Aurtengo iraila azken biak baino pixka bat freskoagoa izan da munduan, baina, hala ere, erregistroak daudenetik erregistratutako irailik beroetan hirugarrena izan da aurtengoa. Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak joan den hilabetearen laburpen klimatologikoa argitaratu du, eta, 1850 eta 1900 arteko batezbestekoarekin alderatuta, airearen tenperatura ia 1,5 gradu zentigradu (ºC) beroagoa izan da 2025eko irailean. 1991 eta 2020 arteko batezbestekoarekin alderatuta, berriz, anomalia hori 0,66ºC izan da.
2023ko iraila izan zen inoizko beroena, eta harekin alderatuta, aurtengoa 0,27ºC freskoagoa izan da; 2024koa, berriz, zerrendako beroenetan bigarrena izan zen, aurtengoa baino 0,07ºC beroagoa. Azken hamabi hilabeteak kontuan hartuta —2024ko urritik 2025eko irailera, biak barne—, eta XIX. mendeko batez besteko datuekin alderatuta, berotzea 1,51ºC-koa izan da; 1991 eta 2020 arteko datuekin konparazioa eginda, berriz, 0,63ºC beroagoa izan dira azken hamabi hilabeteak.
Copernicus zerbitzuko klima arduradun estrategiko Samantha Burgessek honela azaldu du aurtengo irailean nolakoak izan diren tenperaturak: «2025eko iraileko tenperatura globala inoiz erregistratutako beroenetan hirugarrena izan da, ia 2024ko iraila bezain beroa. Urtebete geroago, munduko tenperaturaren nondik norakoak oso antzekoak dira oraindik ere, eta lurraren eta itsasoaren gainazalean tenperatura bero etengabeak izateak erakusten du berotegi efektuko gasen metaketak eragin etengabea duela atmosferan».
Europan, irailik beroenen zerrendan bosgarrena ian da aurtengoa, 1991 eta 2020 arteko batezbestekoa baino 1,23ºC beroagoa. Ekialdeko Europan eta Eskandinavian erregistratu dute berotze handiena; mendebaldeko leku batzuetan, Frantzian eta Iberiar penintsulan bereziki, batezbestekoa baino freskoagoa izan da tenperatura, baina aldea gradu batena baino gutxiagokoa da. Munduan, Kanadan eta Groenlandiaren erdigunean erregistratu dira berotze handienak ohiko tenperaturekin alderatuta, baita Antartikan ere.
Itsasoaren berotzea
Copernicusek azaldu duenez, bereziki itsasoaren gaineko atmosfera asko berotzeagatik izan da iraila ohi baino beroagoa. Batez beste 20,72ºC izan ditu itsasoaren gaineko aireak munduan irailean; irailik beroenetan hirugarrena da, baina ez dago alde handirik erregistratutako irail beroenarekin: ordu hartan, hau da, 2023an erregistratutakoa baino 0,2ºC apalagoa izan da tenperatura. Ozeano Barearen iparraldean izan dira tenperatura anomaloenak, baita Norvegiako Itsasoan eta Barents itsasoan ere.
Ozeano Barearen erdialdean —masa ozeanikorik handienean—, berriz, nabaritu egin da El Niño fenomenoa amaitzea eta berriz baldintza neutroak izatea. Orokorrean, masa ozeaniko horretan 1991 eta 2020 arteko batezbestekoaren pare egon dira tenperaturak, eta, leku batzuetan, apalagoak ere izan dira. Aurtengo irailean, Ozeano Artikoko izotzaren hedapena batezbestekoa baino %12 txikiagoa izan da; hala ere, irail okerrenetik urrun dago, 2012ko irailean batezbestekoa baino %32 txikiagoa baitzen ozeano horretako izotz geruzaren zabalkundea.
Antartikan, berriz, irail honetan izotz ozeanikoak ohi baino %5 eremu txikiagoa hartu da; iazko irailean %7 txikiagoa izan zen, eta 2023koan, berriz, %9 txikiagoa.
Beraz, Copernicusen arabera, nahiz eta aurtengo iraila Ozeano Barearen erdialdeko klima -zikloaren fase neutroan egon, tenperaturak ohi baino beroagoak izan dira berdin-berdin. Munduko Meteorologia Erakundeak irailean iragarri zuen bazitekeela La Niña fenomenoa —zikloaren fase hotza— itzultzea 2025 amaieran, baina nabarmendu zuen hala ere munduko leku gehienetan tenperaturek ohi baino beroago jarraituko dutela.