Ekialde Hurbila

Netanyahuk, atzera egin, eta bertan behera utzi du errefuxiatuak ez deportatzeko akordioa

Bezperan egindako akordioari muzin egin dio, gobernuaren barruan izandako presioen ondorioz.

Deportazioen kontrako protesta bat, Tel Aviven. ABIR SULTAN, EFE
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 3a
10:47
Entzun

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bezperan iragarritako plana bertan behera utzi du. Israeldik errefuxiatuak deportatzeko egitasmoa baztertuko zuela jakinarazi zuen gobernuak atzo, baina biharamunean atzera egin du lehen ministroak, agerian utziz plana behartuta onartu zuela. UNCHR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin egindako akordioak aurreikusten zuen 16.000 asilo eskatzaile afrikarri behin-behineko bizileku baimena ematea eta beste 16.000 hainbat estatuetara bidaltzea; Italia, Alemania eta Kanadara, besteak beste.

Netanyahuk, baina, presioak jaso ditu gobernu koalizioa osatzen duten alderdien aldetik, eta bart egindako iragarpena berretsi du gaur, akordioa bertan behera utziz. Israelgo Gobernuak 35.000 etorkin baino gehiago kanporatzeko plana onartu zuen urtarrilean, baina, giza eskubideen aldeko erakundeek egitasmoaren kontra egin zuten bide judizialetik. Israelgo Auzitegi Gorenak, ildo horretan, planari behin-behineko betoa jarri zion duela pare bat aste, eta, horren ostean egin zuen akordioa gobernuak nazioarteko erakundearekin. UNCHRk salatu du prentsaren bidez jakin duela akordioa bertan behera uzteko lehen ministroaren erabakia.

Israelen 35.000-50.000 immigrante artean bizi dira, gehienak eritrearrak eta sudandarrak.Sinaiko penintsulatik sartu ziren herrialdera errefuxiatu gehienak, 2006. eta 2012. urteen artean. Egiptoko mugan, baina, harresia altxatu zuten 2013an. Tel Aviv hiriburuko hegoaldeko auzo pobreetan bizi dira errefuxiatu gehienak, linbo juridiko batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.