Eskoziak independentziari buruzko erreferenduma galdu ostean kargu politikoak utziko zituela esan zuen Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak, eta dagoeneko jakina da nork ordezkatuko duen: Nicola Sturgeonek, Salmonden bigarrenak. SNPko buruzagi eta Eskoziako aurreneko emakumezko gobernuburu izateko hautagaia da.
Hautagaitzak aurkezteko epea gaur bukatu da, eta, Patrick Grady alderdiko idazkariak jakinarazi duenez, ez dago beste hautagairik. Eskerrak eman ditu Sturgeonek Twitterren:
Thank you to @theSNP for choosing me as your new leader. I now look forward to becoming FM for ALL of Scotland. http://t.co/sjKWWGWFHL
— Nicola Sturgeon (@NicolaSturgeon) October 15, 2014
Eskoziako Alderdi Nazionalistak berez urrian zuen egitekoa aurtengo alderdiaren batzarra, baina, galdeketa dela eta, azarora arte atzeratu zuten —hilaren 13tik 15era izango da—. Orduan utziko du kargua Salmondek. Eskoziarrek gehiengo osoz aukeratu zuten Salmond lehen ministro kargurako, eta 2016. urtera arte eman zioten konfiantza. Urte horretan dira Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak.