirik irauten» laguntzen diola erakunde islamistari: «Duela hilabete eta erdi, laguntzaren kontra bozkatu zuen bakarra izan nintzen; banekien horrek arnasa emango ziola Hamasi». Ben-Gvirrek esan duenez, Netanyahuri «exijituko» dio bozkatu dezatela laguntzaren gaiaren gainean, kabinetea bilduko den hurrengo aldian.
GHF Gaza Humanitarian Foundation maiatzaren amaieran hasi zen laguntza banatzen zerrendan; bi egunez jarduna eteteko agindu diote, baina aurretik ere bertan behera utzi izan du jarduna zenbait egunetan, argudiatuta arazoak zituztela premiazko lehengaiak banatzeko. Hilabete bete da gaur AEBetako militar ohiek osatutako taldea ekinean hasi zenetik —talde mertzenarioen babesa ere badu—, eta aintzat hartzekoa da aurreko hiru hilabeteetan, martxotik maiatzera bitarte, Israelgo Gobernuak blokeatu egin zuela laguntza humanitarioa, eta bi milioi palestinar gosetea pasatzera behartu. Aurrez, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek kudeatzen zuten banaketa; gaur egun ere haienak dira zerrendara sartzen diren kamioiak, baina GHF arduratzen da lehengaiak banatzeaz ezartzen dituen guneetan.
Gune horietan, hain zuzen, laguntza jasotzeko esperoan zeuden 550 gazatar hil ditu Israelgo armadak hilabetean. Gazako Osasun Ministerioak emandako datuak dira. NBEk eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu ohi dute «heriozko guneak» direla horiek.
%18Zerrendaren hedaduraren zein portzentajetan bizi diren gazatarrak. Israelen setioaren eta erasoaldien ondorioz, Gazako herritarrak zerrendaren hedadura osoaren %18an besterik ez dira bizi, Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak gaur kaleratu duen ohar baten arabera. Israelgo armada palestinarrak «sufriarazten» ari da, eta «behartutako desplazamenduak» agintzen dizkie, ministerioak adierazi duenez.
Maiatzaren 25ean, GHF beharrean hasi baino egun bat lehenago, Jake Wood zuzendariak dimisioa eman zuen, argudiatuta erakundeak ezin duela aldi berean laguntza humanitarioa banatu eta «printzipio humanitarioak, neutraltasuna eta independentzia» errespetatu. Atzo, bada, Sebastien Cazenavek hartu zuen zuzendari kargua; Bordelekoak (Okzitania) hitzeman zuen gazatarrei «ahalik eta laguntza gehien» banatzea «bermatuko» duela. Farmazia eta elikadura sektoreetan aritu da bereziki urte luzez, hornidura kateak kudeatzen. Bederatzi urtez IMC Nazioarteko Medikuen Kidegoa gobernuz kanpoko erakundean egin du lan, logistika zuzendari gisa; Kongoko Errepublika Demokratikoan ere egon zen hiru urtez, hango armadaren eta poliziaren armak eta munizioa kudeatzeko, segurtatzeko eta desegiteko programa zuzentzen.
Erasoak eta sarekadak Palestinaren luze-zabalean
Gaur, 62 lagun hil ditu gutxienez Israelgo armadak Gazan, Wafa albiste agentziak ospitaleetako iturriak aipatuz kaleratu duenez. Horietako zenbait non hil diren zehaztu dute agentzia horrek Al-Jazeera komunikabideak: hiru zerrenda erdialdeko GHFren guneetan hil dituzte; bederatzi, hiriburuko Xeikh Radwan auzoan, desplazatutako familiek aterpe hartzen zuten eskola bonbardatu dutenean, eta beste bi, Zeitun auzoan; hamabi, hegoaldeko Khan Yunis hiriko bonbardaketetan, desplazatuen al-Mawasiko kanpalekuan besteak beste; hamabost, erdialdeko Deir al-Balah hirian; eta bat, Jabalian.
Zisjordanian ere sarekadak izan dira gaur. Israelgo soldaduek 43 palestinar atxilotu dituzte gutxienez: hogei Betleem hego-ekialdeko Al-Arooj herrian, hamalau Nablus hirian, sei Hebronen eta hiru Qalquilia eskualdean. Atzo, hiru lagun hil zituzten Ramallah hiritik gertu, Kafr Malek herrian, Palestinako Ilargi Gorriaren arabera; zazpi lagun ere zauritu zituzten Israelgo armadakoek. Gainera, 14 urteko nerabe bat ere hil zuten atzo Zisjordania iparraldean, tiroz, erakunde horrek jakinarazi zuenez.
KHAMENEI: «ZAPLAzTEKOA EMAN DIEGU AEB-EI»
Teheranek eta Tel Avivek nork bere aldetik garaipena aldarrikatu zuten hamabi eguneko gerra herenegun amaitu bezain laster. Ordutik lehenbizikoz, Ali Khamenei Irango lider gorenak gatazka izan du hizpide telebistan egin duen agerraldi batean. Haren ahotan, AEBek eta Israelek «aitzakia» gisa erabili dute Iranen programa nuklearra; oldarraldiarekin Iranek «amore ematea» besterik ez zuten nahi: «Trumpen egia: AEBak gustura geratuko dira Iran errendituz gero. Baina ez gara inoiz errendituko, gure nazioa boteretsua baita». Hain indartsua, ezen «zaplaztekoa» eman dion Washingtoni: «[Iranen misilak] AEBen [Ekialde Hurbileko] baseetaraino heltzea gauza ona da, eta, gure aurkako beste oldarraldi bat ikusita, baliteke etorkizunean berriro eraso egitea», esan du Khameneik.
Lider gorenak erantsi du Iranen bonbardaketek «ia-ia kolapsatu» zutela Israel; horrexegatik erabaki zuten AEBek gatazkan parte hartzea, haren arabera: «Bestela, erregimen sionista erabat birrinduko genukeen».
Irango Parlamentuak lege proposamen bat onartu zuen atzo, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin duen hitzarmena bertan behera uzteko; alegia, erakundeak ez ditzan ikuskatu Teheranen instalazio nuklearrak. Gaur, beste urrats bat egin du lege proposamenak, Irango Guardien Batzordeak oniritzia eman baitio —Khameneik hautatutako sei adituk eta parlamentuak erabakitako sei juristak osatzen dute batzordea—, IRNA berri agentziaren arabera. Azken urratsa falta da, beraz, hura onartzeko: Masud Pezexkian Irango presidentearen sinadura.
Lege proposamena onartuta ere, IAEAko zuzendari Rafael Grossik atzo nabarmendu zuen, France 2 telebista kateari eskaini zuen elkarrizketa batean, Iranek lankidetzan segitzeko «obligazioa» izango duela. «Ez da egiten digun fabore bat», esan zuen Grossik, «betebehar juridikoa baizik», Iran NPT Arma nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren kidea baita. Dena den, Israelek erasoaldia hasi ostean, akordio horretatik ateratzeko aukera jarri zuen mahai gainean; beste lege proposamen bat ari dira prestatzen horretarako.
Bestalde, AEBetako zenbait hedabidek Pentagonoaren txosten bat filtratu zuten herenegun; horren arabera, Washingtonek «hilabete batzuk» baino ez dio atzera eragin Irango programa nuklearrari, igandean hiru azpiegitura nuklearri erasoa eginda —Natanzekoa, Fordowkoa eta Isfahanekoa—. Etxe Zuriak Defentsa Departamentuko informazio zerbitzuen txosten hori gezurtatu zuen, esanez «erabat oker» dagoela; atzo, Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen bonbardaketek «zur eta lur» utzi zutela Iran.
Tulsi Gabbard AEBen espioien agentzia nazionaleko burua da, eta atzo gauean esan zuen, sare sozialetan, «inteligentzia berriak» baieztatu duela Trumpek maiz esan duena: «Iranen azpiegitura nuklearrak suntsitu egin dira. Irandarrek berreraikitzea erabakiko balute, hiru azpiegiturak osorik berreraiki beharko lituzkete, eta urteak eman beharko lituzkete horretan». Gabbardek «propagandatzat» ere jo zuen hedabideek aurrez «ilegalki» zabaldutako txostena, «Trumpen lidergoa ahultzeko» asmoa zuena. Halaber, John Ratcliffe CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendariak Gabbarden eta Trumpen hitzak berretsi zituen; iturri «fidagarriek» diote Iranen programa nuklearra «txikituta» geratu dela.