Agintaldiari eutsi nahi badio, herritarren presioari aurre egin eta haien eskaerei jaramon egin beharko die Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, eta eskakizuna argia da: Hamasek eta milizia palestinarrek oraindik gatibu dituzten israeldarrak askatzea. Horretarako, baina, su-eten akordio bat erdietsi beharko dute Tel Avivek eta Palestinako erakunde islamistak, eta ez dirudi luze gabe halakorik gertatuko denik: Hamasek baldintza gisa jarri du Israelek bere tropak ateratzea zerrendatik tregoak iraun bitartean, baita NBE Nazio Batuen Erakundeari laguntza humanitarioa banatzen uztea ere; Israelek, baina, ez du horrelakorik nahi. Hala, Netanyahu B plana ontzen hasi da, hau da, Hamasek «laster» menia onartu ezean martxan jarriko lukeena: Gazako hainbat eremu anexionatzea.
Israelgo hedabide batzuek atzo gauean kaleratu zutenez, lehen ministroak herenegun iluntzean aurkeztu zien proposamena biltzen duen txostena Segurtasun Kabineteko kideei. Dokumentu horretan jasota bide dago, besteak beste, Israelek «organismo administratibo bat» ezarriko lukeela zerrendako hainbat lekutan, teorian horietan bizi diren «zibilak eta haien segurtasuna» kontrolatzeko. Era berean, iturri horiek jakinarazi dute Israelgo armadako agintariek ez dutela baztertu Gazako «hiri humanitarioa» sortzeko asmoa; are, informazio horren arabera, dagoeneko hasiak dira horretarako hainbat azpiegitura eraikitzen Gaza hegoaldeko Rafah hiriaren aldirietan.
Erresuma Batuak irailean Palestinako Estatua aitor lezakeela iragarri duen egun berean zabaldu dira filtrazioak. Hango lehen ministro Keir Starmerrek atzo eman zuen erabakiaren berri. Dena den, ez da erabatekoa, Londresek baldintzapeko urrats bat egin baitu: Palestina estatutzat joko du baldin eta ordurako Israelek ez badu meniarik onartu. Israelgo Gobernuak ez du begi onez ikusi Starmerren mugimendu hori, eta leporatu dio «ultimatumetara» jolasten aritzea, eta «Hamasen terrorismo basatia» babestea. Gauza bera salatu du gatibuen senideen foroak, ohar baten bidez: «Ez da bakearen aldeko neurria, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria eta akats moral eta politikoa baizik».
Kontrara, nazioarteko hainbat herrialdek txalotu egin dute Londresen erabakia, baita Mendebaldeko batzuek ere. Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrot izan da hori egiten lehena, sare sozialen bidez: «Batera, elkarlanari esker, amaiera eman nahi diegu indarkeria ziklo infinituari, eta atea ireki nahi diogu bakeari». Hain justu, Parisek ostegunean iragarri zuen irailean Palestinako Estatua aitortuko duela, eta egunotan hainbat elkarrizketa izan ditu E3ko agintariekin —horrela esaten zaio Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak osatzen duten talde estrategikoari—. Nolanahi ere, ez da espero Alemaniak epe laburrean halako erabakirik hartzea, hura baita Israelek Europan duen aliaturik handiena.
Horrekin lotuta, bi estatuen konponbidearen aldeko ohar bateratu bat zabaldu dute gaur Mendebaldeko hamabost herrialdek. Sinatzaileen artean daude Australia, Eslovenia, Espainia, Finlandia, Frantzia, Kanada eta Portugal. Frantziako Atzerri Ministerioak geroago helarazi duenez, dokumentu hori sinatu duten estatuek dagoeneko adierazi dute edo adierazi dute Palestinako Estatua aitortzeko asmoa, eta gauza bera egiteko eskatu die gainontzeko herrialdeei. «Palestinako Estatua aitortzea ezinbesteko eta funtsezko pauso bat da bi estatuen konponbidea egia bihurtzeko», gaineratu du.
Hamasen armagabetzea
Bi estatuen konponbidea defendatzeko ez ezik, Hamasen armagabetzea eskatzeko ere zabaldu dute dokumentu bat, gaur goizaldean, nazioarteko zenbait herrialdek; sinatzaileen artean daude, esate baterako, Qatar, Saudi Arabia eta Egipto. «Gazako gerrari amaiera eman ahal izateko, Hamasek zerrendan daukan agintea utzi behar du, eta dituen arma guztiak Palestinako Aginte Nazionalari [PAN] eman», zehaztu dute oharrean. Horretarako, uste dute funtsezkoa izango dela nazioarteko erakundeek eta herrialdeek parte hartzea.
Bestalde, Gazako iturri ofizialek jakinarazi dute gaur gutxienez 11 pertsona hil dituztela Israelgo soldaduek, tiroz. Beste behin, banaketa gune batean izan da erasoa. Hala, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, dagoeneko 1.200 pertsona baino gehiago hil dituzte laguntza jasotzeko eremuetan.