Palestinako gatazka

Normalizazioa, «fantasia bat»

Gazako milizien eta Israelen erasoek erreakzionatzera behartu ditu Ekialde Hurbileko herrialdeak, eta agerian utzi dute gatazka bideratu gabe zaila dela Israel eskualdean integratzea.

Mohammed bin Salman Saudi Arabiako lehen ministroa eta Mahmud Abbas PANeko burua. B. ALJALOUD / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Palestinarren eskubideak aitortu gabe Ekialde Hurbilean bakea lortzea posible dela uste duena zoratuta dago». Hitzok esan zituen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian, iragan irailaren 21ean. Bi aste geroago, Gazako miliziek eraso egin zioten Israeli, eta hankaz gora jarri zuten Ekialde Hurbilerako zenbaiten joko taula politikoa. Ondorioetako bat izan da Saudi Arabiak geldiarazi egin dituela Israelekin harremanak normalizatzeko zituen negoziazioak. Hain justu, Tel Aviven eta Riaden arteko akordioa geroz eta hurbilago zegoen honetan, milizia palestinarrek erasora jo dute, eta horrek zaildu egin du Joe Biden AEBetako presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo ministroak eskualderako duten helburu nagusietako bat: estatu juduaren eta inguruko herrialde arabiarren arteko loturak estutzea, Palestinako auzia albo batera utzita.

AEBek halako itunak bultzatu dituzte azken urteetan, Donald Trumpen agintaldian (2017-2021). Abraham Akordioen aterkipean, Israelek harremanak normalizatu zituen Arabiar Emirerri Batuekin, Marokorekin, Bahrainekin eta Sudanekin. Saudi Arabiarekin gauza bera egitea litzateke lorpenik handiena.

Dana El-Kurd politologo palestinarrak azaldu duenez, Saudi Arabia normalizaziora erakartzeak badu balio erantsi bat, Ekialde Hurbilean «boterea proiektatzeko gai» baita. «Trukean, Saudi Arabiako agintariek onura handiak lortu nahi dituzte AEBen eskutik; segurtasun aliantza bat, esaterako». Prentsan filtratutakoaren arabera, erabilera zibilerako programa nuklear bat ere Riaden eskarien artean dago. Eta Netanyahuk garaipen garrantzitsua eskuratuko luke akordio horrekin, Washingtonen egoitza duen Ekialde Hurbileko Institutuko ikerlariaren esanetan. «Salduko luke arabiarrekin normalizazioa lortu duela, eta Palestinaren auzia ez dela gai garrantzitsu bat». Etxe Zuriak, berriz, Israel eskualdean indartzea du xede. «Normalizazioarekin gehien konprometituta daudenak dira AEBak».

Baina Saudi Arabian, gainerako herrialde arabiarretan bezala, Palestinako auzia ez da edozein gai herritarrentzat, hainbat inkestak adierazten dutenez. Iritzi Arabiarraren Indizeak iaz jaso zuen herritar arabiarren %76k arabiar guztien kausatzat daukatela.

Horretaz jakitun da Riad, eta normalizazioa baldintzatu izan du Israelek Palestinako estatu bat onartzearekin. Hala ere, Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordeko eta lehen ministroak orain hilabete adierazi zuen negoziazioak aurrera zihoazela. «Egun batetik bestera, geroz eta gertuago gaude [akordiotik]».

El-Kurdek ez du uste Riadek emaitza esanguratsurik lortuko duenik Palestinarentzat. «Saudi Arabiaren ahalmenetik askoz ere harago dago Palestinako auzia konponbidean jarriko luketen hobekuntzak lortzea. Politika zaharrak berriz agertzen ari dira: palestinarrei pizgarri ekonomikoak edo mugimendurako askatasun handiagoa eskaintzea, finean, gatazka baztertzeko. Horrek ez du funtzionatzen, eta ikusi dugu hala dela».

Autoritarismoen aliantza

Normalizazio akordioak bake akordio gisa aurkeztu diren arren, El-Kurden iritziz, hobe uler daitezke autoritarismoaren ikuspegitik. «Bake akordio hauek ez dute konpontzen gatazkarekin lotutako auzirik. Gatazken kudeaketa autoritarioak estatu indar hertsatzaileen bitartez ezartzen du bakea, eta uste du ikuspuntu egokiagoa dela normalizazio akordioak aztertzeko». Gatazka konpondu beharrean, akordioek «baldintzak sortzen dituzte eskualdean disidentzia eta erresistentzia kudeatzeko; izan demokrazia eskatzen duten arabiarrena ala estatu bat aldarrikatzen duten palestinarrena».

El-Kurdek abiapuntu horretatik aztertu du Ekialde Hurbileko agertoki politikoa, eta, ondorioztatu duenez, Israelekin normalizazio akordioak sinatu dituzten herrialdeetan indartu egin da autoritarismoa. Estatu horiek nabarmen handitu dituzte Israelen arma salmentak, baita herritarren kontrolerako teknologienak ere. Baina aldaketak ez dira horietara mugatu akordioak izenpetu dituzten estatu arabiarretan. «Ez dira estatu demokratikoak, baina, gutxienez, Palestinari buruz hitz egiteko espazio aske batzuk zeuden gizarte zibilean. Akordioen ostean, hori ere ezabatu dute».

Gisa horretako akordio batek eskualdera bakea ekarriko duela pentsatzea «fantasia bat» da, ikerlari palestinarraren esanetan. El-Kurdek uste du gatazkak nahitaez eragingo dituela kalteak inguruko herrialdeetan. Haserre mintzatu da nazioarteak erakutsi duen jarrerarekin. «Nazioarteak indarkeria masibo hau gerta daitekeen baldintzetara eraman gaitu. Ez da ezerezetik agertzen».

Azken erasoen ondoren, Riadek adierazi du eten egin dituela normalizaziorako negoziazioak. Berriz bideratu du diskurtsoa Palestinaren auziari konponbide bat emateko beharrera, eta Bake Ekimen Arabiarrean oinarritutako prozesu bat aldarrikatu du —estatu palestinar baten sorrera proposatzen du, 1967ko mugekin—.

Bidenen iritziz, ordea, normalizaziorako prozesua ez da hil. «Saudi Arabiak eta beste herrialde arabiar batzuek badakite beren segurtasuna indartu egingo dela Israelekin harremanak normalizatzen badituzte», adierazi zion iragan astelehenean CBSN kateari.

El-Kurdek ere uste du negoziazioek aurrera egingo dutela, nahiz eta, haren iritziz, aldeek badakiten bakea zailagoa bilakatuko dutela. «Halako normalizazio batek are okerragoak bihurtuko ditu azken egunetako indarkeriari bide eman dioten baldintzak. Baina normalizazioa bultzatzen ari diren estatuei hori ez zaie axola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.