Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak atzo esan zuen ez dutela asmorik lurreko erasorik egiteko Iranen aurka. Biharamunean, iturri ofizialek The Wall Street Journal egunkariari jakinarazi diote Washingtonek 2.500 bat marine bidaliko dituela Arabiako itsasora, USS Boxer, USS Portland eta USS Comstock gerraontzietan —joan den astean ere, Pentagonoak erabaki zuen beste hiru gerraontzi hara bidaltzea, beste hainbeste marine ingururekin batera—.
AEBek gaitasun militarrik gabe utzi nahi dute Iran, nahiz eta badaukaten presazko beste helbururik: Ormuzko itsasarteko garraioa berrezartzea, errepublika islamiarrak blokeatuta baitu gatazka hasi zenetik, otsailaren 28tik. Etxe Zuria Irango irla bat okupatzea ari da aztertzen, petroliontzien joan-etorria berreskuratze aldera. Hori kaleratu du gaur AEBetako Axios hedabideak, Washingtongo iturri ofizialak aipatuz: «Hilabete inguru behar dugu irandarrak eraso gehiagorekin ahultzeko, irla kontrolpean hartzeko eta hori negoziazioetarako baliatzeko, behin barrabiletatik helduta ditugula». Informazio horrek jopuntuan jarri du Persiar golkoko Kharg irla: handik ateratzen da Teheranen petrolio esportatzioen %90. «Kosta inbaditzea erabakitzen badu [Trumpek], gertatu, gertatuko da. Baina oraindik ez du hartu erabakirik», esan diote iturri ofizialek Axiosi. Bide batez, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeei «koldarrak» izatea leporatu die Trumpek, Ormuz «irekitzen ez laguntzeagatik». Eta gerra eskualdean hedatzen ari denez, aliantza militarra hasi da bere langileak Iraketik ateratzen; hori adierazi dio aliantza militarreko iturri batek, herrialde hartako berri agentzia nazionalari.
Bitartean, Iranen gaitasun militarren kontra ari dira Israel eta AEBak. Tel Avivek gaur adierazi duenez, aiatolen sistemako beste bi buruzagi hil ditu: Esmail Ahmadi, Basij talde paramilitarreko Inteligentzia Departamentuko burua, eta Mehdi Rastami Xmastan Inteligentzia Ministerioko goi karguduna. Israelek egunero bonbardatzen du herrialdea —Libano jotzen ere jarraitzen du—, eta Teheranen arabera, 1.200 pertsona hil ditu. Giza Eskubideen Aldeko Irango Aktibistak GKE gobernuz kanpoko erakundeak dioenez —AEBetan du egoitza—, baina, hildakoak 3.000 inguru dira; gehienak, zibilak. Iranen kontraerasoak, bestalde, Jerusalem ere izan du gaur helburu.
Aiatolen sistema eroraraztea ere badute asmo Israelek eta AEBek. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esana du aldaketa politikoa eragin nahi duela Ekialde Hurbileko herrialde horretan, eskualdeko bere nemesian, edo, behintzat, irandarrei hori egin ahal izateko baldintzak eskaini nahi dizkiela —horra hor Ali Khamenei lider gorena eta arlo militarreko buruzagiak hiltzeko arrazoia—.
Orain, gatazka beste fase batera igaroarazi behar dela iradoki du: «Iraultza bat ezin da airez egin. Lurrez ere egin behar da». Eta, iradokizunak iradokizun, Mojtaba Khamenei lider gorenak mehatxu egin du irandarrei «segurtasuna» emateko aurrez «etsaiei» kendu behar zaiela, «bai barrukoei eta bai kanpokoei»; horixe idatzi du gaur sare sozialetan, Newroz eguna ospatzeko mezuan.
Netanyahuk kontuak eman zituen atzo nazioarteko hedabideentzat emandako prentsaurreko batean, azken egunetako erasoen harira: Israelek Irango South Pars gas hobiari eraso zion herenegun, eta hark eskualdeko hobien eta findegien kontra eginez erantzun dio orduz geroztik. Iturri ofizialek kontrakoa esanagatik ere, lehen ministroak ziurtatu zuen Israelek «bere kasa» erabaki zuela Persiar golkoko hobi hori bonbardatzea, AEBen oniritzirik gabe. Are —eta ia ziurrenik Iranen erantzuna ikusita—, Trumpek atzo dei batean eskatu zion ez zezala egin halako erasorik beste behin. «Eskatutakoa beteko dugu», Netanyahuk.
HILDAKO GOI KARGUDUNAK
- Ali Khamenei. Irango lider gorena. Otsailaren 28an.
- Aziz Nasirzadeh. Defentsa ministroa. Otsailaren 28an.
- Ali Larijani. Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko burua. Martxoaren 16an.
- Gholamreza Soleimani. Basij talde paramilitarreko burua. Martxoaren 18an.
- Esmail Jatib. Inteligentzia Ministroa. Martxoaren 18an.
- Esmail Ahmadi. Basij talde paramilitarreko Inteligentzia Departamentuko burua. Martxoaren 20an.
- Mehdi Rastami Xmastan. Inteligentzia Ministerioko goi karguduna. Martxoaren 20an.
Netanyahuri leporatu izan diote AEBak gatazkan parte hartzera behartzea, presioz. «Inork uste al du Trump presidenteari esan ahal zaiola zer egin behar duen? Ez dut inor nahasarazi. Ez zuen behar konbentzitzerik», adierazi zuen Israelgo lehen ministroak.
Hiru aste betetzear dira bi herrialde horiek erasoan hasi zirenetik, eta lehen ministroak atzo jakinarazi zuen Teheranek dagoeneko ez duela uranioa aberasteko eta misil balistikoak ekoizteko gaitasunik; dena den, xedea «gaitasun guztiak triskatzea» da. Irango Karaj hirian den misilak ekoizteko fabrika bat suntsitu dutela esan du AEBetako armadako Agintaritza Zentralak.
Gatazka hedatu du Iranek
Irango Guardia Iraultzaileko bozeramaile batek, Ali Mohammad Naeinek, gezurtatu egin ditu lehen ministroak esandakoak, eta oraindik ere misilak egiteko kapaz direla esan du; horixe kaleratu du gaur IRNA Irango Berri Agentzia Nazionalak.
Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak atzo ohartarazi zuen herrialdeko energia azpiegiturei kalte eginez gero ez dituztela «indarrak gordeko», eta munizioaren «zati bat» baizik ez zutela erabili Ekialde Hurbileko hobien eta findegien kontra. Horixe bera adierazi diote Irango segurtasun arloko iturriek AEBetako CNN kateari: «Hitzeman genuen bezala, eskualdera zabaldu dugu gerra Trumpen eta Netanyahuren erasoaren ondotik».
178Iranek zenbat «espioi» atxilotu dituen. Irango Guardia Iraultzaileak 178 pertsona atxilotu ditu otsailaren 28az geroztik espioitza egotzita, Fars agentziak gaur kaleratu duenez, Irango armadaren adar horrek kaleratutako ohar bat aipatuz. Israelgo eta Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuei informazioa bidaltzea leporatu diete, militarren kontrol postuei eta leku esanguratsuen kokapenari buruzkoa.
Bestalde, Kuwaitek, Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek misil eta drone bidezko erasoak salatu dituzte gaur; azken bi herrialde horiek Irani egotzi dizkiote. Kuwaiteko Petrolioaren Korporazioak esan du hainbat dronek eztanda egin dutela goizaldean Mina al-Ahmadi findegian, eta suteak piztu direla; zenbait gunetan lanak eten dituzte, prekauzioz.
Qatar Energy Qatarko energia konpainia publikoak erasoen ondorioen berri eman du: gas natural likidotuaren esportazioak %17 gutxituko dira datozen bost urteetan. Israelek eta AEBek South Pars gas hobia bonbardatu eta gero, Ras Laffan gas natural likidotua ekoizteko findegiari eraso zion Iranek, Persiar golkoko gas hobian.

Hobi hori munduko handiena da: 9.700 kilometro koadro ditu: South Pars deritzo Iranen uretan dagoen 3.700 kilometro koadroko guneari; eta North Dome, berriz, Qatarko uretan dagoen 6.000 kilometro koadroko guneari.
Eta Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak esan du badaudela «nahikoa arrazoi» pentsatzeko gatazkako bi aldeek gerra krimenak egin dituztela: «Baldin eta erasoak egin badituzte Irango energia azpiegituren kontra, edo Iranek ere energia azpiegiturak helburu izan baldin baditu», esan dio gaur Politico aldizkari digitalari, elkarrizketa batean. «Ez dago alderik. Ez du axola nork egiten dien eraso zibilei. Onartezina da», erantsi du. Atzo, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi zuen dagoeneko mila lagun hil direla Israelen erasoetan gatazka hasi zenetik; Irango Osasun Ministerioak duela astebete esan zuen gutxienez 1.200 herritar hil direla dagoeneko.