Ez da Israelek Gazarako menia hausten duen lehen aldia. Bi aldeek Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak proposatutako akordioa sinatu eta gero, urriaren 10ean etetekoak ziren bonbardaketak eta; orduz geroztik, ordea, Gazako Gobernuak salatu du Israelgo armadak 125 aldiz «urratu» duela akordioa, eta 94 gazatar hil direla haren erasoetan. Hamas Palestinako talde islamistak Israelgo tropei eraso egin diela argudiatuta, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gaza «berehala» bonbardatzeko agindu du arratsaldean, «bortizki» bonbardatu ere; hala dio lehen ministroaren bulegoak gaur kaleratu duen ohar batek.
Iragarpena egin eta ordubete pasatxo geroago heldu da lur eta aire bidezko erasoaldia; Al-Jazeera hedabidearen arabera, Gaza hiriaren luze-zabalean jaurti dituzte bonbak, eta misil horietako batek Al-Xifa ospitaletik gertu egin du eztanda. Iturri horrek jakinarazi du gutxienez bederatzi lagun hil dituztela Gaza hirian eta Khan Yunisen egindako erasoetan, eta beste hamabost zauritu dituztela.
Zenbait hedabidek kaleratu dute Israelgo tropei tiro egin dietela gaur Rafahn, eta hark erantzun egin duela. Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak adierazi du, ohar bidez, Hamasek «ordaindu» egingo duela Rafahn zeuden militarrei eraso egiteagatik, eta gatibuen gorpuen itzulera oztopatzeagatik ere bai. «Marra gorria ari da gurutzatzen, eta armadak indarrez erantzungo dio», erantsi du. Hamasek esan du ez duela zerikusirik eraso horrekin.
Oraindik Hamasek gatibu hartutako hamahiruren gorpuak geratzen dira Gazan. Al-Jazeera harremanetan jarri da Suhail al-Hindi Hamasen buruzagietako batekin, eta hark esan dio ez dutela gorpuen entrega «atzeratu» nahi: «Israelek ohartu behar du engaiatuta gaudela, eta akordioa hausten dugula egozteari utzi behar diola». Erantsi du «ahalegin guztiak» egin dituztela hilotzak berreskuratzeko, eta edozein atzerapen Israelen «erantzukizuna» dela.
Gaur, talde islamistak jakinarazi du horietako bat berreskuratu duela Israelen erasoek eraitsitako eraikinen hondakinen artetik. Arratsaldean entregatzekoa zen gorpu hori, nahiz eta atzera egin duten Al-Qassam Brigadek, hau da, Hamasen adar armatuak; tregoa haustea leporatu diote Israeli. Ohar batean, brigadakoek azpimarratu dute Israelgo armadaren edozein erasok «oztopatu» egingo dituela «gorpuak bilatzeko, induskatzeko eta berreskuratzeko operazioak», eta horrek hamahiru gorpuen entrega zailduko duela.
Israelek, berriz, gorpuen hondeaketak «antzeztea» egotzi dio Hamasi, argudiatuz horiek aldez aurretik lurperatzen dituztela, ondoren indusketa lanak egiteko garaian Gurutze Gorria «aurkikuntzaren» lekuko izan dadin —erakunde hori arduratzen da gatibuen gorpuak jasotzeaz eta Israeli entregatzeaz—. Hala adierazi du gaur herrialdeko Atzerri Ministerioak, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Gezurra dio Hamasek. Badakite non dauden gatibuak. Antzeztutako hondeaketak neurrigabekeria dira, eta arriskuan jartzen dute su etena». Ministerioak ziurtatu du hori frogatzeko «grabazioak» dituztela, eta argitaratu egin ditu.
Hamas lies. They know where the remaining hostages are. Staged excavations are not only abusive - these violations endanger the ceasefire.
— Israel Foreign Ministry (@IsraelMFA) October 28, 2025
Drone footage shows Hamas moving & reburying body remains - then staging a false discovery for the Red Cross to witness. pic.twitter.com/PBtA7xSOo4
Erasoak eraso, AEBek uste dute bereari eutsiko diola Trumpen «bake planak»; izan ere, Israelen eta Hamasen arteko tregoa ez da bertan behera geratu, James David Vance AEBetako presidenteordeak gaur kazetariei esan dienez: «Horrek ez du nahi esan ez denik egongo liskarrik han-hemenka».
Bestalde, Israelgo armadak jakinarazi du hiru miliziano hil dituela gaur Zisjordanian, ohar bidez azaldu duenez. Tropek «zelula terrorista bat» atzeman dute kobazulo batean, eta haien aurka tiro egin dute; ondoren, kobazulo hori bonbardatu dute, «azpiegitura terrorista hondatzeko».Â
Israelen «eguneroko» erasoak ikusita, Libanok menia gainbegiratzeko mekanismoa martxan jartzeko exijitu du
Israelek areagotu egin ditu azken asteetan Libanoren aurkako erasoak. Hori dela eta, Beirutek exijitu du martxan jarri beharra dagoela iazko azaroan adostutako menia akordioa gainbegiratzeko mekanismoa. Hala eskatu diote Joseph Aun presidenteak, Nawaf Salam lehen ministroak eta Nabih Berri parlamentuko bozeramaileak Morgan Ortagus AEBetako ordezkariari gaur, bilera banatan.
Bost kidek osatzen dute mekanismo hori —tartean, Frantzia eta AEBak—. Israeli menia urratzea eragozteko ardura duela gogorarazi dute Libanoko agintariek.
2023ko urrian Israelek Gazako erasoaldia gogortu zuenetik iazko azarora bitartean, Hezbollah Libanoko talde xiitaren eta Tel Aviven arteko gatazka are eta gehiago gaiztotu zen. Azaroaren 27an sinatu zuten menia —AEBak, Frantzia eta Libano izan ziren bitartekariak—, baina Tel Avivek ez ditu eraso guztiak eten; gainera, Berrik salatu duenez, azken asteetan «egunerokoak» izan dira. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, urrian hogei pertsona baino gehiago hil dituzte Israelgo armadaren erasoek. Eta NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, su etena indarrean denetik Tel Avivek 111 pertsona hil ditu Libanon
.