FSLNk bozak irabazi eta bi urte eta erdira, baina, egoera irauli du. Daniel Ortegak 2006an bozak irabazi eta agintea hurrengo urteko urtarrilean eskuratu zuenean %35ekoa zen analfabetismo tasa; bi urtean %4,7ra murriztu da. Ekainaren amaieran jakinarazi zuen gobernuak analfabetismorik gabeko herrialdea dela Nikaragua. Unescok Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak estatu bat analfabetismorik gabekoa dela aldarrikatzeko ezartzen duen %5aren azpitik dago egun Nikaragua. Kubaren (1961), Venezuelaren (2005) eta Boliviaren (2008) ostean, laugarren estatua da erronka hori gauzatzen Latinoamerikan.
Belaunaldi berriak
Erronka hori horren azkar gauzatzeko erabaki irmo bat hartu zuen gobernu sandinistak. Nikaragua Alban sartzea, Amerikarako Alternatiba Bolivartarreko erakundean; energia krisi larriari konponbidea emateko ere balio izan zuen erabaki estrategiko hark. Latinoamerikako ezkerreko batasun geopolitikoetara egokitzen saiatzen ari da egun herrialdea; kontzeptu ideologiko eta politiko berriak bereganatzen eta, aldi berean, iraultza sandinista sustatu zuten behinolako printzipioak berreskuratzen. Hamasei urteko gobernu neoliberalen ostean, beste erronka bat baitute sandinistek orain; pobreziari aurre egitea; izan ere, 5,1 milioi lagun dituen herrialde honetan %80 dira pobre.
Eremu politikoan ere, erronka bat dute sandinistek iraultza izan eta 30 urtera: milioi bat militante izatera iristea. Horretarako, belaunaldi berriak erakarri beharko ditu iraultzaren tesietara gobernu progresista izateari utzi gabe. Agerikoa izan da FSLNren garapena boterea berreskuratzeko ahaleginean; izan ere, aintzat hartu du herrialdearen errealitate historikoa, azken urteetan pobreziak etengabe gora egin duela ahaztu gabe. Alban sartzea eta Kubaren eta Venezuelaren sostengua izatea erabakigarria izango da neoliberalismoak eragindako hondamendia amaitzeko. Hamazazpi urteotan herritarrek indibidualismoan eta erlijioan babestu badira, gaur egun, itxaropenez ikusten dituzte gobernuaren asmoak, batez ere, bizi kalitatea hobetzeko asmoak.
Gerraren ondorioak
Contra-ren kontrako borroketan eta segadetan milaka sandinista hil edo desagertu ziren, eta, horri gehituz gero bi hamarkadatan indarrean egon den neoliberalismo sakon eta suntsitzailea, politikoki erabat desorekatuta zegoen herrialdea hartu zuten sandinistek 2007an. Iraultza osoan trebatutako milaka profesionalek eta teknikarik atzerrira egin behar izan zuten ihes; somozistak, bien bitartean, herrialdera itzuli ziren Miamin (AEB) egindako aberastasunaz eta oparotasunaz harro. Mendeku gogoz ere baziren, iraultzan galdutako jabegoak berreskuratzeko asmotan itzuli baitziren. AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Europako interes neoliberalen menpe egon zen Nikaragua 1990 eta 2006 artean, eta borroka ideologikoa garatu eta kapitalismoa sustatu zuten.
FSLNk 2006ko azaroaren 5ean irabazi zituen hauteskunde orokorrak. Nikaragua Batuta Garaile koalizioak, baina, sandinismotik haratago dagoen espektro ideologiko zabal bat hartzen du bere gain, tartean, Contra-ko kide ohiak ere badaude. Daniel Ortega buruzagi sandinista ohiak eskuratu zuen presidentetza eta horrek itxaropena sortu zuen. Gobernua, ildo horretan, beste errealitate batera egokitzeko ahaleginean aritu da bi urteotan, eta, orain, aukera ezin hobea du, analfabetismo tasa murriztu ostean, herrialdearen benetako arazoari, pobreziari, aurre egiteko.
Hainbat berrikuntza ezarri zituzten sandinistek boterea eskuratu eta gutxira; tartean, exekutiboan sartzea gobernu neoliberalen kontra aritu ziren eragile sozialak. Horren ondotik etorri da doako hezkuntza eta osasuna ezartzeko lehentasuna. Gosea Zero programa dator orain; landa eremuko 75.000 familiari bost urtean laguntzeko asmoa.
Iraultzaren ondorengo gobernu sandinistak aldaketa programa handia gauzatu zuen, baina,aldi berean, hamar urteko gerrari egin behar izan zion aurre; 50.000 lagunetik gora hil ziren.
Ekarpenak eta arriskuak
A. Fadda. ManaguaNikaraguako diktadurarik odoltsuenak eta latzenak berrogei urte baino gehiagoren buruan jo zuen hondoa, 1979ko uztailaren 19an. FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren borrokak gudu bortitzak izan zituen bi hilabetean, eta, azkenean, kargutik kendu zuten Anastasio Somoza. Hura, baina, AEBek eta Israelek babestuta, Miamin gorde zen; komando internazionalista batek handik urtebetera exekutatu zuen arte. Iraultza gailendu zelarik, bada, amesgaiztoa bihurtu zen herrialdea Washingtonentzat. Latinoamerikako lurralde askatuetatik bigarrena izan zen Nikaragua -Kubaren ondoren-.
Aldaketa programa handia gauzatu zuen gobernu sandinistak. 1980ko alfabetatze kanpainari esker, %53tik %12ra jaitsi zen analfabetismoa; txertatze saioei esker, berriz, urte gutxian errotik erauzi zituzten gaixotasun endemikoak. Nekazaritza erreformak mendeetan iraun zuen latifundioen edo landa jabego handien sistema amaitu zuen; eta herrialdearen historiako industrializazio programarik handienak abiarazi zituzten sandinistek. Arazoak ere, laster batean heldu ziren.
Gobernu iraultzailea ezarri eta urtebete eskasera, eraso gerrari ekin zion Ronald Reaganek. Hondurasera ihes eginda zeuden guardia somozistakoak izandakoak eta diktadura erregimenaren hurbilekoak, milaka, antolatzen hasi ziren. CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren eta armada estatubatuarraren laguntza izan zuten. Contra-k iraultzaren kontrako mugimenduak, 22.000 gizon zituen sakabanatuta mugaldeko kanpalekuetan barrena. Denbora gutxiren buruan, gerra gupidagabeari ekin zioten. 1984tik 1988ra jo zuen gailurra gerrak; herrialdeko ekonomia eta gizarte azpiegiturak suntsitu zituen, eta 50.000 lagunetik gora hil ziren 10 urteko gerra hartan.
Erabateko hondamendia
Contra somozistek ehunka nekazari behartu zituzten erasoaldietan parte hartzera, bai indarra erabilita, bai haien atsekabea baliatuta. Washingtonek herrialdeari erasoko ziola mehatxu egin zuen, ekonomia blokeoa ezarri zuen eta 10.000 milioi dolar inguru gastatu zituen gerran. Nikaraguari hondamendia erabatekoa ekarri zion.
Nekazarien kooperatibak, estatuko erakundeak eta zibilak izan zituen jomugarik gogokoen Contra-k. Itzelezko izugarrikeriak egin zituzten, eta sandinistek gero eta baliabide gehiago erabili zituzten haiei kontra egiteko. Milaka gazte deitu zituzten soldadutza egitera; eta horrek areagotu egin zuen nikaraguar askoren atsekabea, hasieran gobernu sandinistari babesa eman bazioten ere, ordurako etsiak hartuta baitzeuden hutsegite mordoa egin zutelako herrialdea kudeatzerakoan.
AEBek zuzeneko esku-hartze militarren bat egingo zutelako mehatxua areagotu egin zen, eta erasoaldiak bortizki astindu zituen biztanle zibilak. Testuinguru hartan, gatazka basati hura geldiarazi egin behar baitzuten etsi-etsian herrialdea odolustuko ez bazen, bake elkarrizketak abiarazi zituen gobernu sandinistak Contra-rekin, 1988tik 1989ra. Azkenean bake akordio bat lortu zuten, eta hauteskundeak antolatu zituzten 1990ean. Gerra eta blokeoa zirela bitarteko, bozak galdu zituen FSLNk -%15eko aldearekin-. Ipurdiko handia izan zen, bai sandinismoarentzat bai nazioarteko ezkerrarentzat. Harrezkero, gobernu eskuindarrek gobernatu izan dute Nikaragua. Eta AEBekin bat zetozen gobernu horiek helburu bakarra zeukaten: iraultzak abiarazitako gizarte eraldaketen proiektua amaitzea, eta pribatizatzeei eta proiektu neoliberalari ateak zabaltzea.
Chamorroren garaia
Ondoren alderdi liberalen eta kontserbadoreen koalizio bat etorri zen, Violeta Chamorro buru zuena -Somozaren aginduz hildako kazetari eta politikari kontserbadore baten alarguna-. Tirabira handiko giroan gobernatu behar izan zuen. Contra-ko kide izandako taldeak zeuden batetik -recontra ere bazirenak-, eta armada sandinistako kide izandakoak, bestetik -recompas edo misto-ak izenekoek edo revueltos edo erreboltari ere deiturikoak-. Lurrak eta gizarte hobekuntzak eskatzen zituzten azken hauek eta gerra amaitu ostean desmobilizatu zituzten.
Arnoldo Alemanek 1996an eta Enrique BolaƱosek 2001ean -Alderdi Liberal Konstituzionalista eskuindarrekoak biak-, presidentetza bereganatu zuten, eta bien artean kontinenteko herrialderik pobreenetako bat bihurtu zuten Nikaragua. Hamazazpi urteren buruan, baina, oraindik ere botere eta eragin handia zuten sandinistek; abilezia handiz garatu izan baitzuten politikagintza landa eremuan, eta, guztien harridurarako, Contra-ko sektore jakin batekoekin, beren eskariak saldutzat jo zituztenekin, adiskidetzea sustatu zuten. FSLNk duela hiru urte irabazi zituen bozak.
%80
Latinoamerikako pobreenen artean. Haitiren ostean kontinenteko bigarren herrialderik pobreena da Nikaragua. Orotara, 5,1 milioi lagun bizi dira herrialdean, eta horietatik %80 pobreak dira. Kanpo zor handiena duen herrialdea ere bada Nikaragua.Iraultzaren urteurrena gogoan izango dute gaur Managuan
Ospatzen betetzen ditugu 30. Lelo horrekin iraultza sandinistaren 30. urteurrena gogoratuko dute gaur Managuan. Xolotlan lakuaren inguruetan hainbat ekitaldi egingo dituzte, goizeko 11:00etatik aurrera. Rosario Murillok, Daniel Ortega presidentearen emazteak ospakizunetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.Iraultza sandinistatik gaur egun arte
1979. Anastasio Somoza agintetik kendu zuen FSLNk.1981. Ronald Reagan presidenteak blokeoa ezarri zuen.
1982. Hitzarmen ekonomikoa sinatu zuten SESBerekin.
1984. FSLNek bozak irabazi zituen.
1988. Bake negoziazioak hasi zituzten.
1990. Violeta Chamorrok zuzendutako koalizioak bozak irabazi zituen.
1996. Arnoldo Aleman eskuindarrak irabazi zituen bozak.
2001. Enrique BolaƱosek irabazi zituen bozak.
2006. Daniel Ortega sandinista gailendu zen bozetan.
2009. Iraultzak, 30 urte.
Cesar Sandino