xabier martin
Puntua

Noriega eta Maduro, 36 urteko haria

2026ko urtarrilaren 3a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

1989ko abenduaren 20an AEBetako armadak Panama inbaditu zuten, hango agintari militarra bahitu eta AEBetara eramateko. Manuel Antonio Noriega (1934-2017) militarra, hain justu, 1990eko urtarrilaren 3an hartu zuten preso AEBetako militarrek, zenbait egunez ihesean ibili ondoren. Gaur bete dira 36 urte, eta gaur hartu du preso Nicolas Maduro Venezuelako presidentea armada berak. Badira antzekotasunak eta desberdintasunak bi gertakarien artean.

Lehen multzoan, interes geoestrategikoak aipatu behar dira. Horiek aintzat hartu gabe nekez azaldu daiteke Noriegak kartzelan egin zuen urte mordoa —berrogei urteko espetxe zigorra—, eta interes horiei erreparatu gabe ezin da esplikatu osorik Venezuelan gertatu berri dena, eta Madurok datozen hilabeteetan (urteetan?) biziko duena. Kanala zuen eta dauka Panamak; Venezuelak, berriz, munduko petrolio eta gas erreserba handienetakoak. Handienak direla diote adituek: 303.000 milioi upel, munduko petrolio guztiaren %17.

Desberdintasunei begira, berriz, 1990ean ez zegoen sistema demokratikorik indarrean Panaman: Noriega, CIAko kolaboratzaile ohia bera, estatu kolpe baten ondotik iritsi zen agintaritzara, baina urte gutxian asko okertu ziren AEBekin zituen harremanak, eta Panamako Kanalaren kontrola kolokan ikusi zuen Washingtonek.

Venezuelan demokrazia errespetatzen den ala ez eztabaidagai da azken urteetan, batez ere, azken hauteskundeetan, Maduroren garaipenaren inguruan duda ugari sortu baitira. Baina chavismoak beti izan du bozen babesa, demokraziaren zigilua, nahiz eta herrialde askotan —Latinoamerikako herrialdeen subiranotasuna oztopo gisa jotzen dutenetan— zigilu hori ez duten ontzat jo.

noriega obit video superJumbo
Noriega, 1988an. BERRIA

Demokrazia al da arazoa?

Soilik ustezko demokraziarik ezak edota gobernuek herritarren aurka egiten duten jazarpenak jartzen al ditu martxan, Washingtonen edota Moskun, Venezuelan egin berri dutenaren neurriko operazio militarrak? Interes geoestrategikorik ez bada tartean, ez, oro har. Donald Trump, Etxe Zurira iritsi denetik, ahoan bilorik gabe aritu da Venezuelako petrolioari buruz —beste hainbat helbururen artean—, eta paparra aterata ohartarazi du petrolio erreserba horiek AEBetako multinazionalentzat nahi dituela.

Panamako Kanala ere beretzat nahi duela esan du, eta Txinaren esku luzea urrunegi iristen ari dela han; baina Panaman ez dago Maduro gisako ustezko diktadore zitalik. Badaezpada, ordea, Trump lasaitu nahian aritu da azken hilabeteetan Ozeano Atlantikoa eta Barea lotzen dituen kanala kudeatzen duen herrialdea, eta Jose Raul Mulino presidenteak esan du asteon «krisia iragana» dela jada.

Kanala eta petrolioa, Noriega eta Maduro, zenbait hari lot daitezke 36 urteren ondoren. Urtarrilaren 3a gustuko eguna izango zuen George H. W. Bushek seguruenik, eta baliteke Donald Trumpek ere gustukoa izatea aurrerantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.