Orain dela hamar urte, Yasnak apartamentu txikitxo bat erosi zuen Istanbulen, garai hartan ehunka irandarrek egin bezala, liluratuta baitzeuden ikusirik nolako askatasun eta aukerak zeuden Turkiako metropolian. Etxetxo hori, 30 metro koadro eskas, babesleku bihurtu zaie orain sei helduri eta bi neskatori: duela egun batzuk atera ziren Irandik, eta ez jakin noiz itzuliko diren, gerran baitago eskualde guztia, AEBek eta Israelek persiarren herrialdearen kontra hasitako erasoaldiaren ondorioz. «Noiz itzuliko garen jakin gabe etortzen garen bigarren aldia dugu aurten. Urtarrilean, aste batzuk eman genituen hemen nire ahizpekin eta lehengusinekin, protestak zirela eta», kontatu du, gogoan dituela eskasia ekonomikoagatik iazko urtearen bukaeran Teheranen piztutako protestak, gero herrialde guztira hedatu zirenak, Islamiar Errepublikaren aurkako oihu bihurtuta. Agintariek inoiz ez bezalako bortizkeriaz zapaldu zituzten protesta horiek: 7.000 lagun baino gehiago hil ziren, eta 50.000 atxilotu zituzten, giza eskubideen aldeko taldeek salatu dutenez.
«Oso bizkor gertatu zen guztia. Ez genuen denborarik izan zer pasatu zen ulertzeko. Nire herrialdea gerran dago. Irudiak ikusi, eta ezin sinetsirik nago oraindik», azaldu du Yasnak. Teherandik mendebaldera dagoen hiri batekoa da Yasna, Karaj-ekoa, eta irakasle aritzen da; hain zuzen, eskolak ematen hasia zen berriz —bertan behera egon baitziren protesten ondoren—, baina AEBek eta Israelek, otsailaren 28an Iran bonbardatu, eta erasoaldi bati ekin diote: 1.300 lagun baino gehiago hil dira dagoeneko, eta milaka desplazatu daude Iranen. «Hirugarren egunean, ihes egitea erabaki genuen; telekomunikazioek-eta kale egin zuten segituan. Khamenei hila zelako berria iritsi zitzaigun, baina hasieran ez genuen sinetsi», esplikatu du, Teheranen kontra egindako lehen eraso bateratuetako bat gogoan; hain zuzen, eraso hartan hil zen herrialdeko buruzagi gorena, Ali Khamenei aiatola, 1989az geroztiko estatuburua. «Halako batean, ordea, aditu genuen batzuek nola ospatzen zuten haren heriotza, leihoetatik bertatik. Oraindik ere shockean nago. Askotan buruan ibili nuen nola hilko zen, baina ez nuen behin ere pentsatu horrela geratuko zenik», onartu du.
«Iranen beti pentsatu izan dugu ez ginela sekula izango Siriaren edo Libanoren tankerakoak, herrialde sendo bat ginela»
YASNA Istanbulera ihes egin duen irandarra
Oraingoz, Istanbulen hilabete egotekoa da, «egoera noiz baretuko», baina ez daki zer egingo duen gerra gehiago luzatzen bada. «Iranen beti pentsatu izan dugu ez ginela sekula izango Siriaren edo Libanoren tankerakoak, herrialde sendo bat ginela», kontatu du. «Amaren lehengusu batzuk Tazehabad-en bizi dira, Kaspiar itsasoan. Gerra luzatzen bada, hara joango gara, hura lasaiagoa da-eta».
«Edozer gerta liteke»
Trabrizen —Turkiako mugatik gertu— bizi den mediku irandar batek ere ihes egin du familiarekin, nekazari inguru batera, Israelek airetik eraso baitzion hiriari. Erasoak ugaritu ahala, Turkiara pasatzea erabaki zuten, eta aste batzuk Ankaran egotekoak dira orain, han adiskide batek etxean hartu baititu. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, egunean 1.000-2.000 ibilgailu atera dira Teherandik gerra hasi zenetik, eta antzera dabiltza herrialdeko beste hiri handietan. Irango Ilargi Gorriak segurtatu du 3.600 etxe baino gehiago hondatu dituztela AEBen eta Israelen erasoek. Gainera, azken egunetan gogortu egin dira erasoak Teheranen, eta, petrolio biltegietan jo dutenez, laino kutsagarriak zabaldu dira metropolian, hango hamar milioi biztanleen kaltegarri.
«Oraindik ez daukagu planik, baina alde egin nahi dugu, egoera asko okertuko balitz ere. Gauza asko gerta litezke, muga itxi lezakete, eta, jende askok alde egiten badugu, errefuxiatuak izango gara», adierazi du. BERRIArekin mintzatu den mediku horrek nahiago du izena ez argitaratzea. «Edozer gerta liteke, lehendik ere ikusita dauzkagu-eta ez sinesteko moduko gauzak», kontatu du, gogoan izanik zenbat errepresalia izan diren AEBek eta Israelek eskualde hartan dituzten aktiboen kontra; haiek ere kalte egin diote Irango motor ekonomikoari, turismoaren, azpiegitura zibilen eta energiaren sektorearen kontra ekinez. Segurtatu du ustelkeria oso handia dela oraingo erregimenean, «Khameneiren azken urteotan batez ere», baina uste du oraingoz ez dagoela Islamiar Errepublika ordezkatzeko alternatiba sendorik. «Orain asko aipatzen dituzte pahlavitarrak», adierazi du, Reza Pahlaviri buruz ari dela: Ruhollah Khomeiniren mugimendu islamiarrak eraitsitako xah edo monarkari buruz, hain zuzen. «Jendeak ez du onartuko Trumpen eskumakila bat jartzea gobernuburu», azaldu du.
«Jendeak ez du onartuko Trumpen eskumakila bat jartzea gobernuburu»
Istanbulera ihes egin duen mediku irandarra
Uste du Israel ez dela erasotzetik geldituko, nahiz eta Khamenei hila izan, eta segurtatu du «herrialdea zatikatzea» dela Israelen egiazko helburua. «Esaten da kurduei armak emango dizkietela, Azerbaijanek Irango azeriak babestu nahiko dituela... Herrialdea zatikatu nahi dute, baina Iran ez dago beste herrialde batzuk bezain banandurik. Ezingo dute, jendeak ez du halakorik onartuko», segurtatu du.
Astebete barru, Trabizko lanpostura itzuliko da, baina emaztea eta bi alabak Ankaran geratuko dira, herrialdean kaosa nagusituko den beldur. «Probatuta nago zer den kaosa, xaha erori zenean. Toki batzuetan, arpilatzeak izan ziren, gehiegikeriak. Hobe da gerran zer gertatzen den ikusi arte itxarotea. Israel kapaz da edozer gauza egiteko», arranguratu da.