Akusazioa iritsi da lehenbizi, eta onarpena ondoren. Israel Gaza barneko «hainbat milizia jihadista» bultzatzen aritu da 2023ko urriaren 7az geroztik, talde horiek Hamasen aurka egin dezaten, helburutzat hartuta erakunde islamista palestinarrak zerrendan duen indarra apaltzea. Hala jakinarazi zuen atzo arratsaldean Israelgo oposizioko parlamentari Avigdor Liebermanek, herrialde hartako irrati kate publikoan egindako elkarrizketa batean. Iluntzean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk akusazioa onartu zuen, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez: «Hamasen aurkako miliziak bultzatzen ditugu Gazan. Zein da arazoa?».
Netanyahuk baieztatu egin du zerrendan gerra zikina sustatzen ari dela; are, uste du ekintza hori «egokia» dela, modua ematen baitu «Israelgo soldaduen bizitzak salbatzeko». Are, atzo arratsaldean, estrategia horren berri eman baino lehen, iradoki zuen bazitekeela Liebermanen akusazioa egia izatea, adierazi baitzuen Israelgo Gobernua «hainbat bideren bitartez» ari dela lanean Hamas suntsitzeko.
Netanyahuk esan duenez, herrialdeko segurtasun organismoetako goi kargudunak zerrenda barneko milizia armatuak indartzearen alde daude, eta, horrekin lotuta, Liebermani leporatu dio «gezurretan» aritzea; oposizioko kidearen arabera, Netanyahuk «alde bakarrez» jarri du abian operazio hori. Israelgo lehen ministroak, berriz, esan dio informazioa zabaltzeak Hamas indartzea besterik ez duela lortuko.
«Hamasen aurkako miliziak bultzatzen ditugu Gazan. Zein da arazoa?»
BENJAMIN NETANYAHU Israelgo lehen ministroa
Nazioarteko eta Israelgo hedabideek dagoeneko eman dute Netanyahuren gerra zikina sostengatzen ari diren milizietako baten izena: Herriaren Indarrak. Yasser Abu Xabab milizianoa du buru, zeina Hamasen gobernuaren aurka dagoen. Liebermanek ere milizia horixe bera aipatu zuen atzo; haren hitzetan, EI Estatu Islamikoaren adar bat da.
Israelgo Haaretz egunkariak iragan hilabetean kaleratu zuenez Gazako iturriak aipatuz, talde horrek ehun eta hirurehun miliziano artean ditu, eta Israelen baimena jasotzen dute «operazio puntualak» egiteko. Miliziak erabiltzaile kontu bat ireki du berriki X sare sozialean, eta, haren bidez, Hamasi leporatu dio «Laguntza humanitarioa banatzeko Rafahko guneetan zibilak hiltzea».
Israelen gerra zikinari buruzko informazioa zabaldu baino zenbait hilabete lehenago, hain justu, nazioarteko hedabideetan oihartzun handia izan zuten zerrendan Hamasen aurka antolatutako protestek. Manifestaziorik jendetsuenak martxoan izan ziren, eta Hamasek komunikatu bat zabaldu zuen orduan. «Onartezina da gerra erabiltzea okupatzaileari dagokion erantzukizuna barkatzeko edo agenda politiko susmagarriak bultzatzeko», adierazi zuen ohar horretan erakunde islamistako bozeramaile politiko Basem Naimek.
Edonola ere, oraingoa ez da Israelek Gazaren aurka gerra zikina egiteko martxan jarri duen aurreneko operazioa: Tel Avivek 2018tik baimendu du Qatarrek Hamasi laguntza ekonomikoa ematea. Hala onartu zuen Netanyahuk duela bi aste, prentsaurreko batean. Haren arabera, Israelgo Segurtasun Kabinete osoak zuen horren berri, eta helburua argia zen: «Islamistak [Hamas] eta Zisjordania kudeatzen duen Palestinako Aginte Nazionala zatituta egotea aurrerantzean ere». Israelgo zerbitzu sekretuek geroago jakinarazi zutenez, Qatarko Gobernuak hilean 30 milioi dolar —26,2 milioi euro inguru— bidaltzen zituen Gazara.
Janari banaketa, berriro ere etenda
GHF Gazan Humanitarian Foundation zerrendan laguntza humanitarioa banatzeko ardura eta baimena duen elkarte bakarrak —AEBetako militar ohiek osatzen dute, eta Blackwater talde mertzenarioaren babesa dauka— iragarri du banaketa eten egingo duela «behin-behinean», eta Gazako herritarrei esan die gune horietara ez hurbiltzeko, «segurtasunarengatik».
«Mantentze lanak» egin eta elkartearen funtzionamendua «berrantolatu» behar zutela argudiatuta, GHFk ez zuen laguntza humanitariorik banatu herenegun. Atzo ere ez zen laguntza banatzekoa; azkenean, baina, arratsaldean bi gune ireki zituen —lau daude zerrendan—. Gaur jakinarazi du modua egin duela hemeretzi kamioi humanitario hara sartzeko eta banaketa egiteko. Oraingoz, ordea, ez du zehaztu zergatik utzi duen banaketa berriro ere bertan behera.
LIBANOKO ARMADAK ISRAELI OHARTARAZI DIO KOOPERAZIOA ETENGO DUELA MENIA URRATZEN JARRAITZEN BADU
Libanoko armadak ohartarazpena egin dio Tel Avivi: «Israelen etengabeko urraketek kolokan jartzen dituzte Libanoko armadaren funtzioak». Hala, Israeli esan dio su etena urratzen jarraituz gero bertan behera utziko duela menia akordioaren harira hitzartutako kooperazioa. Horren arabera, Libanoko armadak Hezbollah milizia xiitaren eta Israelen ekintzak eta operazioak gainbegiratu behar ditu, ziurtatzeko ez batak eta ez besteak ez duela menia urratzen; halaber, helburu du bermatzea Hezbollahk ez duela bere gaitasun militarra areagotzen. Iazko azaroan erdietsi zuten akordioa.
Israelek Beirut hegoaldeko hainbat auzo bonbardatu zituen atzo gauean, eta horren ondoren iritsi da Libanoko armadaren abisua. «Israelek Libanoko lurraldeak okupatzen jarraitzen du, baita su etena hausten ere», salatu du oharrean. Israelgo armadak bonbardaketa horiek justifikatu ditu, argudiatuta Hezbollahk droneak ekoizteko erabiltzen duen eraikin baten aurka egin dituztela erasoak. Ez zen zauriturik izan.